Lehen Mundu Gerra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lehen Mundu Gerra
WWImontage.jpg
Goitik hasita, erlojuko orratzen noranzkoan: lubakiak mendebaldeko frontean; Mark IV britainiar tankea, lubaki bat gurutzatzen; Royal Navyko HMS Irresistible korazatua, mina baten aurka talka egin ostean hondoratzen, Dardaneloetako Gudan; gasaren aurkako maskaradun talde bat, Vickers ametragailu batekin etsaiaren aurka su egiten; Albatros D.III alemaniar biplanoak.
Data 1914ko uztailaren 28a1918 azaroaren 18a (su etena)
Lekua Europa, Afrika eta Ekialde Hurbila
(denbora labur batez, Txina eta Ozeano Bareko uharteak)
Emaitza Aliatuen garaipena
Gudulariak
Erdialdeko Potentziak Lehen Mundu Gerrako Aliatuak
Buruzagiak
Flag of Austria-Hungary (1869-1918).svg Franz Ferdinand I.a,
Flag of Austria-Hungary (1869-1918).svgFranz Conrad von Hötzendorf,
Flag of the German Empire.svg Wilhem II.a,
Flag of the German Empire.svg Erich von Falkenhayn,
Flag of the German Empire.svg Paul von Hindenburg,
Flag of the German Empire.svg Reinhard Scheer,
Flag of the German Empire.svg Erich Ludendorff,
Ottoman flag.svg Mehmed V.a,
Ottoman flag.svg İsmail Enver,
Ottoman flag.svg Mustafa Kemal Atatürk,
Flag of Bulgaria.svg Ferdinand I.a
Flag of Russia.svg Nikolas II.a,
Flag of Russia.svg Alexéi Alexéievich Brusílov,
Flag of France.svg Philippe Pétain,
Flag of France.svg Georges Clemenceau,
Flag of France.svg Joseph Joffre,
Flag of France.svg Ferdinand Foch,
Flag of France.svg Robert Nivelle,
Flag of Poland.svg Józef Piłsudski
Flag of the United Kingdom.svg Herbert Henry Asquith,
Flag of the United Kingdom.svg Douglas Haig,
Flag of the United Kingdom.svg John Jellicoe,
Flag of Italy (1861-1946).svg Vittorio Emanuele III.a,
Flag of Italy (1861-1946).svg Luigi Cadorna,
Flag of Italy (1861-1946).svg Armando Diaz,
US flag 48 stars.svg Woodrow Wilson,
US flag 48 stars.svg John J. Pershing
Indarrak
Flag of Austria-Hungary (1869-1918).svg Austria-Hungariako Inperioa,
Flag of Bulgaria.svg Bulgaria(1915tik aurrera),
Flag of the German Empire.svg Alemaniar Inperioa,
Ottoman flag.svg Otomandar Inperioa(1915tik aurrera)
Flag of France.svg Frantzia,
Flag of Belgium.svg Belgika,
Flag of the United Kingdom.svg Britainia Handia,
Canadian Red Ensign 1868-1921.svg Kanada,
Flag of Imperial India.svg India Britainiarra,
Flag of New Zealand.svg Zeelanda Berria,
Red Ensign of South Africa 1910-1912.svg Hegoafrikako Batasuna,
Flag of Australia.svg Australia,
Dominion of Newfoundland Red Ensign.svg Ternua,
Flag of Italy (1861-1946) crowned.svg Italia (1915etik aurrera),
Flag of Russia.svgErrusiar Inperioa(1917 urtera arte),
US flag 48 stars.svg AEB(1917tik aurrera),
State Flag of Serbia (1882-1918).svg Serbia,
Montenegroko Erresuma
Flag of Japan.svg Japoniar Inperioa,
Flag of Romania.svg Errumaniako Erresuma,
Flag of Greece (1822-1978).svg Grezia,
Flag of Portugal.svg Portugal
Galerak
Gudariak
Hilak: 4.386.000
Zaurituak: 8.388.000
Desagertuak: 3.629.000
Gudariak
Hilak: 5.520.000
Zaurituak: 12.831.000
Desagertuak: 4.121.000

Lehen Mundu Gerra 1914ko abuztuaren 4an hasi zen eta 1918ko azaroaren 11n amaitu zen gerra izan zen, batik bat Europan garatu zena, munduko beste eskualde zenbaitetara hedatu bazen ere. Gatazka hau potentzia inperialisten arteko lehiarengatik sortu zen Europan.

Bere garaian, historiako gatazka odoltsuena izan zen. Hori dela eta, Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen, Gerra Handia, Gerren Gerra, Gerra Guztien Ama edo Gerra Guztiak amaituko zituen Gerra deitu zitzaion.

Euskal Herriari ere sekulako hondamendia eragin zion: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez.[1]

Herrialde ugari aritu ziren borrokan, baina nagusiak hauek izan ziren:

Gerraren leherrarazlea: Sarajevoko atentatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franz Ferdinand printzea erail ostean, Gavrilo Princip serbobosniar ikaslea atxilotu zuten unea.

Gerra piztu zuen gertakaria 1914ko ekainaren 28an izan zen, Sarajevon: Gavrilo Princip serbobosniar ikasle gazte nazionalistak Austria-Hungariako Inperioaren tronurako Frantzisko Josef I.a Austriakoaren oinordekoa zen Franz Ferdinand printzea eta haren emaztea erail zituen. Gavrilo Princip Bosnia Gaztea (bosnieraz: Mlada Bosna; alfabeto zirilikoan: Млада Босна) taldeko kidea zen, eta Bosniaren eta Serbiaren arteko batasuna bilatzen zuen Esku Beltza (serbieraz: Црна рука, Crna ruka) erakunde nazionalistaren sustenguarekin aritu zen[2].

Austria-Hungariako Inperioak, Alemaniar Inperioaren laguntzaz, serbiar lurraldean behar ziren ikerketak burutzea exijitu zuen, Esku Beltza talde paneslaviarrak lurralde horretako zerbitzu sekretuekin loturak zituelako ustetan. Ekainaren 28an Austria-Hungariako Inperioak ultimatuma eman zion Serbiari, baina Serbiak ez zituen baldintza guztiak onartu. Austria-Hungariar erasoak aurreko urteetatik antolatuta zeuden aliantzen sistemaren xedapen guztiak aktibatu zituen. Izan ere, gatazkak nazioarteko neurria har zezan, herrialdeen arteko aliantzak, Entente Hirukoitza eta Aliantza Hirukoitza esate baterako, erabakigarriak izan ziren. Gainera 1890 eta 1914 bitartean europar herrialdeek beren aurrekontuak nabarmen handitu zituzten Bake Armatua izenaz ezaguna zen armagintza lehian nagusitasuna bilatu nahian.

Britaniarren bitartekaritza-saioa, gerrarik ez gertatzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta gerra giroa egon Europa osoan, herrialde batzuetako diplomaziak, ahalegindu zen gerra eztanda egin ez zezan. Britaniar Handiaren adibidea adierazgarria bada ere, ez zen saiakera bakarra izan.

"Alemaniako enbaxadoreak jakinarazi dit Alemaniako gobernuak onartzen duela lau potentziek Austriaren eta Errusiaren arteko bitartekaritza egitea. (...). Gainer, San Petersburgon dudan eragina baliatzeko eskatu dit, gerra mugatzeko eta Europan bakeari eusteko.

Erantzun diot Serbiaren erantzuna, Austriaren eskakitzunak onartzeko, espero zitekeena baino areago doala. Alemaniako estatu-idazkariak berak esan du Austriaren oharrean Serbiak ziur asko onartuko ez lituzkeen gauzak zeudela. Esan nion uste nuela Serbiaren erantzuna ez litzatekeela hain urrun iritsiko, Errusiak ez balu Belgradon bere eragina baliatu, adiskidetzea lortzeko, eta adierazi nion Vienan behar zela bitartekaritza bultzatzeko eragina. Austriak helburu bat zuen Serbiaren erantzuna baztertzeko: kosta ahala kosta zapaldu nahi zuen Serbia, horrek ekar litzakeen ondorioak kontuan izan gabe (...) inoiz izan den gerrarik handiena izango litzateke (...)."

