EH 2.0: erronka bikoitza

Informazioaren jendartean bizi gara. Ezagutzaren eta berrikuntzaren jendartean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) berrien aroan. Egun, internet informazioaren eta ezagutza kolektiboaren paradisua da. Adimen banatuaren geografia birtuala. Eta bizi garen mundu globalizatuaren oinarria. Internetek eta IKT-k jendartearen jarduera ia guztiak aldatuko omen dituzte. Eta ari dira aldatzen. Eta hasi gara igartzen. Mundu globalizatuan bizitzera behartuak gaude. Interneten ez baita distantzia dimentsiorik existitzen. Interneten logika eta egiturak ez du geografia fisikoarekin bat egiten: ez dago zentrurik, ez ertzik, ez penintsularik, ez uharte abandonaturik.

Euskal Herriak, bere txikitasunetik, mundu globalizatu honetan parte hartu behar du. Geografia birtual horren zati izan behar du. Txikitasun horretan handi jokatuz, aske sentituz. Interneten euskarazko edukiak sortuz eta irakurriz: Interneten euskaraz biziz. Interneten guk nahi bezain handia izan daiteke Euskal Herria. Internetek eta teknologia berriek guk nahi dugun Euskal Herria sortzeko aukera eskaintzen digute. Aukera hor dago, sarean eta teknologia libreetan. Erronka hemen, Euskal Herrian: teknologien lokalizazioan eta herriaren internazionalizazioan.

eh2.0

Eta horixe izango dugu mintzagai datozen bi asteotan. Hemengo eta hango garapena: interneten eta teknologia berrien lokalizazioa eta Euskal Herriaren internazionalizazio teknologikoa. Irailaren 21ean eta 28an, hurrenez hurren, Euskal Herria 2.0 eztabaida-jardunaldiak ospatuko dira Artelekun, eskualdeko, Euskal Herriko eta atzerriko hizlariekin. Bertan teknologia berriek ematen dituzten aukerez hitz egingo dugu. Eta aukera horiek guztiak arrisku ez bihurtzeko ditugun erronkez. Berandu baino lehen Euskal Herriaren apustu teknologikoa definitu behar baitugu: eraiki dezagun Euskal Herria 2.0.

Iratxe Esnaola Arribillaga. Urola Kostako Hitza.


0 Iruzkin to “EH 2.0: erronka bikoitza”

  1. Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat utzi