Siria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Siria (erromatar probintzia)».
Siriako Arabiar Errepublika
الجمهوريّة العربيّة السّوريّ
( Al-Jumhūriyyaḧ al-ʻArabiyyaḧ as-Sūriyyaḧ )
Siriako bandera
Bandera

Siriako armarria
Armarria

Goiburua: Ez du
Nazio ereserkia:
Humat ad-Diyar
Siria: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Damasko
33°30′N 36°18′E
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Bashar al-Assad
Wael Nader al-Halqi
Independentzia
- Aldarrikatua (1)
- Aldarrikatua (2)
- Onartua
Frantziatik
1936 iraila1
1944 urtarrilaren 1
1946 apirilaren 17
Eremua
• Guztira
• Ura

185.180 km² (87.)
% 0,06%
Biztanleria
• Zenbatespena (2014)
• Dentsitatea

Herritarra

17.951.639[1] (61.)
118,3 biztanle/km² (101.)

siriar
Dirua Siriako Libera (SYP)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +2)
Ez (UTC +2)
Interneteko domeinua .sy
Telefono aurrezenbakia +963
1Frantzia-Siria Independentzia Ituna (1936) Frantziak berretsi gabea.


Siria (arabieraz: سوريا‎ edo سورية, Sūriyā edo Sūrīyah), ofizialki Siriako Arabiar Errepublika[2], Ekialde Hurbileko estatua da, zati batean Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Libano mendebaldean, Israel hego-mendebaldean, Jordania hegoaldean, Irak ekialdean eta Turkia iparraldean. Israelek okupatua du Golan, herrialdearen hego-mendebaldean, eta Siriak Turkiari Hatay probintziaren agintea eskatzen dio.

Hiriburua Damasko da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Siriako geografia»
Satelite irudia, muga gehitua

Siriako zatirik handiena goi ordoki lehorra da, nahiz eta ipar-mendebaldea nahiko berdea izan Mediterraneo ertzean baitago. Estatuaren ipar-ekialdea (Al Jazira) eta hegoaldea (Hawran) landa lur zabalez osatuak daude. Eufrates ibaia, Siriako garrantzitsuena, ekialdea zeharkatzen du eta "Zibilizazioaren Sorlekua" delakoa osatzen duten hamabost herrialdeetako bat da.

Hiri nagusiak Damasko hiriburua, Alepo eta Homs dira. Beste hiri garrantzitsuak kostaldean kokatzen dira.

Siriako klima lehorra eta beroa da, eta neguan epela. Duen garaiera dela-eta, neguan elurra ere egiten du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Siriako historia»

Antzinatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siria Munduko zibilizaziorik zaharrenetako jaiolekua zela frogatu du arkeologiak. 1975ean aurkitutako Ebla hiriaren inguruan inperio semitiko handia eratu zen, zein K. a. 2500 eta K. a. 2400 bitartean Itsaso Gorritik, egungo Turkiara eta Irakera hedatzen zen. Eblako hizkuntza familia semitikoan idatzitako lehena da adituen ustetan. Izan ere, Eblako jauregian Antzinateko agiritegirik zaharrenetakoa eta handienetakoa aurkitu zen. Buztinezko 17.000 taula baino gehiago dauzka, non industria, diplomazia, salerostea, artea eta nekazaritza diren hizpide nagusiak. Ebla ezaguna zen bi industria mota zela eta: alde batetik, zur, boli eta perlen lanketaz; eta, bestetik, zetaz. Gaur egun ere industria horiek, Eblako ohiturari jarraiki, ekoizpen garrantzitsua daukate.

Eblako buztinezko taula

Indusitako beste hiri inportanteak Mari, Ugarit eta Dura Europos dira. Marin jauregiak, tenpluak eta muralak aurkitu ziren. Hortaz, kulturalki eta komertzialki hiri garatua izan zen. Ugariten gizakiak izan zuen lehen alfabetoa kausitu zen.