Sir Edward Greyren (Foreing Office-eko estatu-idazkaria) jakinarazpena, Sir E. Goscheni (Erresuma Batuaren Berlingo enbaxadorea) zuzendua, 1914ko uztailak 27

1914: Sugar nazionalista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da Europan beste gerrarik izan, biztanleriaren aldetik, 1914ko abuztu hartan bezalako berotasunez hasi denik (erdi mailako klase politizatuei dagokienez behintzat).

Gerra deklaraturik, jendetza sutsuen aurrean desfilatzen zuten borondatezko gazteez bete ziren hiriak. Batzuentzat, mundu burgesaren ohiko bizimodu gatzgabetik ihes egiteko aukera izan zen hura. Sentimendu garbiak, heroismoa eta bizimodu emozioz betea iragartzen zituen gerrak.

Beste zenbaitentzat berriz, gizarteen materialismoa sakrifizioz ordaintzeko modua zen.

1914ko Europako herrialdeak eta aliantzak adierazten dituen mapa: morez, Erdialdeko Inperioak; grisez, Aliatuak; eta horiz, herrialde neutralak.

Baina segur aski lehen egunetan gehien zabaldu zen sentimendua abertzaletasuna izan zen, orobat jende gehiena mobilizatu zuena. Hain izan zen nabarmena, non Londresen dachshund zakurrak (jatorriz alemaniarrak) harrika ibili baitzituen jendeak, eta alemaniarren dendak txiki-txiki egin zituzten Parisen. Jendeak, saltoka, God save the King kantatzen zuen Buckingham jauregiaren aurrean, eta gogo beroz erantzuten zioten Gilen II.a Kaiserraren “nazio leialtasun”erako deiari. Frantses gazteak la revanche-n haziak ziren, denen irakurgai zela, adibidez, Bi haur Frantziara bueltan, “probintzia galduak” (Alsazia eta Lorrena) gogoratuz. Alemaniar gazteek, Goethek bere Memoriak liburuan agertzen zuen frantsesen kontrako erromantizismoaren oinordeko, eslaviar barbaroek eta britainiar merkantilismoak arriskuan jarritako zibilizazio goi mailako baten zaindaritzat zeukaten beren burua. Bitartean, Errusian paneslavismoa errotu zen, aldi berean poloniarren eta teutoien mehatxua sumatzen zela. Zenbait herritako sozialistak Stuttgarten (1907) eta Basilean (1912) bildu ziren gerraren eta bakearen inguruko auziez jarduteko, bainaez zuten lortu bakezko estrategia bateratu batera iristerik. Laboristek britainiar gobernuaren alde egin zuten; gerraren hasieran eratu zen “Batasun Sakratu”ko gobernuan egon ziren frantsesak, eta alemaniar sozialdemokratek tsarren despotismoaren kontrako borrokatzat hartu zuten gerra. Errusiar boltxebikeen talde txiki bat bakarrik atera zen “inhibizio iraultzailearen” alde.

Abertzaletasuna izan zen gerrak hasieran behar izan zuen sentimendua, armadak soldaduz hornitzeko. Lehen berotasun hark, ordea, behera egin zuen 1914an zehar, hilak milaka izan baitziren (300.000 frantses aurreneko hilabeteetan), eta desagertu egin zen 1915 eta 1916an.

Teknologia militar berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914ko abuztuan, Alemaniak bere estrategia militar modernoa jarri zuen abian (Schlieffen plangintza, 1898an egina), puntuotan oinarritzen zena: oste handiak burdinbidez mugitzea, arma berriak, artilleria astuna ugari erabiltzea, telegrafia bidezko komunikazioa, ingeniari eta zulatzaileen oste laguntzaileen babesa, eta, batez ere, estatu nagusi baten plangintza. Alemanen aurrez aurre, Frantziak ere armada masiboa (soldaduzkan oinarritua) eta modernoa erabili zuen, baina teknokratikoagoa, eta ofizialen mailetan zurrunagoa, eta estrategia (Jofre plangintza) eta taktika zaharrak (karga masiboan sinestea) gordetzen zituena.

Aliatuen tankeak, Lehen Mundu Gerran.
Estatubatuar kanoi-bateria baten tiroak, 1918an.
"Eddie" Rickenbacker estatubatuarra eta hegazkinlari aliatuen bonbardaketa, alemaniar lerroen gain.

Marneko guduak ordea argi erakutsi zuen gerra hura ez zutela estrategek aurreikusi (Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila, Mantxuriako Gerra edota Boerren Gerrak gorabehera): suaren indarrak (errepikapeneko remington fusila, Maxim metrailadorea, tiro lasterreko kanoia), bebes hesiek (lubakiak eta hesi arantzadunak), eta borrokalari multzo handiek oso eraginkorra egiten zuten babeseko gerra. Erasoaren frantses dotrinak nahiz alemaniar infanteriaren karga masiboek hilkintza izugarriak baino ez zituzten eragin. Bestalde, asmakari berriek ezabatu egin zuten zalditeria. Kanpainako kanoiek, metrailadoreek, denek ere gudu zelaira joandako gudarosteek, hornigaiak behar zituzten; munizio gastuak eta hornigaien beharra espero zitekeena baino askoz ere handiagoak izan ziren. Gudarosteak harrapatuta geratu ziren zelaietan, eta indarrak orekatuak.

Hala, mendabaleko lubakien gerra etorri zen: bizimodu aspergarria, lohia, hotza, zikinkeria, eta su etengabea. Kanpaina handien eta erasoko gerraren ordez, fronteak zeuden orain, eta haietan, oste handiak (650 km, Mantxako itsasartearen eta Suitzaren artean). Garraio autonomo baten garapen eskasak (ezinezkoa burdinbidearekin eta oso motela animaliekin, eta, hortaz, leherketa motorreko ibilgailuen bidez bakarrik lor zitekeen) mugatu egin zituen hornigaien banaketa eta erasoko gerra.

Gauzak horrela, antzinako eskuzko granada eta morteroa berreskuratu ziren, gas pozoitsuak (1915) eta nolabaiteko tankeak (1916) hasi ziren erabiltzen, eta, poltsa handiak bakartuz, gudarosteak arerioaren babesguneak inguratzen saiatzen ziren (eta hori izugarri nekeza zen zalditeria hutsarekin).

Aldaketak atzegoardian hasi ziren traktorrak eta kamioiak erantsiz, zaldi, mando eta burdinbideei (Britainia Handiak, gerra hasi zenean, ehun kamioi zeuzkan; bukatzean, baziren 60.000); elikagaiak biltegietan gordetzeaz eta kontserbatzeaz arduratu ziren, eta fronteko ospitaleak eta kanpainakoak sortu ziren, eri eramaileen konpainiak, botikak sistemaz ematen hasi ziren, eta abar.

Era berean, ez zuten asmatu itsasoko armadaren indar izugarria erabiltzen ere (minak, torpedoak, destruktoreak, itsaspekoak, dreadnought korazatuak), gerra aurreko armamentu karreran garrantzi handikoak izan ziren arren. Jutlandiako gudua erabakiorra izan zen (1916), eta horretan argi erakutsi zuen britainiar Errege Armadak itsasoan zuen nagusitasuna. Alemaniaren gerrako itsas armada ez zen ia portuetatik atera ere egin. 1917an bakarrik erabili zituen Alemaniak bere itsaspekoak, merkataritza gerran hainbat naziotako ontzi merkatariak urperatuz.

Aireko gerrak (zeppelinak eta hegazkin ahulak) ez zuen garrantzi handirik izan.

