Kirgizistan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kirgizistango Errepublika
Кыргыз Республикасы
(Kyrgyz Respublikasy)
Кыргызская республика
(Kyrgyzskaya respublika)
Kirgizistango bandera
Bandera

Kirgizistango armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Kirgiztar Errepublika Ereserki Nazionala
Kirgizistan / Kirgizia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Bixkek
42°52′N 74°36′E / 42.867°N 74.600°E / 42.867; 74.600
Hizkuntza ofiziala(k) Kirgizera, Errusiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika presidentziala
Almazbek Atanbaiev
Omurbek Babanov
Independentzia
- Aldarrikatua
- Onartua
SESBetik
1991 abuztuaren 31
1991 abenduaren 8
Eremua
• Guztira
• Ura

199.900 km² (86.)
% 3,6
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Errolda (1999)
• Dentsitatea

Herritarra

5.482.00 (110.)
4.896.100
27,4 biztanle/km² (147.)

kirgizistandar
Dirua Som (TMM)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
KGT (UTC +6)
Ez (UTC +6)
Interneteko domeinua .kg
Telefono aurrezenbakia +996


Kirgizistan edo Kirgizia[1] —izen ofiziala Kirgizistango ErrepublikaErdialdeko Asiako estatua, itsasbazterrik gabekoa. Mugakide ditu Kazakhstan iparraldean, Uzbekistan hego-mendebaldean, Tadjikistan hegoaldean eta Txina hego-ekialdean.

Hiriburua Bixkek da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirgizistan da Sobietar Batasun ohiko errepubliken artean urbanizazio-maila apalenekoa. Biztanle gehienak hego-mendebaldean eta Txu ibaiaren arroan bizi dira. Bizi-itxaropena 49 urtekoa zen 1990eko hamarkadaren hasieran, baina azken urteotan 68 ingururaino igo da. Etnia nagusiak kirgizak eta errusiarrak dira, baina uzbekek ere badute garrantzia. 1990ean arazo larriak sortu ziren kirgizen eta uzbeken artean, eta gaur egun ere tirabirak dituzte bien artean. Arazo nagusietako bat lurren pribatizazioak sortu du.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirgizistan herrialde txikia da, eta oso menditsua (lurraldearen erdia baino gehiago dago 2.500 m-ko altueratik gora). Jarduera nagusietako bat abeltzaintza da; nekazaritza haranetan bakarrik egin daiteke (fruta eta laboreak), baina, hala ere, garrantzi handiko jarduera da Kirgizistanen. Okela, artilea eta kotoia dira esportaziorako gai nagusiak. Nekazaritza-abeltzaintzak hartzen dute barne-produktu gordinaren % 43, eta jarduera horietan dihardute langileen % 41ek. Lurpeko aberastasun ugari ditu, eta meatzaritzan oinarritua da industria; urrea, merkurioa eta uranioa ditu. Sobietar Batasuneko kide izan zen garaian indar handia hartu zuen industriak, eta % 14rainoko hazkundea izan du azken urteotan; barne-produktu gordinaren % 38 inguru eta langileen % 28 inguru hartzen ditu.

Sobietar Batasun ohiko herrialdeen artean, Kirgizistan da merkatu-ekonomiara egokitzeko neurri aurreratuenak dituena. Ekonomia egonkortzeko neurriak hartu ziren lehenik, eta inflazioa 1994ko % 88tik % 15 ingurura jaitsi zen 1997rako. Estatuak bere esku zituen enpresa asko saldu ditu. Ekoizpenean beherakada nabarmena izan zen 1991n, baina 1995 ingururako berrindartzen hasi zen. 1996-1997. urteetako bilakaeran atzerriko inbertsioak izan ziren eragile aipagarrienak. Dena dela, gobernuak kanpo-zorrari eta diru-sarrera urriei aurre egiteko neurri gogorrak hartu behar izan ditu.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993an idatzia da Kirgizistanen gaur egun indarrean den konstituzioa. Lehendakaria da estatuburua, eta lehen ministroaren ardurapean dago gobernua. Aginpide legegileari dagokionez, Batzar Legegileak eta Herri Batzarrak dituzte eskumenak. Karguak bost urtez behin aukeratzen dira. Lurralde-antolaketari dagokionez, 6 barruti eta hiri bat bereizten dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirgizen lehenengo berriak K. a. II. mendeko txinatar kroniketan agertzen dira. Herri nomada zen, eta leinutan banatuta zegoen, baina XVI. mende inguruan mendebalderantz jo zuten, eta etnia askoren arteko liskar-iturri zen lurralde batean kokatu ziren. XVII. mendearen amaieran mongolek konkistatu zuten lurralde hura, eta XIX. mendean Asiako erdialdeko Kokland estatuaren (gaur egun Uzbekistanen) agintepean gelditu ziren leinu haiek.