K. a. 2000. urte ingurutik aurrera, hurrenez hurren, kanaandarrak (feniziarrak barne), amorriarrak, hurritak, aramearrak (hebrearrak barne) eta Itsasoko herriak iritsi ziren. K. a. XIII. mendean, gizalditako guduen ondoren (Kadesheko gudua, K. a. 1270 inguruan), egiptoarrek eta hititek lurraldea banatu zuten. Guduak eta izanagatik, kostaldeko hiriek oso urte oparoak izan zituzten, hasi iparraldeko Ugarit hiritik (kultura kosmopolita baten eta lehen alfabetoaren sorlekua) eta hegoaldeko Palestinako kanaandarren hirietaraino, Mizenas, Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioen ekarriekin. Geroago, Asiriako eta Babiloniako inperio handiek Siriako erreinu askeak, banan-banan, suntsitu zituzten: K. a. 732an Damasko, Tiro K. a. 573an. K. a. 539an Ziro II.a Babilonaz jabetu zenean, Siria Pertsiako satrapia bilakatu zen. K. a. 333an Alexandro Handiak konkistatu zuen; hura hil zenean (K. a. 323), Alepo Seleuko I.a Nikator jeneralaren mendean geratu zen. Seleukotarrek Damasko kendu zieten Egiptoko lagidei, eta Antiokosen ezarri zuten hiriburua.

K. a. 64. urtean, erromatarrak lurraldean sartu zirenean, Erromatar Inperioaren probintzia bilakatu zen Siria. Kristautasunaren historian ere, Siriak garrantzi handia izan du. Paulo Tarsokoa, gerora San Paulo izango zena, Damaskorako bidean kristautu zen. Aurkitu den lehen eliza kristaua Dura Europosen zegoen. 330. urtean Inperioa zatitu zenean, Konstantinoplaren mende geratu zen. Erromatarren eta partiarren erdibidean egon zen, eta geroago, Bizantzioko Inperioaren eta sasaniarren artean. Khosro I.a sasaniar enperadoreak Antiokia hartu zuen 540an, eta kanpora egotzi zituen antiokiarrak. 611n, berriro, sasaniarrek Antiokia konkistatu zuten, baina, 622tik aurrera, Heraklio enperadoaren konkistek eraginik, atzera egin behar izan zuten, eta Siria, atzera, Bizantzioren mende geratu zen. Baina VII. mendeko arabiarren hedapenak Siria izan zuen helburu nagusietako bat, eta 636an, Jarmuk ibaiaren ertzean bizantziarrak menderatu ondoren, Siria arabiarrena izan zen.

Islamiar Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Damaskok K. a. 3000tik du biztanleria jarraia. Musulmanek 636an konkistatu zuten. Muawiyah I.a, Siriako enperadore arabiarra, inperio sortu berriaren aginpidea eskuratzeko borroketan irabazle atera zen, eta, kalifa izendaturik, Damaskon ezarri zuen hiriburua, eta 661-750 bitartean Omeiatar inperioaren erdigunea izan zen; hortik Iberiar penintsula eta Erdialdeko Asiaren tarteko lurrak gobernatzen ziren. 750. urtean, arabiar kalifen Abbastar dinastia Omeiatar dinastiari nagusitu zitzaion, eta harrezkero, kalifa herriaren hiriburua Bagdad izan zen, Damaskoren kaltetan, Siria kalifa herriaren probintzia bat besterik ez zela.

X. mendean Alepoko hamdaniarrek ez zioten Bizantzioren erasoari aurre egiterik izan. Geroago, turkiar seleukotarrek Damasko eta Jerusalem hartu zituzten (1076-77). Leku santuak musulmanen mendetik askatzera egindako gerra joanaldietan (1099-1291) europar gurutzatuek Mediterraneo itsasoaren kostaldea hartu zuten, baina barnealdeko hiriek, Damasko eta Alepo, musulmanen eskuetan jarraitu zuten. 1291n, egiptoar mamelukoek kristauak behin-betiko egotzi zituzten Mediterraneotik; halaber, sortaldetik sartu, eta 1300ean Damasko hartu zuten mongolak egotzi zituzten. Hurrengo bi mendeetan, Tamerlan (Timur Lang) mongolaren inbasioa bitartean izan ezik (1400-01), nolabaiteko bakean bizi izan ziren mamelukoen mende.

