Ozeano Artikoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artiar Ozeanoa

Ozeano Artikoa Lurreko bost ozeanoetatik txikiena da. Iparburuan du erdigunea.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

14.090.000 kilometro koadro ditu. Iparraldeko lurburu inguruko eskualde osoa hartzen du. Iparburua ozeanoaren erditsuan aurkitzen da. Errusia, Kanada, Groenlandia, Islandia, Norvegia eta Estatu Batuak (Alaska) ditu inguruan. Ozeanoaren kanpoaldean badira zenbait uharte, baina erdian ez dago batere; erdian igeri dagoen izotz masa erraldoia da, hain zuzen ere, Ozeano Artikoa.

Izotz masa poliki-poliki mugitzen da erlojuaren orratzen norabidean; hamar urte behar ditu itzuli osoa egiteko lurburuaren inguruan. Berez, ezin konta ahala izotz uharte erraldoi dira, etengabe elkar jotzen eta igurzten. Itsasoa agerian uzten duten tarte txiki asko ere badira.

Herrialderik gertuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima izugarri hotza da. Batez besteko tenperatura, haren uretan, -2 °C da. Izotz masak eguzki argia itsas azpira iristea eragozten du, eta fotosintesia –ezinbestekoa landareak hazteko– galarazten. Izotz geruzaren azpian, beraz, ez da fitoplankton pixka bat besterik hazten, eta hori izanik ozeanoko elikagai bakarra, bertan bizi den arrain kopurua oso txikia da.

Landaredia eta animaliak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, Ozeano Artikoak beste ozeanoek baino hamar aldiz landare eta animalia gutxiago du. Nolabait esateko, ur izoztuzko basamortu moduko bat da. Ertzetan, baina, Ozeano Atlantiko eta Pafizikoko urekin bat egiten duen aldean, animaliak arazorik gabe ugaltzen dira.

Arrain eta hegazti ugari dago. Besteak beste fokak, mortsak eta hartzak bizi dira inguru hartan. Ozeano Artikoko ur laster handiena Groenlandia eta Svalbord (Norvegia) uharteen artetik sartzen eta irteten da. Ur horren % 2 baizik ez da izotz gisa irteten –izotz masa handitik askatutako puskak dira, izozmendiak–, baina gutxi izanagatik arazo asko eta handiak sortzen ditu. Nahiz eta izozmendien mugimenduak satelite eta radar bidez etengabe kontrolatzen diren, ontzi asko hondarazi dituzte.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Artikoaren ustiaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibilizazio modernoa indarrez sartu bada ere eremu hartan, eskualde artikoetako jatorrizko biztanleetako askok beren bizimodu tradizionalari eutsi diote, elur oreinen zaindari eta ehiztari gisa. Inuitak izotz eremuaren ertzean bizi dira, eta ehizatik eta arrantzatik ateratzen dute bizimodua.

Europako lehen esploratzaileak Ozeano Artikoan zehar Europa eta Sortaldea lotuko zituen pasabidea aurkitzen ahalegindu ziren, eta esploratzaile modernoek klima eta zientzia ikerketak egiten dituzte bertan. Ozeano Artikoa inguratzen duten lurretan petrolioa, gasa eta beste zenbait mea aurkitu izanak interes ekonomiko handiak piztu zituen 1960 ondoko urteetan.

Errusiak du kosta zatirik luzeena Ozeano Artikoan, eta ustiatu gabeko bere petrolio baliabideen % 70 iparralde horretan ditu. Kanadak ere kosta zati luzea du Artikoan eta petrolio, gas, ikatz eta beste mea baliabide ugari ditu. Alaskako kostalde artikoan petrolio erreserba erraldoiak aurkitu ondoren, Estatu Batuek oliobidea jarri zuten Prudhoe Badiatik (iparraldean) Valdez porturaino (hegoaldean).

Ozeano Artikoaren hondoa ere ustiatu gabe dago oraingoz. Jarduera horrek guztiak ingurumen arazo handiak sortu ditu animalien habitatean eta bizimoduan, eta petrolio isurien arriskua handia da. Artikoko ekosistema oso hauskorra da, eta kutsadurak ondorio ikaragarriak izango lituzke.

Portu nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ozeano Artikoa Aldatu lotura Wikidatan