Alfred Hitchcock

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alfred Hitchcock
Alfred Hitchcock
Datu pertsonalak
Izen osoa Alfred Joseph Hitchcock
Ezizena Hitch
Suspensearen maisua
Jaio 1899ko abuztuaren 13a
Leytonstone, Londres (IngalaterraIngalaterra)
Hil 1980ko apirilaren 29a (80 urte)
Bel Air, Los Angeles, Kalifornia (Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak)
Lan nabarmenenak The Man Who Knew Too Much (1934)
The 39 Steps (1935)
Jamaica Inn (1939)
Rebecca (1940)
Shadow of a Doubt (1943)
Spellbound (1945)
Rope(1948)
Strangers on a train (1951)
Rear Window (1954)
To Catch a Thief (1955)
The Man Who Knew Too Much (1956)
Vertigo (1958)
North by Northwest (1959)
Psycho (1960)
The Birds (1963)
Marnie (1964)
Torn Curtain (1966)
Topaz (1969)
Frenzy (1972)
Telesaila:
Alfred Hitchcock Presents
Sariak Film onenaren Oscar Saria (1940)
IMDB IMDBko fitxa


Sir Alfred Joseph Hitchcock (Londres, 1899ko abuztuaren 13a - Hollywood, 1980ko apirilaren 29a)[1] zinema zuzendari eta ekoizle ingelesa izan zen, thriller eta beldurrezko generoetan maisulan ospetsuen egilea. Lanean Erresuma Batuan hasi bazen ere[2], 1938tik aurrera Ameriketako Estatu Batuetan errodatu zuen, eta, 1956an, hango hiritartasuna erdietsi. 60 urtetan zehar 50 film baino gehiago zuzendu zituen.

Haren filmak beldurran eta fantasian oinarritzen dira. Gehienetan, protagonistek kontrolez kanpoko egoera ulertezinetan harrapaturik aurkitzen dute euren burua. Beste gai nagusia gizon-emakumeen arteko hartu-emanak dira. Sexuen arteko ohiko erlazio erromantikoak ikuspegi ziniko batetik jorratzen dira Hitchcocken filmetan.

Ikusleen artean berebiziko ospea eta arrakasta bazuen ere, kritikak ez zuen inoiz Hitchcock kokatu garaiko maila altuenetako zuzendarien artean, eta berandu iritsi zitzaion onarpena. Rebecca izan zen Oscarra irabazi zuen bere film bakarra, beste lau alditan hautagai izan arren. Frantziako Nouvelle Vague mugimenduko kritikoak, Éric Rohmer, Claude Chabrol, eta François Truffaut besteak beste, izan ziren lehenak Hitchocken meritu artistikoa azpimarratzen. Haien ustez, zuzendariak bere nortasuna agerrarazi behar du filmetan, eta Hitchcock eredu bikaina zen horretan. Gaur egun zuzendari betetzat jotzen da Alfred Hitchcock, artea eta entretenimendua maisuki batzen zituelako eta luze eta sakon eragin zuelako ondorengo zuzendari, ekoizle eta aktoreengan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfred Hitchcock Londresen jaio zen 1899an, erdi mailako familia katoliko batean[3]. Aita William zuen (1862 - 1914) eta ama, berriz, Emma (1863 - 1942). Dendariak ziren eta beste bi senide izan zituen bera baino zaharragoak, William eta Eileen. Heziketa zorrotzaren eta gorpuzkera gizenaren ondorioz, Alfred ume uzkur eta goibela bilakatu zen, bizitza osorako bereizgarriak bere izaeran.

Saint Ignatius Collegera bidali zuten Alfred. 14 urte zituela aita hil zitzaion, eta 1915ean eskola utzi behar izan zuen Hanley enpresa telegrafikoan lanean hasteko. Charles Dickens eta Edgar Allan Poeren miresle sutsua zen Hitchcock, zinemazale izateaz gain.