Guztizko gerra eta ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez ziren aurreikusi gerrako estrategia berriak, ezta egin behar izan zen ahalegin izugarria ere, ekonomiari nahiz giza bizitzei zegokienez. Europa osoak parte hartu zuen gerra hartan (eskandinaviar herriek, Espainia, Herbehereak eta Suitzak izan ezik). Ameriketako hamaika herri iritsi ziren esku hartzera (batzuk formalki). Beste hainbeste egin zuten Afrikako eta Asiako koloniek ere, Turkiari Ekialde Hurbilean eraso egiten zioten artean. Abuztuan hamabi milioi gizon ere mobilizatu ziren (60 milioi gerra osoan zehar), eta 1914ko udazkenean bakarrik kontinenteko urte bateko diru sarrerak inbertitu ziren borrokaldian. Eta hori guztia emaitza errealik batere gabe. Guduetako giza kostua ankerra eta zentzugabea zen, eta diru ahalegina berriz lekuz kanpokoa gertatzen zen baita herri aberatsenetan ere.

Alemaniako Krupp arma fabrika, Lehen Mundu Gerran.

Halakorik ez zen ezertxo ere aurreikusi gerra aurretik. Britainia Handiaren lehen asmoa, gerra hasi zenean, negozioak betiko moduan egiten jarraitzea izan zen; horixezen aurreko gerretako esperientzia. Alemaniak ere, gerrako ekonomiarako prestatuago zegoen arren, ez zuen plangintza ekonomikorik aurreikusi gerrako beharrei erantzuteko (uztailaren bukaeran oraindik ere zekale kopuru handiak esportatzen ziren, gerrako zalditeriak laster beharko zituenak).

Baina halako mobilizazio zabalak berehala hautsi zituen nazioarteko merkataritzaren loturak; soldadugaien beharrak enpresak langile gabe uzten zituen; gerra bete-betean zela, burdin gordinaren ekoizpena murriztu egin zen Alemania, Suitza, Britainia Handia eta Frantzian; Erresuma Batuak ezin zituen galtzen ziren adina itsasontzi berregin; eta leku guztietan ikaragarri urritu zen elikagaien ekoizpena, eta aldi berean, ezinezkoa zen haiek inportatzea.

Frontetik zetorren material eskaera, bestalde, ikaragarria zen. 1914an frantses bateriek gehieneko ahalmenaz tiratu izan balute munizioa, hamairu minututan gastatuko ziren eskura zeuzkaten hornigai guztiak.

Munizioz hornitu behar ziren fusil berriak, metrailadoreak eta tiro lasterreko kanoiak, osteak elikatu behar ziren, arropez eta zapatez hornitu, tresneria eta hesiak egiteko materiala behar zuten (Britainia Handiaren aurreikuspenen arabera, 250.000 lur zaku beharko zituen hilean; 1915ean sei milioi eskatzen zituen), burdin hesiak, errekinak, botikak, etab. Azken finean, nazioetako ekonomiak berriz antolatzea eskatzen zuen gerrak.

Gobernuek atzerriko maileguetara (AEBak izan ziren onuradun nagusiak), eta zorrak eta altxor bonoak igortzera jo zuten.

No Holidays («Oporrik ez») goiburuarekin, Erresuma Batuko Armagintza suspertzearen eta langileen oporrak murriztearen aldeko iragarkia. Bi alemaniar gudari irudikatzen dira, britainiarren bonbardaketa ezin jasanik, eta batak besteari esaten dio: «Fritz! Fritz! Armagintzako britainiar langile hauek ez al diate inoiz oporrik hartzen?».

Laster hasi ziren atzerriko dibisak eta inbertsioak menderatzen. Alde horretatik, mugarria izan zen 1915. urtea; gobernuek zuzenean esku hartu zuten ekonomietan guztizko gerra egin ahal izateko, jarduera guztiek behar zuten gerraren eskakizunen mende egon.

Alemaniak hartu zuen horretan aurrea (agian, militarrek herri barreneko auzietan zuten ahalmenagatik, ahalmen hori hazi baino ez baitzen egin: 1914az gero, Paul von Hindenburg eta Erich Ludendorff jeneralek markatzen zituzten gobernuaren nondik norakoak).

Jadanik 1914an, Lehengaien Saila sortu zuen Walter Rathenau industria gizonaren gidaritzapean. Alemaniako meategi eta industria guztiak militarizatu zituzten: hark erabakitako plangintzaren arabera, kontratu bereziak egin ziren Estatuarekin, eta ekoizpen prezioak eta mailak finkatu.

Era berean, elikagaien eta jantzien prezioak ere finkatu ziren, eta arrazionamenduak hasi ziren (ogiarena, 1915eko urtarrilean).

1916ko neguan Nazio Zerbitzuko legea aldarrikatu zen, industria eta gerrarako soldadugaiak mugagabe hartzea proposatzen zuena, eta enpresako istiluetan nahitaezkoarbitrajeak jartzen zituena. Pixkana-pixkana, Austriako ekonomia beretzen joan zen, eta era horretan gauzatu egin zen hain beldurgarria zen Mitteleuropa-ko eskualde ekonomikoa (Danubioa zabalik geratu zen, eta normalizatuak Alemania eta Turkiaren arteko joan-etorriak).

Britainia Handiarentzat zailagoak izan ziren gauzak. Lehenengo urratsa soldadugaiak lehen aldiz 1916an nahitaez biltzean egin zuen. Laster nazionalizatu zituen, aldi baterako, burdinbideak, merkataritzako ontzidia eta ikatz meategiak. Munizio lantegi asko jarri zen abian urte horretan (emakumezkoek lan egiten zutela), eta gehiagora egin zuten, harik eta 1918an 218 izan ziren arte. Horrez gainera, ekonomia sail asko antolatu zituen Armamentu Ministerioak (1915eko maiatzean sortu zen ministerio hori). 1918an anoa mugatu zen, irin industria nazionalizatu zen eta bost milioi hektarea erosi ziren gerrarako produzitzen jartzeko.

Gainerako herrialdeek beste hainbeste egin zuten, baina nahiko atzeraturik. 1917tik aurrera, Parisko 1916ko ekonomia konferentzietan blokeoa estutu ondoren, aliatuek plangintzarako bulegoak zabaldu zituzten altzairu, gasolina eta lehengaientzat. Aliatuen arteko Batzordea, Gerrako Kontseilu Gorena eta Itsas Garraioko Kontseilua sortu ziren. AEBak gerran sartu izanak asko lagundu zuen batzorde horiek antolatzen.

Hein handi batean, gerra hura guztizko gerra izan zen (hurrengo erabateko gerraren aurrekari), eta nazio ekonomia planifikatuak erabakiorrak izan ziren borrokaldiaren azken emaitzan.

Horrek guztiak, oro har, herri guztietako inmunitate zibilak murriztu, eta garai hartako europar gizartearen militarizazio joera indartu zuen (gobernuetatik gizarte zibilera).

Operazio militarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu gerrak lau urte baino gehiago iraun zuen; zuzenean borrokan jardun zuten herriek 186.000 milioi dolar gastatu zuten, eta 150.000 milioi behar izan ziren suntsiketek eragindako kalteak ordaintzeko. 37 milioi soldadu hil ziren guduetan; zibilak, gerrak nolabait eraginda, ia hamar milioi. Hori izan zen Versallesko Itunaren funtsa (1919) funtsa, baina hala lortu zen bakea (ez Alemania ezeztea, ez haren nahiak asetzea) egonkortasunik gabea izan zen, 1939an frogatu zen bezala.Abuztuaren 2an bertan, Schlieffen plangintza jarri zuen Alemaniak abian (1892an Estatu Nagusiko buruzagi zenak antolatua, 1905ean onetsia eta Helmuth von Moltkek 1911n aldatua).

