Djibuti

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Djibutiko Errepublika
جمهورية جيبوت
( Jumhūriyyah Djībūtī )
République de Djibouti
Djibutiko bandera
Bandera

Djibutiko armarria
Armarria

Goiburua: Unité, Égalité, Paix
( Batasuna, Berdintasuna, Bakea )
Nazio ereserkia:
Djibutiko Ereserki Nazionala
Djibuti: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Djibuti
11°36′N 43°10′E
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera, frantsesa
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Demokrazia
Ismail Omar Guelleh
Dileita Mohamed Dileita
Independentzia
Frantziatik

1977 ekainaren 27
Eremua
• Guztira
• Ura

23.000 km² (149.)
% 0,09%
Biztanleria
• Zenbatespena (2007)
• Errolda (2000)
• Dentsitatea

Herritarra

496.374 (160.)
460.700
34 biztanle/km² (168.)

Djibutiar
Dirua Libera (DJF)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez (UTC +3)
Interneteko domeinua .dj
Telefono aurrezenbakia +253


Djibuti[1] (arabieraz جيبوتي, Jībūtī, afarreraz Gabuutih, somalieraz: Jabuuti, frantsesez Djibouti) ofizialki Djibutiko Errepublika, Ekialdeko Afrikako estatua da, Afrikako Adarrean kokatua, Itsaso Gorriaren ertzean. Mugakide ditu Eritrea iparraldean, Etiopia mendebaldean eta Somalia hego-ekialdean. Itsaso Gorria zeharkatuz 20 kmra Yemen dago, Arabiar penintsulan. Hiriburua Djibuti da.

Djibouti herrialde somaliar, afar eta musulmana da; hori dela eta nazioarteko erakunde islamikoetan parte hartzen du. Arabiar Ligako, Afrikar Batasuneko eta IGADeko (Intergovernmental Authority on Development Ekialdeko Afrikako estatu batzuetako elkarte bat) kidea da. Azken honetako egoitza Djibutin dago.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Djibuti Afrikako ipar-ekialdean kokatuta dago, Adengo Golkoan eta Itsaso Gorriaren hegoaldeko sarreran. Djibutik kostaldeko 314 km du, Eritrearekin 113 km muga du, Etiopiarekin 337 km eta Somaliarekin 58 km (guztira 506 km). Kokapen estrategikoa du, munduko itsasontzi mugimendurik gehienetakoa duen Itsaso Gorrian eta Arabiako petrolio zelaietatik hurbil.

Lurraldearen gehiengoa basamortu harritsua da; estatuaren erdialdean dauden mendiek goi-ordoki bat eta kostaldeko lautada banatzen ditu. Punturik baxuena, Assal lakua (-155 m) Afrika osokoa ere bada eta munduko bigarren baxuena. Mendirik altuena Musa Ali (2.028 m) da; Djibuti, Eritrea eta Etiopiak bat egiten duten gunean dago, hiru estatu hauetan sakabanatuta bizi den afar herriaren lurraldearen barruan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso Gorriaren Indiako ozeanorako irteeran eta Arabiatik kilometro gutxitara, Djibutiren historiaren lehen datu ezagunek milaka urte atzera garamatzate: eskualdeko biztanleek Antzinako Egipto, India eta Txinako espezia eta lurrinak beren larruen truke eskuratzen zituzten. Somaliar eta afar herriak, Arabiarekin beti harreman estuak izan dituztenak, Islamaren eragina jaso zuten Afrikako lehenetakoak izan ziren[2].

Frantziaren mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1862an Tadjourahko golkoko iparraldea sultan batzuen menpean zegoen. 1883 eta 1887ren artean sinatutako itun batzuen bidez Frantziak inguru honen gaineko kontrola lortu zuen eta Territoire d'Obock ("Obockeko lurraldea") izena jarri zion[3][4]. 1894an Léonce Lagardek Djibuti hirian frantses administrazioa era iraunkor batean finkatzea lortu zuen eta urte berean hiri honek eta Obockeko lurraldeak bat egin ostean Côte française des Somalis ("Somaliarren kostalde frantsesa") izeneko kolonia eratu zuen. Nazioartean "Somalia Frantsesa" izendapenarekin ezagun egin zen eta 1967 arte iraun zuen. Urte horretan izen berria jarri zioten: Territoire français des Afars et des Issas ("Afar eta Issen[5] frantses lurraldea")[6].