Zinemaren mundua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foreign Correspondent

1920an, Famous Players Lasky etxean zine muturako errotuluak egiten ari zen. Noizbehinkako lana bazen ere, pixkanaka Hitchcock gaztea zinemara zaletu zen eta montadore, zuzendari artistiko edo gidoilari lanetan parte hartzen hasi zen, Donald Crisp eta Hugh Ford bezalako zuzendariekin. Hementxe ezagutu zuen Alma Reville, eta berarekin ezkondu zen 1926an. Alma zuzendari laguntzailea eta gidoilaria izan zen senarraren hainbat filmetan.

1928ko uztailaren 7an, alaba bat izan zuten, Patricia, Strangers on a Train filmean parte hartuko zuena.

Hitchcock 3 urtez aritu zen Graham Cuttsen zuzendari laguntzaile lanetan. 1923an, Number 13 film laburra enkargatu zioten, baina ekoiztetxeak asmoa geldiarazi eta filma bukatu gabe geratu zen[4].

Berehala etorri zitzaion film luzea egiteko aukera, eta 1925ean Alaitasunaren lorategia egingo zuen Munichen[5].

Beranduxeago, 1929an, Londresko errealizadoreak Ingalaterrako lehen film soinuduna zuzendu zuen: Londresko neskatila. Filmatzen ari zela, Elisabeth Yorkeko Dukesaren bisita izan zuen.

Lan gutxi batzuekin, Hitchcock britainiarren ikono bihurtu zen. Murder! (Hilketa!) (1930), The Man Who Knew Too Much (Gehiegi zekien gizona) (1934) edo Strangers on a train (39 harmailak) (1935) britainiar zinemaren eredu bilakatu ziren[6].

Aktoreei txantxak egiteko zaletasuna omen zuen, batzuk nahiko krudelak, eta hauek ez ziren beti gustura hartzen.

Hollywood[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vertigo

1937ko abuztuaren 22an, bere familiarekin joan zen New Yorkera, David Oliver Selznickekin elkarrizketatzeko asmoz. Selznick Gone with the Wind (Haizeak eraman zuena) filmaren ekoizlea zen eta 1938ko uztailaren 14an kontratua egin zion Alfredi. Baldintza onek erakarrita, Hitchcock eta bere familia AEBetara joan ziren 1939an.

Selznickek agindutako lehen lana izan zen Rebecca (1940) izeneko Daphne du Maurierren eleberria zinemara eramatea. Melodrama gotiko honek emazte gazte eta ilusionatu baten beldurrak aztertzen ditu. Britainia Handira iritsi berria da eta senarra hotz ikusten du, etxezaina erabateko dominantea da, eta Rebecca, bere senarraren lehen emaztea, hilda badago ere, beti dago presente etxe hartan. Filmak 11 izendapen izan zituen Oscar sarietarako, baina John Fordek eramango zuen saria The Grapes of Wrath lanarekin (Saminaren mahatsak)[7].

Sari gutxi lortuko zuen Hitchcockek, eta gainera, Selznickekin arazoak hasi ziren, britainiarrak ezin baitzituen eraman ekoizleak ezartzen zizkion etenik gabeko diru-murrizketak.

Hitchcocken bigarren film amerikarra ere Europan girotua zen. Aurrekoa bezala, Foreign Correspondent film hoberena izateko izendatu zuten. II. Mundu Gerraren lehen urtean filmatu zen eta Europan gertatzen ari ziren aldaketa azkarrak nahi zituen deskribatu. Hollywooden eraikitako dekoratuak nahastu zituen egiazko Europarekin. Ez zen Alemania eta alemaniarren arrastorik ageri, Hollywoodek eskatzen zuen bezala.

Hurrengo 3 hamarkadetan, Hollywooden zuzendu zituen filmak, urtean bat. Haietako bakoitzean, kamera aurrean esaldirik gabeko agerraldi bat egiten zuen zuzendariak.

Suspicion (Susmoa) (1941) egin zuen gero, Cary Grant lagun minarekin[8]. James Stewart ere oso gustuko aktorea izan zuen.

Arazo pertsonalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942ko irailaren 26an, ama hil zitzaion Londresen, 79 urte zituela. Hurrengo urtean anaia hil zitzaion, William. Gizentasun morbidoa zuen eta 135 kilo pisatzen zituen. Kezkaturik zegoen arazo horrekin eta 40 kilo galtzera iritsi zen hilabete gutxian.