Plangintza haren asmoa zen, Belgika hartu ondoren, Frantzia azkar eta osorik garaitzea, atzegoardian beste fronte bat zabalduko zuen mugimendu laster eta inguratzaile baten bidez. Bitartean, alemaniar armadako VIII. gorputzak eta Austriako oste guztiek errusiarren mobilizazioari eutsiko zioten ekialdean. Parisko ateetarainoko aurreramendu bizkorrak (Marne ibaia) eta ekialdean sortu ziren zailtasunek (Prusia ekialdeakoaren ebakuazioa eta Tannenbergeraino atzera egin beharra; abuztuak 12-20), Alemaniari sinetsarazi zioten mendebalean abantaila erabakiorra izango zuela; ekialdean, berriz, agerikoa zen laguntza beharra.

Tannenebergo guduan atzemandako errusiar gerra-presoak.

Hindenburg aleman jeneralak erabat garaitu zituen errusiarrak Tannenbergo guduan (abuztuak 26-29). Baina mendebalean, aliatuek, Josseph Joffre buru zutela, Marneko garaipen erabakiorra lortu zuten (irailak 6-8). Alemaniarrek ere lortu zuten frantsesen kontraerasoei aurre egitea Alsazia eta Lorrena aldean (abuztuak 14-19), errusiarrek Lembergen garaitu zituzten austriarrak (irailak 8-12) eta Galitzia eta Bukovinan barneratu ziren. Schlieffen plangintzak huts egin zuelarik, bai mugimenduen moteltasunagatik, bai kalkulu okerrengatik, alemaniarrak bestelako estrategiarik gabe geratu ziren. Bi armadak itsasorako lehiaketaren bidez Mantxako itsasarteko portuak menderatu nahian eta Flandriako ertzetatik gaina elkarri hartu nahian (azaroa eta abendua) aritu ondoren, frontea, azkenik, mendebalean finkaturik gelditu zen. Gudarosteak lubakietan geratu ziren, 650 kilometrotan zehar, Iparraldeko itsasotik Suitzako mugaraino. Estratega ausartenek antolatutako mugimendu gerraren amaiera zen.

Mugimenduak motelegiak ziren, eta eskasa hornidura. Errekuntzako motorrekiko ibilgailuak ezinbestekoak ziren (tankeak, gurdi blindatuak, motorrak, autoak, kamioiak),estrategia berria, Bigarren Mundu Gerrako tximist-gerra, alegia, eraginkorra izan zedin.

Beste fronteetan ez zen halako mugimendurik izan. Austriarrek hiru bider eraso zioten Serbiari, baina serbiarrek atzera eragin zieten hiru aldietan. Turkiarrak, bestalde, urriaren 29an sartu ziren gerran, alemaniarren aldean, Itsaso Beltzeko errusiar portuak itsasontzietatik bonbardatuz. Abenduan hasi zuten otomandarrek Kaukasoko alderdi errusiarreko inbasioa, indar handirik gabe ordea.

Gerra etena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1915eko urtarriletik aurrera, mendebaleko fronteko gudarosteek beren posizioak finkatu zituzten hesi arantzadun, lubaki, lur zaku, metrailadore eta artilleriazko sare nahasi baten atzealdean, lohia noranahi zabaldurik, gerrako beste osagai bat bihurtuta.

Mugimenduzko gerraren ondoren, desgasteko gerra etorri zen. Egoera horretan, askoz ere errazagoa zen babesa erasoa baino.

Leku hesitu batean posizioari eustea, metrailadoreak eta kanoi lasterrak ematen zuten indarrarekin, askoz ere errazagoa zen arerioaren armapean eta lohiez eta burdin hesiz inguraturik aurrera egitea baino. Era horretan, infanteriaren erasoen ondorioz hiltzen zirenen kopurua kontaezina izaten zen (alferrekoa zen zalditeria, eta 1917 arte ez ziren ibilgailu blindatuak erabiltzen hasi), eta lur eremurik, berriz, ez zen ia irabazten (eremurik baldin bazegoen). Babeseko osteak berehala ordezkatzen zituzten burdinbidez, eta erasokoak berriz askoz nekezago mugitzen ziren ibili ezinezko lurretan.

Frantziako 87. gudarosteko gudariak, 34. kotako lubaki batean, Verdungo guduan.

Gauzak horrela, 1915an aliatuek eraso asko egin zuten, Artois, Champagne, Neuve Chapelle eta Loosen. Denek huts egin zuten. Aliatuak, 1916an, lerroak hausten saiatu ziren, Somme ibaiaren eskualdean eraso masiboak eginez. Baina alemaniarrek lehenago hasia zuten Verdungo gudua (otsailaren 21a). Gudu izugarri gogor baten ondoren, Douaumont, Vaux eta Thiaumonteko gotorlekuak hartu zituzten, baina ez Philippe Pétain jeneralak defenditzen zuen Verdungo gotorlekua.

Azkenik, uztailaren 1ean, eraso masibo bat egin zuten Sommen. Azaroa arte iraun zuen.

Hartan, britainiarrek aurreneko aldiz erabili zituzten gudu gurdiak, nahiko kaskarrak (irailaren 15a). Frantsesak Douaumont eta Vaux konkistatu zituzten berriz (azaroaren 2a), eta otsaileko egoerara etorri ziren atzera.

600.000 lagun hil ziren bando bakoitzean, eta hala ere ez zen frontea haustea lortu. Mendebalean ezinezkoa zen mugimenduzko gerra hura, ekialdean, ordea, egingarria zen, arma eta borrokalari dentsitatea txikiagoa baitzen, eta zenbaitetan oso modu eraginkorrez gainera. Errusiarrek ekialdeko fronteko erasoa hartu zuten beren gain. Errusiar armadako lau gorputzek aurrera egin zuten etengabe Galitzian barna, Karpatoetan zehar Hungarian barneratzeko modua aurkitu zuten arte, 1915eko martxoaren erdialdean (austriar-alemaniar gudaroste bateratu batek gerarazi zituen Karpatoetan).

Maiatzean, oste zentralek eraso handi bati ekin zioten Polonian, errusiar lerroak Dvina ibaiaren atzealdera eramanez (1915eko irailean). Inperio Zentralek ez zuten operazio erabakigarririk egin ekialdeko frontean, baina Errusia hain zegoen akitua, non une horretatik aurrera ezin izan baitzuen eraso garrantzitsurik egin. 1916an Vilnaren ipar-ekialdean egin zuten erasoak huts egin zuen.

Irailean bakarrik lortu zuten alemaniarrei atzera eragitea, 65 bat kilometroz fronte osoan. Une horretan sartu zen Errumania gerran, aliatuen aldean (1916ko abuztuaren 27a). Transilvaniara eraman zituen osteak (abuztua eta iraila), baina egotzi egin zituzten, Inperio Zentralek eta Bulgariak inbaditu zuten Errumania (azaroa eta abendua), eta era horretan petrolio erreserba garantzitsuak lortu zituzten.

Serbiar fronteak aldaketarik gabe iraun zuen 1915eko urria arte: orduan, Salonikan lehorreratu ziren oste aliatuak. Bulgaria gatazkan sartzea eragotzi nahi zen. Baina Bulgaria Serbian sartu zen 1915eko urriaren 14an, eta oste aliatuak kanporatu zituen. Serbiarrek atzera egin zuten,Montenegro, Albania eta Korfura; aliatuek Salonikara jo zuten (ondoren izan ziren beste erasoaldi batzuk neutralizatu egin zituzten).

Dardanelo itsasartean, britainiar, australiar eta zeelanda berritar itsas armadak bi bider lortu zuen Gallipoliko penintsulan lehorreratzea. Alabaina, bietan huts egin zuten (1915eko apirila-1916ko urtarrila), eta Gallipoliko gudua sekulako galerak izan zituzten.

