Kiev

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kiev

Kiev
Kieveko irudiak
Kieveko bandera

Kieveko armarria

Estatua UkrainaUkraina
Oblasta Kiev
Herritarra kievtar[1]
Koordenatuak

50°27′00″N 30°31′24″E / 50.45000°N 30.52333°E / 50.45000; 30.52333Koordenatuak: 50°27′00″N 30°31′24″E / 50.45000°N 30.52333°E / 50.45000; 30.52333

Kiev non dagoen adierazten duen Ukrania-ko/-go/-eko mapa
Kiev
Eremua 839 km²
Garaiera 179[2] m
Posta kodea 01000—06999
Biztanleria 2.799.199 bizt. (2011[3])
Dentsitatea 3.336,35 bizt./km²
Sorrera V. mendea
Telefono aurrizkia 44
http://kievcity.gov.ua/


Kiev[1] (ukraineraz: Київ, Kyiv, ˈkɪjiw ahoskatua; errusieraz: Киев, Kiev) Ukrainako hiriburua eta udalerririk populatuena da. Herrialdeko ipar-erdialdean dago, Dnieper ibaiaren bazterrean. 2011ko urtarrilaren 1ean 2.799.199 biztanle zituen[3].

Kiev Ekialdeko Europako industria, zientzia, irakaskuntza eta kultura gune garrantzitsuenetako bat da. Goi teknologiako industria eta unibertsitateen egoitza da, eta ospe handiko monumentu historikoak daude. Azpiegiturak eta garraio publikoa, Kieveko metroa barne, ongi garaturik daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiev Ekialdeko Europako hiririk zaharrenetako bat da. Ziur asko, V. menderako merkatal gune garrantzitsua zen. Eskandinavia eta Konstantinoplaren arteko merkatal bidean kokaturik zegoen eta khazar herriaren menpekoa izan zen. 882an Oleg Novgorodekoa, printze baregoak hartu zuen. Olegen ondorengoek bertan ezarri zuten Kieveko Rusaren (Antzinako Errusiar Estatua) hiriburua. Erdi Aroan merkataritza eta kultura gune indartsua izan zen eta kristautasunaren kokaleku goiztiarra. Hiriak XI. mendean jo zuen goiena. XII. mendearen amaieran gainbehera hasi zen. 1240an mongolek suntsitu zuten eta XIV. mendera arte Urrezko Hordaren zergapekoa izan zen[4].

1362an Lituaniako Dukerri Handiak Kiev eta inguruko lurraldea bereganatu zituen. 1569an Poloniar-Lituaniar Batasuna eratu zenean, Kiev Poloniako koroaren menpean gelditu zen. 1632an Kieveko Akademia sortu zenetik, hiria Ukrainako ezaguera eta ikasketa gune nagusi bihurtu zen[4]. 1648an Bohdan Khmelnytsky buru zuten kosakoak Poloniaren aurka matxinatu ziren eta zenbait urtez Kiev ukrainar estatuaren hiriburua izan zen. 1654an, Ukrainako beste lurralde batzuekin batera, Errusiaren protektoratu bilakatu zen. Ondoren, lurralde hauek Errusiar Inperioaren parte izan ziren.

1918an, Errusiako Iraultzaren ostean, Kiev Ukrainako Herri Errepublikaren hiriburu bihurtu zen. Ondoko gerra zibilean (1918-20), Alemaniak, Armada Zuriak, Poloniak eta Armada Gorriak okupatu zuten, hurrenez hurren, hiria. 1934an Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistaren hiriburua Kharkivetik Kievera aldatu zen[4]. Bigarren Mundu Gerran Hirugarren Reicharen armadak 1941eko irailaren 19tik 1943ko azaroaren 6ra okupatu zuen. 1941eko Kieveko guduan alemaniarrek 650.000 sobietar soldadu harrapatu zituzten. Gehienak ez ziren bizirik itzuli[5]. Hiriko milaka biztanle sarraskituak izan ziren, tartean 50.000 judu. Gerra ostean, berreraikitze lanak ez ziren 1960 arte amaitu[4].

Sobiet Batasuna desegin zenean, 1991ko abuztuaren 24an Ukrainako parlamentuak herrialdearen Independentzia Adierazpena onartu zuen. Kiev da Ukraina independentearen hiriburua.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kievek klima kontinentala, uda epelekin dauka (Dfb Köppen klima sailkapenean[2]). Uztaila da hilabeterik beroena (batez besteko tenperatura 20,5 °C) eta urtarrila hotzena (batez besteko tenperatura -3,5 °C). 1898ko abuztuan erregistratu zen tenperaturarik beroena, 39,9 °C, eta 1929ko otsailan hotzena, -32,2 °C. Urtean pilatutako prezipitazioa 619 mmkoa da[6].