Baina 1516. urtean, turkiar otomandarren inperioa hedatzean, Selim I.a sultanak mamelukoak menderatu eta Siria hartu zuen. Turkiarrek Lehen Mundu Gerra arte gorde zuten lurraldea, Mehmet Ali eta Ibrahim Paxa aita-seme egiptoarren mendean egon zen urteetan izan ezik (1831-1840). Izan ere, Egiptoko agintariek Siria hartu zutenean hasi zen herrialdearen modernizazioa, baina Europako estatu nagusiek lurraldea Otomandar Inperioaren eskuetan uztera behartu zituzten egiptoarrak. Hala ere, Siria, sartaldeko kulturetara zabalik egon zen.

Arabiarren iraultza. Siria Frantziaren administraziopean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiar Inperioko aginpea 1918an amaitu zen. Izan ere, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, Arabiar Iraultzako armadak Damasko hartu zuen. Faisal I.a Siria erresuma arabiarreko errege bihurtu zen. Hala ere, haren erreinaldia 1920ko uztailean bukatu zen, Frantziako armada Sirian Nazioen Ligako mandatua indarrean ezartzera sartu zenean.[3] Uztailaren 23an, Frantziako armadak Siriakoa garaitu zuen. Frantziaren menpeko urteetan, sentipen nazionalista areagotu ahala, matxinadak bortizki erreprimitzen ziren. Nolanahi ere, ekonomiak gora egin zuen eta, azpiegituren aldetik, herrialdea modernizatu zen.

Bigarren Mundu Gerrako Frantziaren porrotarekin batera (1940), Siria Vichy Gobernuaren menpe geratu zen harik eta Erresuma Batuak eta Frantzia Askeak herrialdea hartu zuten arte (1941eko uztaila). Siriako nazionalisten presioak eraginda, Frantziak armada itzularazi behar izan zuen 1946ko apirilean.[3] Errepublika bihurtuta, gobernu berri bat osatu zen.

Adib Shishakli[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat estatu kolperen ostean, Adib Shishakli koronelak boterea 1949ko abenduan hartu zuen. 1951n bere burua presidente izendatu zuen eta legebiltzarra bertan behera utzi.

Bai Erresuma Batuak bai Ameriketako Estatu Batuek laguntza ederra eman zioten Adib Shishakliri. Horrela, Palestinako gatazka amaitzea espero zuten. AEBek 1948ko Arabiar-Israeli Gerrako palestinar errefuxiatuak Sirian kokatu nahi zituzten. Horretarako, AEBak 400.000.000 dolar ordaintzeko prest agertu zen 1952an, 500.000 palestinar Jazira lautadan kokatuz gero. Siriako ezkertiarrek, Arabiar Alderdi Sozialistak eta Baath Alderdi Arabiar Sozialistak, gogor kritikatu zuten horrelako akordioa, palestinarren bueltatzeko eskubidea saltzen ari zelakoan. Aipatutako bi alderdien bat egitean, Shishaklik Mendebaldeko eskaintzei muzin egin behar izan zien.

Beste estatu kolpe baten bidez, 1954an Shishakli boteretik kendu zuten. Hala ere, armadaren arteko desadostasunek herrialdearen eziraunkortasuna eragiten zuten. 1956ko Suezko krisialdiaren ostean, Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidentearen lidergoak Egiptorekin bat egitearen aldeko korrontea sortu zuen Sirian. Honela, 1958ko otsailaren 1ean, Arabiar Errepublika Batua sortu zen.

Baath Alderdia agintean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, batasuna ez zen luze irautekoa. Estatu kolpe baten ondoren, 1961eko irailaren 28an, Siriak independentzia berreskuratu zuen. Eziraunkortasunak jarraitu zuen, berriz, harik eta 1963ko martxoaren 8an, Siriako armadako hainbat ofizial ezkertiarrek boterea hartu zuten arte, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren egitasmoei jarraiki.