Afrika osoan deskolonizatzen azkenetakoa izan da. 1958an, Somalia auzokidearen independentziaren aurreko denboran hain zuzen[7], erreferendum bat antolatu zen Frantziaren menpean segitu ala Somaliarekin bat egiteko. Frantziaren aldekoek irabazi zuten; alde batetik somaliarrekin ondo konpondu ezinean dabiltzan afar eta europar askoren botoengatik[8] eta bestetik hauteskunde-iruzurragatik: erreferendumaren egunaren aurretik frantsesek milaka somaliar kanporatu zituzten[9]. Independentzia 1977an baino ez zen heldu eta lurraldeko bi herrien arteko ezinikusia dela medio estatu berriak hiri nagusiaren izena hartu zuen. Hala ere, harrezkero Frantzia beti saiatu da bere eragin eta presentzia hain leku estrategikoan mantentzen. Lehen presidentea (1999 artekoa) Hassan Gouled Aptidon somaliar frantseszalea izan zen[10].

Independentziatik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldearen mugen artifizialtasunak azken urteetako historia markatu du; tokiko bi herrien arteko ika-mikak politika arlora pasatu dira eta afarren bazterketak eragin latza utzi du. Gouled Aptidonek (Frantziaren laguntzaz gobernatu zuen somaliarrak) 1981ean RPP (Rassemblement populaire pour le progrès) bere alderdia legala izaten bakarra izango zela erabaki zuen. 1991n issa talde somaliarrak kontrolatzen duen gobernua eta erreboltari afarren arteko gerra zibil bat hasi zen. Milaka iheslari afarrek Etiopiako Afar eskualdera joan behar izan zuten.

1992an, independentziatik 15 urtera, lehen hauteskunde alderdi-aniztunak antolatu ziren baina horietan ere batez ere afarren ordezkari eta gerra zibilean aritutako FRUD (Front pour la Restauration de l’Unité et de la Démocratie) alderdiak ezin izan zuen parte hartu. 1993ko maiatzan laugarren aldiz aukeratu zuten Gouled Aptidon presidente. Horren ostean armadak gerrilla afarrak kontrolatzen zuen lurraldea (estatuko hiru laurdenak) menpean hartzeko kanpaina burutu zuen.

1994ko abenduan gobernuak eta FRUD alderdiak su-eten akordioa sinatu zuten. Alderdia 1996an legalizatu bazuten ere, 1997an bere buruzagi nagusi gehienak atxilotu zituzten. Hassan Gouled Aptidonek 1997aan boterea Ismäel Omar Guellehri pasatu zizkion. 1999tik presidentea da. 2001eko maiatzaren 12an FRUD-gobernua beste akordio bat sinatu zen eta ofizialki gerra zibilari amaiera eman zitzaion baina afarren kontrako jazarpenak segitu du[11].

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Djibutiko eskualdeen mapa

Djibuti administratiboki 5 eskualdetan eta hiri batean zatituta dago. Horrez gain, 11 barrutitan zatituta dago.

Eskualdeak eta hiriak hauek dira:

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Djibutiko biztanleria 1961 eta 2003 artean (FAOren datuak, 2005, milakotan)

Biztanleria bi talde nagusitan banatzen da:

Hizkuntza ofizialak kolonialismoak ezarritako frantsesa eta erlijio zein merkataritza harremanen bitartez bultzatutako arabiera badira ere, tokikoak diren somaliera eta afarrera oso zabalduta daude.

Gaur egun biztanle gehienak hirietan, bereziki hiriburuan bizi dira; gainontzekoak artzaintzan ari dira eta haietako asko nomadak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-12-29 .
  2. A Country Study: Somalia AEBetako Kongresuko liburutegitik.
  3. Hugh Chisholm, The encyclopædia britannica: a dictionary of arts, sciences, literature and general information, 25 liburukia, 383. or.
  4. Obock gaur egun Djibutiko eskualde administratibo bateko hiriburua da.
  5. Issa somaliar talde bat da.
  6. Worldstatesmen.org.
  7. Somaliak independentzia 1960an lortu zuen.
  8. Barrington, Lowell, After Independence: Making and Protecting the Nation in Postcolonial and Postcommunist States, University of Michigan Press, 2006, 115. or.
  9. Kevin Shillington: Encyclopedia of African history, CRC Press, 2005, 360. or.
  10. Ik. Barrington, Lowell.
  11. Iturria:Djibutiweb.
  12. CIA the world factbook.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Djibuti Aldatu lotura Wikidatan