Ingrid Bergmanetik Grace Kellyra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1944an, bere ekoiztetxe propioa sortu zuen Sidney Bersteinekin batera: Transatlantic Pictures. Urte horretan bertan hasi zen Ingrid Bergmanekin lanean; hots, Hitchcock hainbeste liluratuko zuen lehenengo ilehoriarekin.

Ingrid Bergman eta Gregory Peckekin Spellbound (Liluratua) egin zuen. Filmak psikoanalisiaren gaia lantzen zuen eta Salvador Dalik diseinatu zizkion ametsaren dekoratuak.

1948tik aurrera, bere filmetako ekoizle bihurtu zen. 1950eko hamarkadatik aurrera, ospetsu egin zen mundu osoan, eta Hollywoodeko aktore onenak bere aginduetara egotea erdietsi zuen. Beranduago, filmen argumentuak aldatzea erabaki zuen, haiei suspense gehiago gaineratuz; hala ere, salbuespena izan ziren gai antikomunista darabilten bi film, nahiz eta horiek arrakasta handirik ez lortu. Hitchcocken film guztiek badute beste lanekiko bereizgarriren bat, beste hainbat zuzendarirengan, François Truffaut edo Jean-Luc Godard, adibidez, eragina izango duena.

1948an, Hitchcock utzirik, Bergman Roberto Rossellinirentzat hasi zen lanean. Kolpe latza izan zen Hitchcockentzat, baina berehala aurkitu zuen musa berria: Grace Kelly. Bera agertuko da ondorengo film askotan: Rear Window James Stewartekin (1954)[9], Dial M for Murder Ray Millandekin (1954), eta To Catch a Thief Cary Grantekin (1955).

Hitchcockentzat, bere film kuttuna The Wrong Man (1957) zen, Henry Fonda eta Vera Milesekin.

Telebistako proiektu berri bat sortu zitzaion, Alfred Hitchcock Presents[10]. Telesail horretan, Hitchcock bera pantaila aurrean agertzen zen, zetorren filmarekin lotua zegoen istorio bat kontatzen. Beste kolpe bat etorri zitzaion, ordea, bere musa Monakoko Rainiero III.a printzearekin ezkondu zenean.

Hitchcock, suspensearen maisu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1958an, sari ezberdinak jaso zituen:

Tamalez, urte hartan, minbizia diagnostikatu zioten emazteari eta Alfred lur jota utzi zuen horrek.

1959an, North by Northwest egin zuen Cary Grant eta Eva Marie Saintekin. Bere film onena kontsideratua dago.

1960an, Psycho egin zuen, Anthony Perkins eta Janet Leighekin. Film erdian, ospe itzela hartuko zuen Janet Leighen erailketa agertzen da[12].

1963an, The Birds zuzendu zuen Tippi Hedren eta Rod Taylorrekin. Musa ilehori berria zuen eta erabat zaindu zuen hura. 1964an, berarekin eta Sean Conneryrekin egingo zuen Marnie.

1966 eta 1969 artean, kritika ugari izan zen bere aurka. Paul Newman eta Julie Andrewsekin egin zuen Torn Curtain film luzeak eta Frederick Stafford eta Claude Jaderekin eginiko Topaz filmak ia ez zuten arrakastarik izan. Estilo aldaketa baten beharra zegoela zirudien eta 1972an Jon Finchekin eginiko Frenzy filmak saiakera bat erakusten du, zine teknika berriak, biluzteak eta gaur egun erabiltzen den beste sekuentzia mota asko. Baina proiektua iraultzailea bazen ere, arrisku handia zekarren era berean, eta Hitchcock zuzendariaren betirako gainbehera suposa zezakeen. Universal Pictures estudioek ezetza eman zioten.

1968an, Ohorezko Oskarra eman zioten, Irving Thalbergen Omenezko Saria bere bizitza osoko lanari.

Ez zuen sekula Oscarra lortu lehiaketan, baina suspensearen maisutzat hartua da.

1972an, Luis Buñueli miresmena aitortu zion, "hoberena eta apalena zara gu denon artean" esanez.