Aurreko hilabetean Irakeko Baath alderdiak hango boterea bereganatu zuen. Siriako gobernu berriak Egiptorekin eta Baathek kontrolatutako Irakekin federazioa osatzeko aukeraz hausnarketa egin zuen. Hitzarmena 1963ko apirilaren 17an sinatu bazen ere, alderdien arteko desadostasunak areagotu ziren hurrengo hilabeteetan, eta federazioa ez zen gauzatu. Horrez geroztik, Siria eta Irak bat egitearen alde jardun zuten bi herrialdeetako Baath alderdiek. Baina 1963ko azaroan Irakeko gobernua boteretik kendu zuten.

Majdal Shams herria Golango Gainetan

1964ko maiatzean, Amin Hafiz presidenteak demokratizazioaren aldeko erreformak abian jarri zituen, baina 1966ko otsailaren 23an, alderdi bereko hainbat armada ofizialek estatu golpe bat garatu zuten. Amin Hafiz espetxeratuta, behin-behineko konstituzioa bertan behera geratu zen. Gobernu horrek, Egiptorekin batera, 1967ko ekaineko Sei Eguneko Gerra egin zion Israeli. Israelek Golan kendu zion Siriari. Hori zela eta, Siriako gobernua ahuldu zen. 1970eko azaroaren 13an, Hafez al Assad defentsa ministroak estatu kolpe bat emanda, lehen ministroaren kargua hartu zuen.

1973an, Yom Kippur Gerran, Golan berreskuratzen saiatu zen Siria alferrik. Horrezkero, Siria eta Israelen arteko mugan, salbuespenak salbuespen, su-eten iraunkorra indarrean dago. 1976an, Libanoko gobernuak eskatuta, Siriako armada Libanon sartu zen, hango gerra zibila baretu nahian. Siriak borrokatzen ari ziren taldeak bildu zituen Taif Hitzarmena sinatzeko. 1990eko urriaren 13an gerra zibila bukatutzat jo zen arren, Siriako armadak Libanon jarraitu zuen 2005eko apirilaren 26 arte. Izan ere, Rafik Al-Hariri Libanoko Lehen Ministroaren hilketa (2005eko otsailaren 14) zela eta, Siriaren kontrako protestak hedatu ziren Libanon.

Barneko oposizioa gorabehera, Hafez Al Assad presidente karguan zegoela hil zen 2000ko ekainaren 10ean. Hilabete bat geroago, Bashar al Assad semea presidente aukeratu zuten hautagai bakarreko erreferendum baten bidez.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Siriaren banaketa administratiboa»
Syrnumbered.png

Siria 14 muhafazah edo eskualdetan banaturik dago:

  1. Damasko
  2. Rif Dimashq eskualdea
  3. Al Qunaytirah eskualdea
  4. Dar'a eskualdea
  5. As Suwayda eskualdea
  6. Homs eskualdea
  7. Tartus eskualdea
  8. Al Ladhiqiyah eskualdea
  9. Hama eskualdea
  10. Idlib eskualdea
  11. Alepo eskualdea
  12. Ar Raqqah eskualdea
  13. Dayr az Zawr eskualdea
  14. Al Hasakah eskualdea

Gobernua eta politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Siriako politika»