Bitartean, Mesopotamian sartu ziren Indiako britainiar osteak. Bagdad aldera zihoazela, turkiarrek gerarazi zituzten (1915eko azaroa). Era berean, eraso egin zieten 1916an Palestina eta Arabiako eremuei.

Arabian, turkiarrek aurre egin behar izan zioten Mekako jerifearen matxinadari (1916ko ekaina). Britainiarren laguntzarekin, errege izendatu zuten jerifea (abendua).

Arabiar matxinada ez zen eten (T. E. Lawrence edo Lawrence Arabiakoa, zela buruzagi ingelesa), eta ingelesek, arabiarren laguntzarekin, aurrera egin zuten Sinai eta Palestina aldera; arabiarrek, Aqabako turkiar hiria (eta portua) hartu ondoren (1917ko uztaila), sarritan eraso zioten turkiar burdinbideari turkiarren mugimenduak ostopatzeko. Italiak gerra deklaratu zion Austria-Hungariari (1915eko maiatzak 23a), baina huts egin zuen Trieste konkistatzeko helburuaz Isonzo ibaian egin zituen erasoaldietan.

1916aren bukaera aldean, alemaniarrak harrapatuta zeuden hainbeste beldurtzen zituen bi frontetan; aldi berean ordea, aliatuek ez zuten lortzen fronteak aurrera eraman eta alemaniarrak erabat inguratzea.

Bakerako saioak eta bitartekaritza, 1916[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1916ko negua oso gogorra izan zen: frontea geldirik eta gainezka eginda zegoen, handiak ziren zibilen sofrimenduak. Gero eta sarriagoak ziren istiluak eta grebak.

Izan ziren bake saioak (Lugano eta Zimmerwald), baina ez alde batek ez besteak ez zuten ahaleginak egiteko erabakimenik.

1916aren bukaera aldean, Alemaniaren bi ekimen izan zirela-eta (itsaspeko gerraren amaiera, eta aliatuek atzera bota zuten ohar ilun bat), Woodrow Wilson AEBetako lehendakariak bake negoziatu baterako harremanak hastea erabaki zuen. Britainia Handiak ezezkoa eman zion eskaintzari: Inperio Zentralek konkistatu berria zuten Errumania, eta Alemaniaren anexio eskaerek kanpora uzten zuten halamoduzko bake bat. Azkenean, berriz ere bete-betean hasi zen itsaspeko gerra, Zimmermann telegrama aurkituta, eta AEBak aliatuekin lotzen zituzten era guztietako interesak zirela-eta, Wilsonen ahalegina AEBak (ordu arte neutral) gerran sartzearekin amaitu zen, 1917ko apirilaren 6ko guduan.

Estatu Batuak gerran sartzen dira, Errusia erretiratzen da[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuak gerran sartzea izan zen 1916-1917ko neguko borrokaldiaren ondorio nagusia. Era berean, funtsezkoa izan zen martxoko Errusiako Iraultza (martxoaren 15a), tsarra aginpidetik eraitsi zuena eta aliatuak ekialdeko frontean egoera larrian utzi zituena.

Gobernu gero eta indartsuagoek egiten zuten gerra. Alemanian, aginpide zibil ororen gainetik, diktadura isila ezarri zuten militarrek. Austrian ez zen deialdirik egiten legebiltzarra biltzeko. Ingalaterrak eta Frantziak bi gizon indartsu zituzten buru, LloydGeorge eta Clemenceau, aginpide handikoak biak. Apirilean greba handiak izan ziren Berlinen eta Leipzigen baldintzarik gabeko bakearen eske. Hura zen alemaniar sozialistek ematen zioten erantzuna Errusiako Iraultzari. Maiatzean, frantsesek ere arazo larriak izan zituzten: 1917an bi erasoaldi handi egin zituzten aliatuek mendebaldean.

Northumberland britainiar konpainiako gudariak, Sommeko guduan, 1916ko irailean.

Frantsesak Arrastik Hindeburg lerrora iritsi ziren, eta gudu latzak izan ziren Aisnen eta Champagneko eskualdean (apirilak 9-maiatzak 21). Aurrerakada oso txikia izan zen, baina 270.000 frantses soldadu hil ziren. Haserreak eta etsipenak matxinadak eragin zituzten 112 dibisioetatik 68tan.

Robert Georges Nivelle jenerala Pétainek ordezkatu zuen (maiatzaren 15a). Bigarren erasoaldi handia britainiar Espedizio Osteak egin zuen, Flandrian, emaitza argirik gabe hura ere. Azpimarratzekoa da Cambraiko gudua (azaroa-abendua); hartan britainiarrek 400 tankerekin eraso zuten. Hura izan zen borroka gurdiak eskala handian erabili ziren lehenengo aldia historia militarraren, ez zen hartatik, ordea, etekinik atera.

Hala ere, gertaera berri batek goitik behera aldatu zuen egoera. Azaroan boltxebikeek aginpidea hartu zuten Errusian, eta beren aldetik Brest-Litovsk-en alemaniarrekin bakea izenpetu zuten (abendua). Alemaniarrek, azkenean, mendebaldeko frontera bil zitzaketen ahalegin guztiak, ahuldurik eta matxinaturik zeuden oste batzuen kontra (frantsesak eta ingelesak). Militar alemaniarrek garaipena lor zezaketela uste izan zuten (Estrategiari buruzko Konferentzia, azaroaren 17a), baldin eta Estatu Batuen Espedizio Osteari esku hartzeko aukera eman baino lehen ekiten bazuten (Frantzian ari ziren jada entrenatzen). 1918ko martxoaren 21ean, erasoaldi gogor bat egin zuen Alemaniak belgikarren lerro guztian, arrakastaz hasieran. Baina uztailaren 15ean, aliatuen indarrek, Ferdinand Foch jeneralak koordinaturik, Marnen gerarazi zuten erasoaldia.

Abuztuaren 8an estatubatuarrek Sommen arrakastaz borrokatu ziren. Egun horretatik aurrera, aliatuak etengabe eraso zioten Hindeburg lerroari, hautsi zuten arte (1918ko irailaren 27-30). Gudu hark erabakiko zuen gerra.

Alemaniar gudariak, 1916an, atzemandako britainiar tanke bat ikuskatzen.

Bestalde, britainiarrek Mesopotamian Bagdad hartu zuten (1917ko martxoa).

Arabiar osteekin elkartu ondoren, Libano eta Siria hartu zuten (1917ko urria). Frantses itsas armadak bestalde Beirut hartu zuen, eta gobernu otomandarrak armistizio bat eskatu zuen (urriaren 30ean izenpetua).

Era berean, Inperio Zentralek atzera egin zuten Balkanetan 1918an zehar. 700.000 soldadu aliatu inguruk osaturiko oste batek, frantsesak, britainiarrak, grekoak, serbiarrak eta italiarrak tartean zirela, Mazedonian eskala handiko erasoaldi bat abiarazi zuen.

Hilabete bukaerarako, bulgariarrek,erabat garaiturik, izenpetua zuten armistizio bat. Errumania berriz ere gerran sartu zen, aliatuekin batera. Serbiarrek eta errumaniarrek azaroaren 1ean Belgrado hartu zuten.

Zenbait erasoaldiren ondoren, italiarrek Trieste eta Fiume hartu zuten (egungo Rijeka), azaroaren 3an eta 5ean hurrenez hurren. Garaiturik, matxinada iraultzaileak izan ziren Austriar-Hungariar Inperioan (batez ere barne nazionalismoek bultzatuak: txekiarrak, hegoaldeko eslabiarrak, hungariarrak).

1918ko azaroaren 3an Austria-Hungariak armistizioa izenpetu zuen.