New Yorken omenaldia egin zioten eta Grace Kelly, musa ilehoria eta orain printzesa, bertan izan zen[13].

4 urte geroago, J. Russel Taylorrek Alfred Hitchcockek baimendutako lehen biografia.

1976an, Karen Black eta Bruce Dernerekin Family Plot egin zuen.

1979an, American Film Institute delakoak bizitza osoko lana saritu zion. Urte berean, Elisabet II.a Erresuma Batukoak Sir titulua ezarri zion.

1980ko apirilaren 29an hil zen Los Angeleseko etxean, 80 urte zituenean[14].

Gaur egun, zuzendari gehienek onartzen dute Alfred Hitchcockek zineman izan duen eragina.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gidoilari bezala:

  • 1922 - Always Tell Your Wife
  • 1923 - De mujer a mujer
  • 1923 - The White Shadow
  • 1924 - The Passionate Adventure
  • 1925 - The Prude's fall
  • 1925 - The Blackguard
  • 1928 - Champagne

Telebistan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekoizle bezala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendari bezala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfred Hitchcock Presents

  • Revenge (1955)
  • Breakdown (1955)
  • The Case of Mr. Pelham (1955)
  • Back for Christmas (1956)
  • Wet Saturday (1956)
  • Mr. Blanchard's Secret (1956)
  • One More Mile to Go (1957)
  • The Perfect Crime (1957)
  • Lamb to the Slaughter (1958)
  • Dip in the Pool (1958)
  • Poison (1958)
  • Banquo's Chair (1959)
  • Arthur (1959)
  • The Crystal Trench (1959)
  • Mrs. Bixby and the Colonel's Coat (1960)
  • The Horse Player (1961)
  • Bang! You're Dead (1961)

The Alfred Hitchcock Hour I Saw the Whole Thing (1962) Suspicion Four O'Clock (1957) Startime Incident at a Corner (1960)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Mogg, Ken, "Senses of Cinema-Great Directors - Alfred Hitchcock – Master of Paradox, http://www.sensesofcinema.com/2005/great-directors/hitchcock/ .
  2.   «The top 21 British directors of all time», The Daily Telegraph, http://www.telegraph.co.uk/culture/film/starsandstories/3664474/The-top-21-British-directors-of-all-time.html .
  3.   Spoto, Donald (1999), The dark side of genius: the life of Alfred Hitchcock, Da Capo Press, 15. orrialdea, ISBN 030680932X .
  4. Donald Spoto. The Art of Alfred Hitchcock. New York: Anchor Books, 1976–1992. 3. orr. ISBN 0-385-41813-2
  5.   The Pleasure Garden (1925), Internet Movie Database, http://www.imdb.com/title/tt0016230 .
  6.   American Masters-Alfred Hitchcock, Public Broadcasting System, http://www.pbs.org/wnet/americanmasters/database/hitchcock_a.html .
  7.   Awards for Rebecca (1940), Internet Movie Database, http://www.imdb.com/title/tt0032976/awards .
  8.   Suspicion (1941), Internet Movie Database, http://www.imdb.com/title/tt0034248 .
  9.   Rear Window (1954), Internet Movie Database, http://www.imdb.com/title/tt0047396 .
  10.   Alfred Hitchcock Presents, TV.COM, http://www.tv.com/alfred-hitchcock-presents/show/238/summary.html .
  11.   Donostiako Zinemaldia, http://www.sansebastianfestival.com/2007/es3/portada.php .
  12. Leitch, Thomas: The Encyclopedia of Alfred Hitchcock (ISBN 0-8160-4387-6). Checkmark Books, 2002
  13. Modleski, Tania: The Women Who Knew Too Much: Hitchcock And Feminist Theory. Routledge, 2005
  14.   «Alfred Hitchcock Dies; A Master of Suspense; Alfred Hitchcock, Master of Suspense and Celebrated Film Director, Dies at 80 Increasingly Pessimistic Sought Exotic Settings Technical Challenges Became a Draftsman Lured to Hollywood», The New York Times, 1980ko apirilaren 30a .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfred Hitchcock Aldatu lotura Wikidatan