Datu klimatikoak (Kiev)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 11.1 17.3 22.4 30.2 33.6 35.0 39.4 39.9 33.8 29.5 23.2 14.7 39.9
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) -0.9 0 5.6 14.0 20.7 23.5 25.6 24.9 19.0 12.5 4.9 0 12.5
Batez besteko tenperatura (ºC) -3.5 -3 1.8 9.3 15.5 18.5 20.5 19.7 14.2 8.4 1.9 -2.3 8.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -31.1 -32.2 -24.9 -10.4 -2.4 2.4 5.8 3.3 -2.9 -17.8 -21.9 -30.0 -32.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -5.8 -5.7 -1.4 5.1 10.8 14.2 16.1 15.2 10.2 4.9 0 -4.6 4.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 36 39 36 46 57 82 72 61 58 40 48 44 619
Iturria: Kieveko balio klimatologikoak (Pagoda.ru.net)[6]


Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kieveko biztanleria[7][8]
1647 1763 1835 1856 1874 1897 1914 1917 1930 1940 1943 1956 1970 1985 2000 2009
15.000 42.000 36.500 56.000 127.500 247.700 626.300 430.500 578.000 930.000 180.000 991.000 1.632.000 2.461.000 2.615.300 2.765.500

Osaketa etnikoari dagokionez, 2001ean ukrainarrak %82,2 ziren, errusiarrak %13,1, juduak % 0,7, bielorrusiarrak % 0,6, poloniarrak % 0,3 eta armeniarrak % 0,2[9].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiev Ukrainako administrazio, kultura eta zientzia gune nagusia da. Ikastetxe, unibertsitate eta iker-zentru askok bertan dute egoitza, besteak beste, 1834an fundatutako Taras Shevtxenko Unibertsitate Nazionalak eta Ukrainako Zientzi Akademiak.

Industriari dagokionez, 350 enpresa handi inguru daude. Arlo garrantzitsuenak makinagintza, elikagaien prozesatzea eta kontsumo ondasunen produkzioa dira. Makinagintza-lantegiak, makineria konplexua eta doitasun tresneria ekoizten dutenak barne, garrantzi handikoak dira. Lantegi kimikoak eta argitalpen industria ere aipagarriak dira[10].

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Sofia katedrala.
  • Urrezko atea (ukraineraz:Золоті ворота, Zoloti vorota). Antzinako gotorlekuaren XI. mendeko sarrera.
  • Santa Sofia katedrala (ukraineraz: Собор Святої Софії, Sobor Sbiatoi Sofiyi). Eraikuntza lanak XI. mendean hasi ziren, Konstantinoplako Hagia Sofiarekin lehiatzeko helburuarekin. 1990ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen[11].
  • Kievo-Petxerska Lavra (ukraineraz: Києво-Печерська лавра, Kyevo-Pecherska lavra). 1051n fundatutako monasterio ortodoxoa. UNESCOk 1990ean Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
  • San Migel monasterioa (ukraineraz: Михайлівський золотоверхий монастир, Mykhailivsky zolotoverkhy monastyr). XI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zen. Sobietar garaian suntsitua eta Ukrainaren independentziaren ostean berreraikia izan zen.
  • San Andres eliza (ukraineraz: Андрiївська церква, Andriyivska tserkva). 1747 eta 1754 artean eraikitako eliza barrokoa.
  • Mariinsky jauregia (ukraineraz: Маріїнський палац, Mariyins'kyi palats). Ukrainako presidentearen egoitza ofiziala da.
  • Gerra Herrikoi Handiaren (1941-1945) Museo Nazionala (ukraineraz: Національний музей історії Великої Вітчизняної Війни 1941-1945 років, Natsionalni muzey istoriyi Velikoi Vitchyznianoi Viyni 1941–1945 rokiv). 1941 eta 1945 arteko Alemaniar-Sobietar Gerraren oroitzapenezko memoriala da.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriko futbol talde nagusia, Dinamo Kiev izenekoa, hala SESBeko garaian nola gaurko Ukrainan ekiporik hoberenen artean dugu. Beste bi talde, FC Arsenal Kyiv eta FC Obolon Kyiv, Ukrainako lehenbiziko mailan aritzen dira. Futbola alde batera utzita, goren mailako beste talde batzuk izotz hockeyko Sokil Kyiv (1963an fundatua) eta saskibaloiko BC Kyiv (1999an fundatua) dira.

Kieveko Olinpiar Estadioan 1980ko Udako Olinpiar Jokoetako futbol lehiaketako partida batzuk jokatu ziren. UEFA Euro 2012rako berregituratua izan zen[12].

Herritar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri eta hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. a b Kieveko klima Stadtklima.de
  3. a b Kieveko biztanleria Gorstat.kiev.ua
  4. a b c d Kiev The Columbia Electronic Encyclopedia. 2007, Columbia University Press
  5. Battle of Kiev 1941 – The Red Army in Ukraine http://smithjan.com
  6. a b   Kieveko balio klimatologikoak, http://pogoda.ru.net/climate/33345.htm. Noiz kontsultatua: 2012ko ekainak 5 .
  7. S. R. VILENCHUK; T.B. YATSUK, (eds.) (2009). Kyiv Statistical Yearbook for 2008. Kiev: Vydavnytstvo Konsultant LLC. p. 213. ISBN 978-966-8459-28-3
  8. A.V. KUDRITSKIY, (1982). KIEV entsiklopedicheskiy spravochnik. Kiev: Glavnaya redaktsia Ukrainskoy Sovetskoy Entsiklopedii. p. 30
  9. 2001eko erroldaren emaitzak: Kiev Ukrcensus.gov.uaNoiz kontsultatua: 2012-06-10
  10. Kiev Ukrainetrek.com
  11. Kiev: Saint-Sophia Cathedral and Related Monastic Buildings, Kiev-Pechersk Lavra Unesco.org
  12. Great history of NSC "olimpiyskiy" Nsc-olimpiyskiy.com.ua

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kiev Aldatu lotura Wikidatan