Gerraren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuan, alemaniar militarrek uste zuten irabazia zutela gerra; irailean, Marneko bigarren borrokaldiaren ondoren eta garaiturik bere aliatuak, armistizioa komenigarriagoa zela erabaki zuten. Irailaren 27an, Reichsweheren buru zen Ludendorff jeneralak zibilen gobernu bat osatzea, armistizioa izenpetzeko gauza izango zena, proposatu zion Koroaren Kontseiluari (Kaiserrak, haren esanetara, urriaren 3an izendatu zuen). Urriaren 12an Woodrow Wilsonn 14 puntuak onartu ziren. Hilabete horretan, alemaniar ontzidia Kielen matxinatu zen. Azaroaren 7an Munich hirian Sobieta aldarrikatu zen; handik egun gutxira, Kaiserrak Berlinen bertan abdikatu zuen. Sozialistak (Friedrich Elbert) arduratu ziren gobernuaz, zapaldu zuten matxinada, eta azaroaren 11rako gai ziren aliatuekin armistizioa izenpetzeko.

Jeneralak garaitu gabeak zetozen frontetik bueltan (alemaniar armada ez zen lur jota geratu gudu lerroetan, beste armadei gertatu zitzaien bezala); aldi berean, zibilek izenpetu behar izan zuten porrota, eta administratu ondoren. Horrek oso ondorio larriak izan zituen, Alemanian nahiz Europa osoan.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« "Adiskide bitxia," esan nion, "Hemen ez zegok negar egitea merezi diken kausa bat bera ere."
"Bat bera ere ez", esan zuen besteak, "Salba ditzagun suntsitutako urteak."
 »
- Wilfred Owen, Topaketa bitxia, 1918[3]

XX. mendea, Europan, Gerra Handiarekin jaio zen; aldi berean, potentzia berri bat, Ameriketako Estatu Batuak, sartu zen munduko politikan, gerraren ondorioz hura ere.Izugarriak izan ziren gerrak Europako demografia eta ekonomian izan zituen lehen ondorioak. 60 milioi europar mobilizatu ziren; hilak 10 milioi izan ziren, eta 30 milioi zaurituak (horietatik 7 betiko geratu ziren elbarriturik). Alemaniak eta Errusiak 2 milioi soldadu inguru galdu zuten (lehenak, biztanle aktiboen %15), Frantziak milioi t'erdi (biztanle aktiboen %10,5), Austria-Hungariak eta Britainia Handiak milioi bat inguru (hurrenez hurren, biztanle aktiboen %17 eta %5). Hil kopuru izugarri horiek alargun eta umezurtz saldoak utzi zituzten, bizimodua ikaragarri zaila zutenak.

Lehen Mundu Gerraren amaieraren iragartzea, 1918ko azaroaren 11n, AEBetako Philadelphia hirian.

Horrez gainera, zibilen artean ere modu beldurgarrian zabaldu zen hilkortasuna, elikadura gabeziaren, osasun baldintza txarren eta gripe izurri latz baten ondorioz. Jaiotza tasa kolpetik jaitsi zen, eta haurren hilkortasunak nabarmen egin zuen gora. Horrek guztiak adin handiko biztanleen ugaltzea ekarri zuen, eta emakumeen proportzioak ere gora egin zuen (emakume asko lanik gabe geratu zen, gerrako ekonomiarekin sartu baitziren lan merkatuan).

Soro, azienda, eraikin, burdinbide, zubi, errepide, itsasontzi, fabrika, meategi edotamakineriaren suntsiketa izugarria izan zen, batez ere erasoaldiak izan ziren lekuetan (Belgika-Frantziako iparraldea eta Austria- Italia muga). Frantzian bakarrik 300.000 eraikin suntsitu ziren, eta beste 500.000 mila erdizka hondatu ziren; baliogabeturik geratu ziren burdinbideko 5.000 kilometro; soroetan eta meategietan izan ziren galeren ondorioz, nekazaritzaren ekoizpen guztizkoaren %20 galdu zen, ikatzaren %70 eta altzairuaren %65. Harritzekoa bada ere, Alemanian ez zen hainbesteko suntsiketarik izan. Izan ere, armistizioa izenpetu zenean, fronteek oraindik gurutzatu gabeak zeuzkaten Alemaniaren mugak.

Gerraren kostua, guztira, benetan lazgarria izan zen: XVIII. mendetik gerra hasi zen arteko mundu guztiko zorra sei aldiz biderkatua.

Ondorio ekonomiko eta sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrak mundu osoko ekonomia kaltetu eta aldarazi zuen; Europako herrien arteko finantza eta merkataritza mugimendua erabat eten zituen. Estatu Batuek, baina baita Japoniak ere, ordu arte Britainia Handiak, Frantziak eta Alemaniak beren esku zeuzkaten merkatuak beretu zituzten. Herrialde txikiago batzuk gerran neutral izan ziren (Herbehereak, Espainia, Suitza, Norvegia, Suedia, Argentina, Uruguai, etab.) eta herri industrializatu handien ekoizpenaren beheraldiaz baliatu ziren inportazioak aldatu eta beren industriaren berriztatzea bultzatzeko.


Nekazaritza, bestalde, munduko periferia osoan hazi zen urteotan, Europako inportazioen eraginez. Finantzen alorrean, Londresek eta Parisek galdu egin zuten munduko nagusitasuna, eta New Yorkek eta Genevak hartu zuten.

Gerra ondoko ekonomia ere hausturaren eraginpean geratu zen. Europako erdialdeko mugen apurtzearekin (batez ere Austria-Hungariaren kasuan), eta ipini ziren ordainketak zirela-eta, lur jota geratu ziren ekonomiak. Alemaniak nazioarteko inbertsio guztiak galdu zituen, eta merkataritzako ontzidiaren %90; ekoizpena, oro har, %15 murriztu zitzaion, eta indemnizazioak ordaintzekohori erabili behar izan zuen. Austria-Hungariaren lurretan une latzak izan ziren. Austrian laborantzaren ekoizpenaren %53 galdu zen, eta goseak hiltzen zen jendea.

Komunikabide guztiak, inperio bakar batentzat pentsatu zirenak, etenda zeuden orain, debekatuak zeuzkaten ohiko hornikuntza merkatuak eta lekuak. Hungaria, lur eremu asko galdu baitzuen, Austriaren antzera zebilen orain. Gauzak horrela, zaila zen lehengo salerosketa bideak berregitea, eta are zailagoa urre patroia utzi zenean, munduko merkataritzan funtsezkoa baitzen. Hala, herri askotako diruak behera egin zuen, balio galera oso desberdinekin. Hortaz, merkataritzaren mekanismo naturalak hautsita, Europako herri guztiak, gizarte antolamendua eta azpiegiturak suntsituta, gero eta handiagoa zen langabeziari erantzun beharrez, denak zeuden zor ikaragarrien mende (Estatu Batuen mesedetan gehienetan).

Egoera horretan, inflazioa lehertu egin zen. Britainia Handiko 1920ko prezioek hirukoiztu egin zituzten 1913koak (bider 3,5); Frantzian bost aldiz biderkatu ziren, eta 15 aldiz Alemanian. Baina egoera oraindik okerragoa zen Europako erdialdean eta ekialdean: garai horretan, Austrian, inflazioarekin, prezioak 14.000 aldiz biderkatu ziren 1913an, 23.000 aldiz Hungarian, 2,5 milioi aldiz Polonian eta 4 bilioi aldiz Errusian.

1916-1917 bitartean alemaniar erietxe batean zeuden gudari zaurituak.

Egoera hark ezin zuen iraun, eta Errusian gai trukea hasi zen berriz erabiltzen.

Egoera hartan, Estatu Batuetako bankuek deflazioaren aldeko politika oso murriztaile bati ekin zioten 1920 inguruan. Inflazioa menderatu zen, baina ekonomiak asko murriztearen truke, eta, hala, 1923 arte ez zen berreskuratu 1913ko maila.

