Kontsultak
|
Galde-erantzunen datu basea
Izenburua: | Bilbo/Bilbao, Areatza/Arenala |
Galdera: | Zein da euskal hiri nagusiaren izena euskaraz: Bilbo ala Bilbao? Bestetik, jakin nahi nuke Bilboko San Nikolas elizaren ondoan dagoen pasealekuari zelan deitu behar zaion, "Arenala" ala "Areatza".
|
Erantzuna: | Biak euskarazko izenak dira: "Bilbo" eta "Bilbao". Hala ere, "Bilbao" ere euskal izena izan arren, Euskaltzaindiak erabaki zuen "Bilbo" dela gure hiri nagusiaren euskal izen ofiziala, eta horrelaxe eman zuen argitara bere Euskal Herriko Udalen Izendegia delakoan, 1979an. Euskaltzaindiak "Bilbo" erabaki izana zertan oinarritu zen jakiteko, ikus Euskera aldizkaria (1983-1 alea, 125.-129. or.).
Horiek horrela izanik ere, Bilboko Udalak, dirudienez, "Bilbao" erabiltzea erabaki zuen hiri horren izena euskaraz aditzera emateko ere (baina deklinatzerakoan "Bilbo" erabiltzekotan). Hauxe da, beraz, Bilboko Udalak eskubide osoz erabaki omen duena: "Bilbao, Bilboko, Bilbotik, Bilbora, Bilbon" eta abar erabiltzea euskaraz.
Bestetik, "Areatza" izena bildu zuten bai Azkuek eta bai Uribarrik, eta horixe da Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak hobetsi eta Bilboko Udalak ofizialki erabiltzen duen izena: "Areatza". Izen hori deklinatzean, "Areatzeko, Areatzetik, Areatzean..." formak sortzen dira, eta horixe da idazkera zuzena.
|
Data: | 2001/06/07
|
Erantzulea: | Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
|
|
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude. |
|
|