Elisabet II.a Erresuma Batukoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Elisabet II.a Erresuma Batukoa
Elisabet II.a Erresuma Batukoa

Karguan
1952ko otsailaren 6a(e)tik
Aurrekoa Jurgi VI.a Erresuma Batukoa

Jaiotza 1926ko apirilaren 21a (89 urte)
Mayfair, Londres
Ezkontidea Filipe Edinburghekoa
Seme-alabak Karlos Galeskoa
Anne Mountbatten-Windsor
Ander Yorkekoa
Eduardo Wessexekoa
Egoitza Buckingham jauregia


Elisabet II.a Erresuma Batukoa,[1] jaiotzez, Elizabeth Alexandra Mary Windsor (Londres, 1926ko apirilaren 21a - ) Erresuma Batuko erregina da. Bere titulu ofiziala Britainia Handiko Erresuma Batuko eta Ipar Irlandako eta beste erresuma eta lurraldeetako Elisabet II.a erregina, Commonwealth burua eta fedearen babeslea da. Horrez gain Antigua eta Barbuda, Australia, Bahamak, Barbados, Belize, Kanada, Grenada, Jamaika, Zeelanda Berria, Papua Ginea Berria, Saint Kitts eta Nevis, Santa Luzia, Saint Vincent eta Grenadinak, Salomon Uharteak eta Tuvaluko estatuburu da eta Fijiko Buruzagi Gorena ere bai.

1952ko otsailaren 6an hartu zuen tronua eta bertan denbora gehien eman duena da Viktoria erreginaren ondoren.

Elizabeth IIaren bisita esanguratsuenen artean Ipar irlandara eginiko bisita edo Aita Santuarekin izandako bisitak dira. Gainera, erregina honek bere herrialdeko konstituzioan hainbat aldaketa ikusi ditu, baita konstituzio Kanadarraren zatiketa ere. Horretaz aparte, bere lurraldeak hartzen zituzten gerra bat baino gehiagotan zehar izan da erregina.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jurgi VI.a eta Elisabeth, Elisabet II.aren gurasoak
Elisabet, 1929an
Mary erregina Elisabet eta Margaretekin

Elizabeth Alexandra Mary Windsor Londresko Mayfair auzoan jaio zen 1926ko apirilaren 21ean, eta etxean hazitako umea izan zen. Yorkeko duke ziren Alberto Printzearen eta Elisabeten alaba zaharrena zen, Jurgi V.a eta Maria errege-erreginen lehen biloba eta errege familian jaiotako lehen emakumea, 1897an Maria Printzesa jaio zenetik. Aitaldeko lerrotik erregearen biloba izateagatik Yorkeko Elisabet Printzesa tituluarekin jaio zen.

Hasiera batean, ez zuten erregina izango zenik aurreikusi, bere aita bigarren baitzen ondorengotzako lerroan, baina 1936an, Elisabetek 10 urte zituenean, bere osaba Eduardo VIII.ak abdikatu egin zuen, Wallis Simpson amerikar dibortziatuarekin ezkondu nahi zuela-eta; horrela igo zen tronura anaia gazteagoa, Jurgi VI.a, Elisabeten aita, eta horrelaxe etorriko zitzaion erregina izateko aukera Elisabeti. Amona Mariak zainduko zuen bai Elisabeten eta baita honen ahizpa Margaritaren heziketa ere.

Bigarren Mundu Gerra garaian, izan zuen jendaurreko lehen agerraldia, gerraren ondorio latzak nozitzen zituzten haurrei buruz irratiz hitz egin zuenean. Gainera, garai honetan kargu publikoak hartzen hasi zen, Lurraldeko Laguntzaile Zerbitzuan aritu baitzen urte horietan zehar. 1945en, berriz, emakume boluntarioekin batera aritu zen lanean, gerran ari ziren indar britainiarrei laguntza emanez.

1948an, atzerrirako lehen bidaia egin zuen, bere gurasoekin batera, Hegoafrikara bidaiatuz. Hantxe eman zuen irratiz ospe handia hartuko zuen Nazioen Mankomunitate Britainiarrari zuzendutako hitzaldia, bere bizitza osoa herriari eskainiz.

Ezkontza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitaren gustuko ez bazen izan ere, 1948ko azaroan, Elisabet Filipe Mountbattengoarekin, Edinburgheko dukea izango zenarekin, ezkondu zen. 1934-1937 urteetan hasi zen lehengusu txiki hauen arteko harremana. 1939an, Dartmouthen elkartu zirenean, 13 urteko neskatila besterik ez zen Elisabet maiteminduta zegoen erabat Filipe Mountbattengoarekin eta gutunak aurrera eta atzera hasi ziren. 1947ko uztailaren 9an jakinarazi zuten ofizialki bere konpromisoa.

Harremanak eztabaida piztu zuen: Filipe Mountbattengoa ez zen kapital handiko gizona, atzerrian jaioa zen eta noblezia naziko kideekin ezkondutako arrebak zituen. Hala ere, konpromisoak aurrera egin zuen eta, ezkondu aurretik, Filipe Mountbattengoak greziar eta daniar tituluei uko egin, eliza ortodoxoa utzi eta anglikanismora etorri zen. Ezkontzaren bezperatan, Edinburgeko duke egin zuten eta Errege Gorentasun titulua esleitu zioten.