Inflazioak eta zorrak (eta horiei Alemania, Austria, Hungaria eta Bulgariak ordaindu beharreko indemnizazioak erantsi behar zaizkie), ondorio bera izan zuten herrialde guztietan: langabeziaren, soldaten, errenten eta aurrezteko gaitasunaren beherakada.

Alemanian, Hungarian, Italian, eta baita Frantzian eta Britainia Handian ere, izan ziren iraultza saioez gainera (ikus XXXI.. aia), langileen arazoak-eta, 1919 eta 1922 artean, lehendik ezagutzen ez ziren mailetara iritsi ziren Europan eta Estatu Batuetan.

Hain larriak izan ziren Estatu Batuetan altzairuaren sektoreko grebak (1919-1920), non «izu gorria» deitu zena areagotu baitzuten.

Gero eta lanegun gehiago galdu zen.

Frantzian 980.000 lanegun galdu ziren, laneko istiluengatik, 1918an; 1919an 15,5 milioi izan ziren, eta 23 milioi 1920an. Beste herrialdeetan ere antzera gertatu zen: hala adibidez, Italian, hurrenez hurren, 912.000, 22,3 milioi, eta 30,5 milioi lanegun galdu ziren. Antzera gertatu ziren gauzak Holanda, Belgika, Espainia, Norvegia eta Suedian. Irudi0

Politika berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918ko azaroaren 11an Armistizioa sinatu zen tren-bagoia eta sinatzaileak.

Ez zen gauza erraza egoera berriari aurre egitea. Bestalde, gerra garaian bultzatu ziren ekimen ekonomiko batzuk aplikatu ziren gerra ondoan ere.

Gerra ahaleginak eta gerra beteak ekonomia nazionalak erabat horretara jartzea eskatzen zuten (armak eta munizioa, fronterako hornigaiak eta eraikuntza materialak egiteko): biztanle asko eta asko soldadu eraman eta ikaragarrizko gastuak sortu ziren (eta horretarako zorretara jo beharra zegoen bereziki). Eta gerra zen ahalegin guztien xedea. Ekonomiak arautuz eta planifikatuz baino ezin zen hori egin, eta estatuaren interbentzionismoaren bidez. Alemaniak jarri zuen abian nazionalizazioen, ekonomia arautuaren eta interbentzionismoaren politika.

Politika hori gerra amaitu zenean baztertu zuten (sektore guztiak desnazionalizatu ziren), baina, hala ere, usadio berriak ere ekarri zituen, eta horrek, hain larria izanik ekonomien egoera eta egonkortasunik gabea gizartea, politika ekonomiko berri bat egituratu zuen. Hainbesteraino, non estatuaren ideia bera ere aldatu baitzen: batetik, estatuak ekonomian zuen eginkizuna indartu zuelako, eta, bestetik, gizartearen beharkizun larrienei erantzun behar izan zielako. Estatuak lehen baino indar handiagoa zuen, baina aldi berean biztanleen bizimoduaren erantzule ere bazen, eta orobat lanaren eta gutxieneko gizarte laguntzarena.

Gerra hasi aurrean jada ikusten zen estatu sozialaren aldeko joerarik, eta joera hori sendotu egin zen (estatu horixe izango zen bigarren gerra ondoan sortuko zen ongizatearen estatuaren aurrekari), estatuak ekonomian esku hartu baitzuen, eta bazelako planifikazio maila bat. Sobietar Batasuneko bost urteko plangintza erraldoiak gehiago dira gerra garaian ikasitako praktika berrien ondorengo, han ofiziala zen dotrina marxistarenak baino. John Maynard Keynes britainiarrak sistematizatu zuen ekonomia joera berria, bere Enpleguari, interesari eta diruari buruzko teoria orokorra liburuan (1936).

Munduaren antolamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko Konferentzian egin zen agian Europako muga zuzenketa handiena izan zena.

Konferentzia hori 1919ko urtarrilaren 18an egin zen, eta haren ondoren, ekainaren 28an, Versaillesko Ituna izenpetu zen. Parisko Konferentzian Estatu Batuen, Britainia Handiaren, Frantziaren, Italiaren eta beste 23 herrialdeen ordezkariek parte hartu zuten (Alemania, errejimen errepublikanoa hartu baitzuen inperioa desegin zenean, elkarrizketatik kanpora utzi zuten). Eztabaiden abiapuntua EstatuBatuetako lehendakari Woodrow Wilsonen Hamalau Puntuak edo ildo nagusiak izan ziren; asmo onek baino ondo zehaztugabeek osatzen zuten zerrenda bat zen, aliatuen itxaropenekin ados ez zetorrena. Inperio Zentralek armistizioaren oinarritzat onartuak zituzten Wilsonen baldintzak. Alabaina, potentzia aliatu gehienak gerrako indemnizazioak lortzera joan ziren batez ere Parisera, eta, aldez aurretik egindako akordioen arabera (Londreseko Ituna, Sykes-Picoteko Akordioak, Balfourren Adierazpena eta abar), nazio garaituen eremu eta jabetzak banatzera. Bermeak nahi zituzten, Frantziak batez ere, Alemania neutralizatzeko. Boltxebikeen iraultzak (1917) berekin zekartzan segurtasun arazoak eta iraultza kutsatzearen beldurrak ere baldintzatu zuen Konferentziaren nondik norakoa.

Azken horren ondorio gisa, Polonia, Txekoslovakia eta Jugoslaviaren eraketa bultzatu zen, iraultzaren hedatzea eragotziko zuten estatu «tapoi» modura.

Europako antolamendu berria, Lehen mundu Gerra ostean, 1923.

Poloniako estatua Posen eta Mendebaldeko Prusiako alemaniar probintzietako eremu handietan eta ekialdeko Bielorrusian kokatu zen; eremu txiki batzuk, Marienwerder adibidez, plebiszito baten ondoren, Alemanian geratu ziren, eta Danzig «hiri libre» izendatu zuten (Poloniak, horrez gainera, Austriar Inperioan zeuden Galitzia, Silesia Garaiaren parte bat eta Teschengo dukerria beretu zituen). Txekiarrek zuzenean eskatu zieten potentzia handiei Txekoslovakia finka zezatela (Sudeteetatik Erruteniaraino). Aldi berean, hegoaldeko paneslavismoaren adierazle izan zen Jugoslavia (potentzien babesarekin).

Alsazia-Lorrena Frantziari itzuli zitzaizkion, eta Sarreko eskualdea hamabost urtez geratu zen Nazioen Elkarteko batzorde baten administrazioaren pean. Belgikak Eupen Malmedy eta Moresneteko barruti txikiak hartu zituen Luxenburgoko eremu batzuei uko egitearen truke. Plebiszito baten ondoren (1920), Danimarkari Schleswig-Holsteingo iparraldea eman zitzaion.

Itsaso Baltikoan berriz lau estatu berri antolatu ziren: Finlandia, Estonia, Letonia eta Lituania.

Errumaniak Transilvania, Banato eta Bukovina (Austriar Inperioaren) eta Besarabia (Errusiar Inperioaren) irabazi zituen. Bulgaria galtzailea Egeo itsasora irterik gabe geratu zen. Italiak ordea, ahaleginak ahalegin, ez zuen lortu Fiume eta Dalmazia osoa kontrolatzerik.

1920: Turkia, Sèvresko itunaren ondoren.

Otomandar Inperioa desegin zen (Turkia baino ez): Hiyaz eta Yemen askatuta, Irak eta Palestina britainar kontrolpean, Siria eta Libano frantses kontrolpean geratu ziren. Armeniak lurralde zabala lortu zuen baina beste gerra ondoren galduta. Gauza bera gertatu zen Greziarekin; Europako Turkia ia osoa eta Esmirnako lurraldea bereganatu zuen Sèvres itunean, baina gero galdu zituen Turkia berriaren aurrean.