Siria 1963tik erregimen militar batek agindutako errepublika da. 1973an erreferendumean gaur egun duten Konstituzioa onartu zuten. Bertan Siria errepublika demokratiko, herritar eta sozialista moduan definitzen zuten. Oinarriak legea, erlijio askatasuna eta propietate pribatua ziren. 7 urtero presidentea aukeratzen da, musulmana izan behar duena. Lau urtero Herriaren Asanblada eta Ministroen Kontseilua aukeratzen dute. Konstituzioaren arabera presidenteak presidenteordea, ministroak eta lehen ministroa jar eta ken ditzake. Presidentea ere Armadaren buru da, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren idazkari orokorra eta Nazio Fronte Progresistaren buru. Herritarren Asanblada eta Herri Kudeaketa Kontseiluak dira organo legegileak.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siriako ekonomiak, Hafez al Assad lehendakariaren ezaxolakeria zela eta, ez zuen denbora askoan aurrera egin. Ekonomia sozialistaren garaian (1963-1970) herrialdea azpiegitura egokiez hornitu zuten. al Assad aginpidera iritsi zenean, berriz, inbertsioek hartu zuten lehentasuna (1970-1978). Baina ekonomia krisiarekin (1979-1988) agerian geratu zen sistemaren liberalizazioa ezinbestekoa zela. 1991n hasi zen liberalizazioak barne merkatuaren beharrak gutxitu zituen, enpresa pribatuak sustatzen baitzituen. Hala ere, Siria Golkoko herrialde petrolio ekoizleen mende dago. Golkoko Gerran (1990-1991) Iraken kontrako nazioarteko koalizioan parte hartu zuen Siriak, eta horrek onura nabarmenak ekarri zizkion: arabiar herriekin zituen mila milioi dolarreko zorra ezeztatu eta bi mila milioi dolarreko laguntzak onartu zitzaizkion.

Gudarosterako aurrekontuak pisu handia izan du beti Siriako aurrekontu orokorrean, %8,7 gutxi gorabehera. Merkataritza harremanei dagokionez, Europar Batasuneko herrialdeekin bideratzen ditu batez ere gaur egun. Nekazaritzak BPGren %30 hartzen du. Herrialdeko bertako beharrak asetzen baditu ere, nekazaritza gaien ekoizpena nahiko apala da. Kotoia da ekoizten den gai nagusia. Petrolioari dagokionez, eguneko 600.000 upel inguru ustiatzen dira, eta horren erdia, gutxi gorabehera, esportatu egiten da. Gas naturaleko hobi garrantzitsu bat aurkitu da Palmirako eskualdean. Hidrokarburoek, bestalde, esportazioen %70 hartzen dute. Turismoa gorantz doan sektorea da. Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak zenbait neurri jarri dute abian, helburu nagusia banku pribatuak zabaltzea eta zerga sistemaren erreforma bultzatzea dutenak.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siriako biztanle gehienak, %90,3[1], Arabiako eta Mesopotamiako semiten ondorengo arabiarrak dira. Baina arabiar jatorriko siriarrez gainera, kurduak, armeniarrak eta turkiarrak ere bizi dira Siriako lurretan. Gainera milaka palestinar barreiaturik daude lurraldean.

Siriar gehienak sartaldean bizi dira, hiriburuan eta kostaldean batez ere, eta baita ipar-ekialdean ere, Eufrates ibaiaren ertzetan eta haren adarretan. Biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da, Damaskon eta Alepon gehienak. Azken urteetan milioi bat siriar inguru Libanora eta Golkoko petrolio herrialdeetara joan dira lanera, eta langile horiek milaka milioi bidaltzen dituzte urtero Siriara.

Populazioaren %33,1 gaztea da, 15 urtetik beherakoa. Emakume bakoitzak 3,32 seme-alaba ditu eta hazkuntza urtero %2,4koa da. Siriako gizarte laguntzak nolabaiteko babesa ematen die zaharrei, ezinduei, lanean zaurituei eta eriei. Osasun zerbitzuak dohain dira zerbitzu pribatuak ordaintzerik ez dutenentzat, eta oro har, herrialdearen osasun egoera hobetzen ari da. Gaur egun, Siriako 15 urtetik gorako gizonezkoen %76 eta emakumezkoen %45 alfabetatuak daude. Politika ez ezik, osasuna eta irakaskuntza ere gudarostearen ardurapean daude; soldadutza nahitaezkoa da, 30 hilabetez.

2011ko martxoan Siriako Gerra Zibila hasi zenetik, 9,5 milioi siriar inguru lekualdatuak izan dira. Hauetatik, 3 milioik Siriatik kanpo hartu behar izan dute babes[4][5]

Hiri handienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Siria