Elizabet eta Filipe Mountbattengoa 1947ko azaroaren 20an ezkondu ziren Westminsterreko Abadian. Gerra ondorengo garai zail haietan, Elizabetek errazionamendu kupoiak erabili behar izan zituen Norman Hartnellek diseinatu zion soinekoa egin ahal izateko. Ez zen senargaiaren koinadu alemaniarrentzako lekurik izan eta Eduardo VIII.a Erresuma Batukoa ere ez zuten gonbidatu.

Seme-alabak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo seme-alabak izan zituzten:

Erresuma Batuko erregina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisabet eta Philip, 1953an

1952an, Elisabet Kenian zen bidaia ofizial batean, aitaren heriotzaren eta erregina zen berri izan zuenean. Zegokion dolu epearen ondoren, 1953ko ekainaren 2an, koroatu zuten Londresko Westminster abadian.

Bere erregealdian, Erresuma Batuak arazo ezberdinei egin behar izan die aurre, bai errege familiari dagokionez -1992an, oinordekoa zen Karlos eta Diana Spencerren dibortzioa izan zen-, baita nazioarteko politikari dagokienak ere. Ipar Irlandako nazionalismoak lan asko eman zuen 2004an biolentziarekin bukatu zuten arte; 1982an, berriz, Malvinetako Gerra izan zen Argentinaren aurka eta, 2003an, Tony Blair, lehen ministro ohiak, Azoreetako Ituna sinatu zuen AEBetako George W. Bush eta Espainiako José María Aznarrekin.

Bere erregealdiak izandako gobernuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisabet, Buckingham Palacen, 2006an

Elisabeten erregealdian Alderdi Laborista eta Alderdi Kontserbadorea tartekatu dira behin eta berriro. Gobernu horietako Lehen Ministro ondorengoak izan dira:

Aginteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos, Galeseko printzea
Diana Spencer edo Lady Di, Galeseko printzesa izandakoa
  • Koroa: Subiranoa eta Gobernua ordezkatzen ditu aldi berean. Koroa erreginari ematen zaio, baina orokorrean, Legebiltzarraren aurrean erantzun behar duten ministroek betetzen dituzte funtzioak. Hala ere, gobernuaren ekitaldi garrantzitsu askotan erreginaren parte hartzea beharrezkoa izaten da.
  • Legebiltzarra: Erreginak konbokatzen du eta hura luzatu eta disolbatzeko ahalmena dauka. Orokorrean, urtero inauguratzen du Legebiltzarreko saioen garaia bere tronutik gobernuak idatzitako hitzaldi bat emanez eta honen programa argituz. Lege proiektu bat lege bihurtu baino lehen, erreginak onartu behar du, Legebiltzarreko bi ganberatan jakinaraziz.
  • Justizia: Erreginak barka dezake edo delitu bategatik kondenatuei errukia erakutsi. Legearen arabera, Erreginak, norbanakoa den heinean, ezin du deliturik egin: immunitatea du epai zibil edo penaletan eta ezin da justizia tribunalen aurrean demandatua izan. Errege familiako gainontzeko kideek ez dute immunitate bera.
  • Ohoreak eta izendapenak: Erreginak titulu ezberdinak esleitzeko boterea du, par, zaldun eta beste hainbat. Orokorrean, Lehen Ministroaren gomendioz egin ohi du, baina bere kabuz ere egin izan du.
  • Kanpo Politika: Atzerriko ordezkari diplomatikoak erreginaren aurrean akreditatzen dira. Berak du itunak sinatu, gerra deklaratu edota bakea egiteko boterea; baita estatu eta atzerriko gobernuak onartzeko eta lurraldeak batu edota emateko ere.
  • Errege Kontseilua (Privy Council): Erreginak presiditzen ditu bilerak. Bilera hauetan, Kontseiluaren Ordenak aprobatzen dira.

Legebiltzarrak badu eskubide hauek murrizteko ahalmena. Nazioaren bizitzako alde ezberdinez informatua izateko eskubidea du eta iritzia eman dezake ministroek azter dezan.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisabet, Barack eta Michelle Obamarekin, Buckingham Palacen
  • Une honetan, britainiar koroak historia osoan zehar izan duen erregina zaharrena da. Errekorra bere herenamonak zuen, Viktoria erreginak, 81 urte, 7 hilabete eta 29 egun bizi izan zena, baina Elisabetek irabazi zion 2007ko abenduaren 21ean, Londresko 17:00etan.
  • Ezteien 60. urteurrena ospatu zituen lehen erregina izan zen.
  • Bere erreinaldian jaiotako lehen ministro bat (Tony Blair) izan duen erregina bakarra izan da.
  • Elisabet II.a denbora gehien daraman erregina da, Viktoria erreginaren ondoren. 2015eko irailaren 9an oraindik bizirik balego, Viktoria erreginaren erreinaldia gaindituko luke, Britainiar Uharteetan denbora gehienez erreinatuko duen erregina bihurtuz.
  • 640 milioiko ondarea kalkulatzen zaio eta bere jabegoa osatzen duten jauregiek 2.400 milioi dolarretaraino igotzen dute bere aberastasuna.
  • Elisabet II. bere senarraren lehengusu da 3. graduan, biak baitira Viktoriaren oinordeko, eta 2.ean Danimarkako Kristian IX.a erregearen aldetik.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren 66. araua Elisabet era arautua

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Elisabet II.a Erresuma Batukoa Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Jurgi VI.a Erresuma Batukoa
Erresuma Batuko erregea
1952ko otsailaren 6a
Ondorengoa
-