Alemaniak, bere aldetik, kolonia guztiak galdu zituen, eta frantsesen eta ingelesen esku geratu ziren gehienak (Togo, Kamerun, Tanganika); Belgikarako Ruanda eta Burundi, Hegoafrikarako gaurko Namibia; Ozeaniako koloniak Australia, Zelanda Berria eta Japoniarako ziren.

Ameriketako Estatu Batuak ez ziren banaketan partaide.

Alemaniak nahitaezko soldadutza ezabatu behar izan zuen, armada 100.000 gizonera murriztu, Rhin ibaiaren ezkerraldeko lur guztiak desmilitarizatu, gerrako materiala ekoizteari ia erabat utzi, itsas armada ur azaleko 36 itsasontzitara mugatu, eta abiazio militarra debekatu zitzaion. Horrez gainera, oso indemnizazio handia eman behar izan zuen gerrako ordaintzat (eta, horregatik, dirutan oraindu beharreko indemnizazioez gainera, itsasontziak, tren osagaiak, eta baliabide natural baliotsuak eman behar izan zituen). Gobernuak uko egin zion zergak igotzeari, eta, hala, 1932ko Lausanako Konferentzia arte ez ziren zehaztu indemnizazioen ordainketaren nolakoa eta zenbatekoa. Alemaniak, halaber, onartu zuen Gilen II.a Alemaniakoa antzinako kaiserra nazioarteko epaimahahi batek epai zezan, nazioarteko moraltasunaren kontrako delitu handiena egin izanagatik, baina epaiketa hori ez zen inoiz egin. Itunaren baldintzek, ekialdeko lurren galerak batez ere, kritika gogorrak sorrarazi zituzten Alemanian, non diktat modura definitu zen.

Bake Konferentzian AEBetako Wilson lehendakariak bere plangintza negoziazioetan osorik onar zezaten ahalegindu zen, baina, azkenean, hasierako asmoa bertan behera utzi, eta Nazioen Elkartea osatzeko aliatuen babesa lortzen ahalegindu zen. Azkenean, Estatu Batuek ez zuten Ituna ofizialki onetsi, baina 1921eko uztailaren 2an beren aldetik eta Alemaniarekin itun berezi bat izenpetu zuten, Berlingo Ituna.

Ondorioak Ipar Euskal Herrian: Frantsestu eta gizonez hustu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hastearen albistea, Eskualduna astekariaren 1914ko abuztuaren 7ko zenbakian.
Sakontzeko, irakurri: «Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian»

Euskal Herriari ere sekulako hondamendia eragin zion Lehen Mundu Gerrak: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez. Soldadu joan behar izan zuten euskal herritarretatik, 6.000 hil ziren.[1]

Gainera, ipar euskalerritarrak frantsestu zituen: Frantziaren propaganda mezuak barreneraino sartu ziren Ipar Euskal Herrian, eta hildakoak ohoratzen zituzten, «aberriaren alde» hil zirelakoan. Frantziako herri gehienetan —eta Ipar Euskal Herriko gehienetan ere— jarri zituzten «combattants morts pour la patrie» (aberriaren alde hildako gudariak) zioten plakak, gerran hil ziren herritarren zerrendarekin. Eta, 1918an gerra hura bukatu zenez geroztik, urtero-urtero ekitaldia egiten da hildakoen monumentuen aurrean, Frantziako bandera, himno, armadaren desfile eta guzti.[4]

Lehen Mundu Gerran hil ziren mauletarren omenezko oroitarria (Maule, Zuberoa, Euskal Herria).

Hubert Peres historialariak hildakoen monumentuak eta ospakizunak aztertu ditu, hainbat ikerlan, liburu eta artikulutan. Haren ustez, gerran hildakoak omentzeaz harago, hildako horien izenak harri berean eta herriz herri jartzeak kolektibotasun bat ematen die hil horiei. Helburu komun baten alde hil zirela azpimarratzen dute, hots, Frantziaren alde hil zirela. Urrats kualitatiboa izan zen hori, Frantzia «batzeko». Lehen Mundu Gerrak bihurgune handia markatu zuen Frantziaren historian, «frantses nazioa eraikitzeko» bidean, Peio Etxeberri-Aintxart historialariaren arabera. 18 eta 45 urte arteko gizon guztiak gerrara deituak izan ziren, eta Ipar Euskal Herriko herriak eta baserriak laneko on ziren gizonez hustu ziren. Armak hartu zituzten, eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugara igorri zituzten, lubakietan borrokatzera.[4]

Baina ez zen frantses armada edo Frantziako Gobernuaren ordezkaritza mezu hori zabaltzen zuen bakarra. Ipar Euskal Herriko euskaldunak, apaizak eta apaizen ingurukoak, etengabe ari ziren, euskara hutsez, Frantzia goraipatzen, eta «herriaren alde» hil zirenak omentzen. Eskualduna astekariak modu horretan idazten zituen gerran hildakoen berriak. Lubakietatik berriak igortzen zituzten euskaldunen artikuluak ere argitaratzen zituen Eskualdunak. Gerraren gogortasuna ez zuten aise erakusten, zentsura zela bitarteko. Aldiz, gerrarako motibazioa, alemanak hiltzeko gogoa eta Frantziaren goraipatzea nabari gelditzen ziren. Ipar Euskal Herriko baserrietan bakarrik gelditu ziren emazteen lekukotasunak ere agertzen ziren batzuetan. Laborantza gizonen laguntzarik gabe sufritzen zutenen sakrifizioa ere goraipatzen zuen, eta «Frantziaren alde alargun izateko prest» ziren emazteak txalotzen.[4]

Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta korsikarrek ere.[4]

Geroztik, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[4] Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren zutabeetan.[1]

Galerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerrako partaidetza eta galerak
  Gerrara deituak Hildakoak Zaurituak Gerra-presoak
Herrialde Aliatuak guztira 48.201.467 5.380.115 12.830.704 3.984.116
Errusia 18.100.000 1.800.000 4.950.000 2.500.000
Frantzia 7.891.000 1.735.800 4.266.000 537.000
Erresuma Batua 8.904.467 908.371 2.090.212 191.652
Italia 561.200 578.000 947.000 600.000
Estatu Batuak 4.263.000 114.000 234.000 4.526
Japonia 800.000 300 907 3
Errumania 1.000.000 250.706 120.000 80.000
Serbia 750.000 278.000 133.148 15.958
Belgika 365.000 38.716 44.686 34.659
Grezia 353.000 26.000 1.000
Portugal 100.000 7.000 13.751 12.318
Montenegro 50.000 3.000 10.000 7.000
Erdialdeko Potentziak guztira 25.598.000 4.025.200 8.388.448 3.629.829
Alemania 13.200.000 2.033.700 4.216.058 1.152.800
Austria-Hungariar Inperioa 9.000.000 1.100.000 3.620.000 2.200.000
Otomandar Inperioa 2.998.000 804.000 400.000 25.000
Bulgaria 400.000 87500 152390 27.029
2 blokeak orotara 73.799.467 9.405.315 21.219.152 7.613.945
Iturriak: J. Winter, The Great War and the British People, Londres, Macmillan, 1985, chap.3.

Oharra: Gerran parte hartu zuten herrialde gehienetan desagertutako gudariak hildakoen kopuruaren barnean sartuak daude,
halere gerra-preso gisa zenbatuak egotea ere baliteke, adibidez Errusiaren kasuan estatistikak hainabt kategoriarekiko aldaera ezberdinak izan baizituzten.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Euskaraz) Iñaki EGAÑA: «Mort pour la patrie», Berria, 2011-11-06.
  2. Robin S. DOAK (2009): Assassination at Sarajevo: The Spark That Started World War I Capstone. Books.google.es
  3. Wilfred Owen: poems, (Faber and Faber, 2004)
  4. a b c d e Eneko BIDEGAIN: «Euskaldunak frantsestu zituen gerla», Berria, 2008-11-11.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Lehen Mundu Gerra