1876an Errusiako inperioaren babespeko herri bihurtu zen, eta, azkenik, errusiarrek eta ukrainarrek inbaditu zuten. 1916an kirgizak errusiarren kontra altxatu ziren; zapalkuntza handia bideratu zuen tsarrak haien kontra, eta Txinara ihes egin behar izan zuten kirgiz askok eta askok. Boltxebikeei aurre egin zieten, halaber, baina 1921ean Turkestango Sobietar Errepublika Sozialista Autonomoan sartu zuten, gaur Tadjikistan, Kazakhstan, Turkmenistan eta Uzbekistan errepublikak osatzen dituzten beste zenbait lurralderekin batera.

Kirgizistan errepublika autonomo bihurtu zen 1926an, eta 1936an Sobietar Batasunaren barneko errepublika. Sobietar Batasuna gainbehera etorri zenean, etnien arteko indarkeria piztu zen 1990ean. Gerra sortu zen uzbeken eta kirgizen artean, lurren banaketa zela-eta. Ehunka petsona hil zituzten borroka haietan, eta agintari sobietarrek Uzbekistan eta Kirgizistan arteko mugak itxi behar izan zituzten azkenean, bi errepubliken artean erabateko gerra saihestearren.

1991n independentzia aldarrikatu zuen Kirgizistanek, izenaren idazkera aldatu zuen, eta erreformak jarri ziren abian gobernuan eta ekonomian; Askar Akaiev aukeratu zuten lehendakari (bera zen hautagai bakarra), eta berriro hautatu zuten 1995ean. 1996an konstituzioan aldaketa batzuk egiteko erreferenduma egin zuen, besteak beste bere aginpidea zabaltzeko helburuaz, eta onartu egin ziren, baina oposizioaren kontrako neurri gogorrak hartu zituen lehendakariak. 1998an, bere gobernuaren ahultasunaz jabeturik, Akaievek behin-behineko gobernu bat antolatu zuen, eta 1999ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Amangueldy Mouralievek hartu zuen gobernu berriaren gaineko ardura. Akaieven agintaldian egoera egonkor samarra izan zen Kirgizistanen, eta demokrazia eta liberalismoa ezartzeko ahaleginak egin ziren, baina ezin uka daiteke egoera ekonomikoa oso larria eta zaila zela; bizi maila oso apala zen, eta horrek eragozpenak sortu zituen erreforma ekonomikoak ezartzeko, nahiz eta estatuaren enpresak pribatizatzeko neurri zorrotzak hartu ziren eta atzerriko inbertsioak erakartzeko saioak egin ziren, dirua egonkortu egin zen eta ekonomia hazten ari zen. Ekonomia-egoera zailaz gainera, aipatzekoak dira etnien arteko liskarren arazoak eta demokrazia eta askatasun politikoak sendotzeko zailtasunak. 1997az gero drogak ekoizteko laborategiak agertzen ari ziren.

2000. urtean egin ziren legebiltzarrerako eta lehendakaritzarako hauteskundeak ez zituzten hauteskunde garbi eta asketzat hartu nazioarteko begiraleek. 2002ko martxoan, oposizioko politikari baten atxiloketagatik protestan ari ziren sei lagun hil zituen poliziak, eta horrek protesta handiak eragin zituen herrialde osoan. Akaiev lehendakariak konstituzioa erreformatu zuen 2003an, baina oposizioak ez zuen aintzat hartu erreforma hori. 2005eko hauteskundeak ere ez ziren begiraleen ustez askeak izan; manifestazio eta protesta handiak izan ziren kaleetan lehendakariaren dimisioa eskatuz; manifestariek lehendakariaren egoitza hartu, eta Akaiev lehendakariak herrialdetik kanpo ihes egin behar izan zuen. Oposizioko alderdiek elkar harturik Kurmanbek Bakiev izendatu zuten lehendakari eta lehen ministro. Urte hartan bertan, Bakievek hauteskundeak irabazi zituen. 2006an, oposizioko taldeek kargu hartu zioten lehendakari berriari konstituzioari egin beharreko aldaketak abian jartzen ez zituelako. Gorabehera askoren ondoren, konstituzio berria 2007ko urrian onartu zen, baina salaketa larriak egin zituen oposizioak erreferendum horren garbitasuna zela eta. 2010ean, zenbait istiluren ondoren, Bakievek lehendakaritza utzi behar izan zuen, eta Rosa Otunbaeva hautatu zuten lehendakari. Konstituzioa aldatu, eta errepublika presidentzialista zena errepublika parlamentario bilakatu zen estatua. 2011ko Presidentziarako hauteskundeak Almazbek Atanbaievek irabazi zituen, gehiengo osoz[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kirgizistan Aldatu lotura Wikidatan