Berria.eus

Ekonomia Atzeraldi sakon baten arriskuaz ohartarazi du Medvedevek

Publizitatea

Ekonomia

Atzeraldi sakon baten arriskuaz ohartarazi du Medvedevek

 

2014-12-24 / J. F.

Zorrotz eta gordin berba egin zuen Errusiaren krisi ekonomikoaz atzo Dmitri Medvedev lehen ministroak. «Gure herrialdearen historia bi arotan bereiz daiteke: 2014a baino lehenagoko aroa eta 2014aren ondorengoa». Aurtengoa Errusiarentzat urte mugarria izan dela uste du Moskuko gobernuburuak, eta herrialdea «atzeraldi sakon batean» erortzeko arriskua ikusten duela nabarmendu zuen. Haren ustez, «hainbat herrialde» ari dira Errusiaren ekonomia zangotrabatzen.

«Geure buruari helburu apalegiak jartzen badizkiogu, atzeraldi sakonago batean erotzeko arriskua dago», Medvedeven esanetan. Horregatik, ekonomiaren hazkundean oinarritutako neurri politikoak hartu beharraz aritu zen. Aitortu zuen, halaber, Errusiako Gobernuak «zailtasun ugari» gainditu beharko dituela datozen hilabeteetan, eta ekonomian esku hartu beharko duela. Hala eta guztiz ere, gobernuak egoera «kontrolpean» duela baieztatu zuen lehen ministroak, eta %17ko interes tasak «egoerak ahalbidetu bezain laster» jaitsiko dituztela.

Atzeraldiaren tamainaz

2009an ere herrialdeak atzeraldi ekonomikoari aurre egitea lortu zuela adierazi zuen Medvedevek —hamar urtean lehen aldiz sartu zen atzeraldian Mosku orduan—. Aitortu zuen, ordea, oraingo egoera zailagoa dela: «Orduan mundu guztiarekin batera atera ginen, eta orain herrialde batzuk gure ekonomia oztopatzen ari dira». Kremlinek Mendebaldeko potentzien azpijokoa ikusten du bere krisi ekonomikoaren atzean.

Lehen ministroak baino tonu ezkorragoan deskribatu zuen atzo herrialdearen egoera Alexei Kudrin Errusiako Finantza ministro ohiak —Medvedevek berak kendu zuen kargutik duela hiru urte—. Haren iritziz, Errusia «erabateko krisi ekonomikoan» sartzen ari da jada. Petrolio upelaren prezioa 80 dolarretara igoko balitz ere Errusiako BPGa %2 jaitsiko litzatekeela azaldu zuen. Upela 60 dolar inguruan geratzen bada, ostera, BPGa %4 edo gehiago uzkurtuko litzatekeela ohartarazi zuen.

«Zer egin behar dute presidenteak eta gobernuak?». Berak egindako galderari erantzun zion Kudrinek: «Garrantzitsuena Errusiak bazkide ekonomikoekin harremanak normalizatzea da. Lehenik eta behin, Europa eta AEBekin, eta, gero, gainontzeko bazkideekin».
 

Publizitatea