Andorra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Andorrako Printzerria
Principat d'Andorra
Bandera Armarria
Goiburua: "Virtus Unita Fortior"
"Bertute batua indartsuagoa da"
Ereserkia: "El gran Carlemany"
Hiriburua
eta hiri handiena
Andorra la Vella
42°30′N 1°31′E / 42.500°N 1.517°E / 42.500; 1.517
Hizkuntza ofiziala(k) Katalana
Aitortutako hizkuntzak gaztelania, frantsesa
Gobernua
 -  Printzekideak Joan Enric Vives Sicília
François Hollande
 -  Lehen ministroa Antoni Martí
Legebiltzarra Andorrako Kontseilu Nagusia
Independentzia
 -  Aragoiko korotik banantzea
1278 
Eremua
 -  Guztira 467.63 km2 (191.)
180.55 sq mi
 -  Ura (%) 0,26
Biztanleria
 -  2014 zenbatespena 85.458
 -  Dentsitatea 179,8/km2 (71.)
465.7/sq mi
BPG (nominala) 2008  zenbatespena
 -  Guztira $4.510 bilioi[1] (155.)
 -  Per capita $53,383[2] (9.)
Gini (2003) 27.21
baxua
GGI (2013) 0.830[3]
oso altua • 37.
Txanpona Euro (€) (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST) CEST (UTC+2)
Zirkulazioa errepidean eskuinean
Aurrezenbakia +376

Andorra edo Andorrako Printzerria (katalanez Principat d'Andorra) ekialdeko Pirinioetan kokatutako herrialde txikia da: ia 468 km² ditu hain zuzen, Gipuzkoaren laurdena, gutxi gorabehera.

Hiriburua Andorra la Vella (Andorra Zaharra) da.

Historian zehar, lurralde isolatua eta behartsua izan zen, baina Bigarren Mundu Gerratik aurrera ospea lortu zuen eta ekonomia asko hazi zen, gehienbat turismoaren eta paradisu fiskal izatearen ondorioz.

Andorrak ez du ez Indar Armaturik ezta armadarik ere. Hori dela eta, bertako defentsa Espainia eta Frantziako indar armatuen esku dago.

Santa Coloma eliza.

Inguru naturala eta geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia 468 km² ditu, eta 81.000 biztanle. Hiriburua Andorra la Vella da, 20.000 biztanlerekin.

Herrialde oso menditsua da, 2.500 metro baino gehiago dituzten 65 tontor ditu eta. Comapedrosa da mendirik garaiena (2.942 m).

Ur baliabide garrantzitsuak ditu, lau ibai nagusi (Iparraldeko Valira, Ekialdeko Valira, Valira Handia eta Madriu), baita ur termalak ere (Escaldes-Engordany parrokian).

Mendiko klima dauka: negu oso gogorrak, elurte askorekin, eta uda epelak baina laburrak. Prezipitazio kopurua altua eta erregularra da urte osoan zehar.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Andorrako historia»

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andorra printzerri parlamentarioa da. Bertako konstituzioa 1993ko martxoaren 14an onartu zen.

Bi estatuburu ditu (printzekideak): Frantziako Errepublikako estatuburua (Frantziako erregearen ordez) eta La Seu d'Urgelleko gotzaina. Hala ere, benetako boterea andorratarrek aukeratutako Kontseilu Nagusiak dauka (28 kide, lau urterako hautatuak). Kontseiluak botere legegilea dauka, eta bertatik ateratzen da gobernua, botere betearazlea duena.

Justiziako Kontseilu Gorena botere judizialaren gorengo organoa da. Els Comuns deituriko erakundeek —udal erako instituzioak dira— eskuduntza handia dute.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Andorraren banaketa administratiboa»
Andorra mapa.png

Andorra 7 parrokiatan dago banatuta:

  1. Canillo (Soldeu)
  2. Encamp
  3. Ordino (El Serrat)
  4. La Massana
  5. Andorra la Vella
  6. Sant Julià de Lòria
  7. Escaldes-Engordany

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andorrako ekonomia, tradizioz, abere hazkuntzan (ardiak, batik bat), tabakoaren langintzan eta basoetan oinarritzen zen. Nekazaritzak lur gutxi ditu, lur guztietako % 2 baino ez, eta nagusiki tabakoa ekoizteko erabiltzen da. Artzaintza, ordea, garrantzitsua da.

Hala ere, 1950etik aurrera, turismoak izugarrizko gorakada izan du eta, gaur egun, printzerriko jarduera nagusia da, urtean 9 milioi inguru bisitari jasotzen baititu. Eski estazioek, neguan, udako klima eta mendi ikuspegi ederrek, eta orobat zergarik gabeko produktuen eskuragarritasunak turista asko erakartzen dituzte. Turismoan oinarritutako ekonomia da nagusiki, BPGaren % 80 hartzen baitu. Dena dela, azken urteetan inguruko herrialdeen garapen turistikoak erakargarritasuna zertxobait moteldu dio; nolanahi ere, baliabide gehiago ere ditu: energia elektrikoa ekoizteko ur-jauziak, ur minerala, burdin meak eta beruna, besteak beste.

1990etik aurrera, finantza zerbitzu berriak jarri dira abian eta indar handia hartuz joan dira, banku-sekretuaren lege zorrotzari eta zerga apalei esker. Andorrako gobernuaren sarrera bakarrak zerga gutxi batzuk eta zigiluen salmentak uzten dizkion irabaziak dira. Banku eta finantza kontuetan ere garrantzia dauka herrialdeak. Europako Batasuneko kide ez den arren, itun bereziak sinatu ditu merkataritza askea bultzatzeko, eta nazioartean bere produktuak saltzeko Europar Batasuneko beste herrialdeek dituzten erraztasun berberak ditu. Andorrak ez du inoiz diru propiorik izan, beti Espainiako peseta eta Frantziako liberekin aritu izan da eta, 2002az geroztik, euroa erabiltzen da.

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko andorratarrak —katalanak kulturaz eta hizkuntzaz— biztanleen herena baino gutxiago dira, gaur egun. Gainerako biztanleak etorkin espainiarrak (biztanle guztien % 60 inguru) eta frantsesak dira, gehienbat. Etorkin horiei kupo sistema zorrotz baten arabera eman zitzaien egoitza baimena. Biztanle guztien % 36,65ek baino ez du andorratar hiritartasuna. Gainerakoak espainiarrak, katalanak, portugaldarrak edo frantsesak dira nagusiki.

Andorratarren % 85 katolikoak dira. Adinaren arabera, hau da biztanle banaketa: 0-14 urte bitartekoak, % 14; 15-64 urte bitartekoak, % 73; eta 65 urtez gorakoak, % 13. Estatu Batuetako errolda bulegoaren arabera, Andorra da munduan bizi itxaropen handiena duen bigarren herrialdea: 82,7 urte.

Katalana hizkuntza nazionala den arren, gaztelania eta frantsesa ere asko erabiltzen dira.

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andorrako berezko jaiak bi dira; martxoaren 14a (konstituzioa onartu zen eguna) eta irailaren 8a (Meritxelleko Andre Mariaren eguna, Andorrako zaindari erlijiosoa).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Andorra