Kristobal Kolon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kristobal Kolon
Kristobal Kolon
Datu pertsonalak
Izen osoa Kristobal Kolon
Jaio 1451
Genova (eztabaidan) ()
Hil 1506ko maiatzaren 20a
Valladolid (Gaztela)


Kristobal Kolon[1] (1451 - 1506) Gaztelako koroarentzat lanean aritu zen nabigatzaile eta kartografo genovatarra izan zen. 1492ko urriaren 12an Amerika aurkitu zuen europarrentzat.

Kolonbiako Errepublikak Kolonen omenez hartu zuen izen hau.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1451n jaio zela esaten da eta, agian, Genovan, baina, Gaztelaren agindupean aritu zen nabigatzailea izan zen. Gizon polemikoa eta misteriotsua, autodidakta eta behatzaile handia izan zen, aldi berean; berak, 1492ko urriaren 12an, Mundu Berria aurkitu zuen, Amerika hain zuzen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriari buruzko zalantza asko badago ere, Genovan jaio zela onartu ohi da; hala ere, bere jatorriari buruz, iritzi ezberdinak daude: Kataluniakoa zela, frantsesa eta abar. Bestalde, jaioteguna 1451ko abuztuaren 26tik, urriaren 31 artean dagoela esaten da. Ehule batzuen semea zela ere esan zen; badirudi aita Domingo Colombo zela eta ama, berriz, Susana Fontanarrosa.

Kristobali, txikitan hasi zitzaion nabigazioan ibiltzeko gogo bizia eta, horregatik, oso gazte aritu zen itsasmutil lanetan. Aita eta bere lagunekin ikasi zuen. Matematika eta geografia oso gustuko zituen Kolonek eta, Pisako Unibertsitateko antzinako biografia liburuek diotenez, gai horiek bereziki landu zituen. Azkenean, irakasleen laguntzaz, Kolonek bere bidaiatzeko grina martxan jarri ahal izan zuen.

Asko izan ziren, Kristobal Kolonek eginiko bidaiak. Apunteak eta idatzizko notak egiten jaioa zen eta, honela, berak eginiko hainbat bidaia kontatzen ditu, Egeo itsasotik, Erresuma Batuak eta Islandiara arte. Etxetik kanpo egoten zen maiz eta, zegoen leku horietan, pertsona arlote edo eroz jotzen zuten askotan.

1480an Felipa Muñiz de Perestrellorekin ezkondu zen Portugalen; jatorri nobleko dama zen eta Kolon bera ere hala izango zen; ezkondu eta bi urte beranduago, bere lehenengo semea jaio zen: Diego Kolon.

Geografian interes handia zuenez, garai hartan zeuden mapa guztiak irakurri zituen. Indiara iristeko irrikaz zegoen, paraje haietan aberastasun handia zegoela uste baitzuen. Bere emaztea hil zenean, Gaztelara etorri zen, bere seme Diegorekin batera.

Eliza bere teoriaren alde jarri zen eta 1486an Errege-erregina Katolikoekin elkarrizketatu zen Madrilen, baina, garaiko gorteko jakintsu talde batek bere proiektu guztiak baztertu zituen. 1488an Beatriz Enriquez de Arana ezagutu zuen eta, honekin, bere bigarrengo semea eduki zuen: Fernando. Juan Perez fraidearekin batera, Errege-erreginaren laguntzaren bila joan zen berriro ere eta, oraingo honetan, espedizioaren zorrak ordaintzen lagundu zioten. Kristobal hil arte Beatrizekin egon zen, baina ez ziren sekula ezkondu. Hori bai, hil zenean, berari utzi zion bere ondarea. Kontuan izan behar dugu, Kolon Indietako gobernadore izan zela eta, Santa Feko Kapitulazioen arabera, bidaietan lortutako onuren %10 berarentzat zela. Kristobalen lehen semeak bere ama propioa balitz bezala tratatu zuen eta berarekin izandako semea, Fernando Kolon (1488-1539), laugarren bidaian berarekin bidaiatzeaz gain, aitaren gertuko biografoa izango da.

Urriaren 12an San Salvador (Guanahani deitu zioten) uhartera iritsi zen lehenengo aldiz. Rodrigo de Triana ontzimutilaren garrasiak ospe handia lortu du: Tierra a la vista! (Lurra agerian!). Ordudanik, Kolonek, beste hainbat bidaia egin zituen, baina horietako batek ere ez, ez zuen horrenbeste arrakasta lortu, berak jakin gabe, Mundu Berria aurkitu baitzuen.

Triste eta gaixo, egin zuenaren garrantziaz ohartu gabe, 1506ko maiatzaren 20an hil zen Valladoliden. 1544an, bere errautsak Santo Domingora eraman zituzten eta, 1796tik aurrera, Habanako katedralean egon ziren.

Hipotesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonen hipotesia.

Kolonen iritziz, Ekialdeko lurretara Indietara edo Zipangora (Japonia), Europatik mendebalderantz bidaiatuz irits zitekeen. Portugaldarrak, berriz, urrutiko leku horietara Afrika inguratuz iritsi nahian zebiltzan.

Ziurrenik, Paolo dal Pozzo Toscanellik, Florentziako matematikari eta medikuak, Portugalgo erregearentzat egindako informeen berri izan zuen. Marko Poloren bidaietan oinarrituz eginiko mapa batzuk ere baziren eta Europa eta Asiaren arteko distantzia ez zen hainbestekoa mendebalderantz bidaiatuz. Kolonen liburutegian aurkitutako liburuetan berak azpimarratutakoa ikus dezakegu, bere ametsetako ekialdea aurkitzen lagunduko zioten ideiak, alegia.

Kolonen ustez, Lurrak 29.000 km-tako zirkunferentzia izango zuen Posidonioren neurketan oinarrituz, eta Kanariak eta Zipangoren (Japoniaren) artean 2.400 mila nautiko egongo ziren -10.700 ziren!-. Bere proiektua aurkezteko, mapa bat marraztu zuen, Toscanellirena osatuz eta uharte asko jarriz

Finantziazio bila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolon Erreginaren aurrean (Emanuel Gottlieb Leutze, 1843)

1483 edo 1484 artean Joan II.a Portugalgoari aurkeztu zion proiektua, baina honek atzera bota zuen. Gaztelara joan behar izan zuen eta, esan bezala, bere semea Diego Kolonekin batera iritsi zen 1485ean.

Palos de la Fronterara (Huelva). La Rabidako monasterioan Joan Perez eta Antonio de Marchenaren lagun egin zen eta bere planak kontatu zizkien fraide hauei. Hauek bere alde egin zuten eta Hernando de Talaveraren aurreraino lagundu zioten, Elisabet I.a konfesatzen zuen fraidearengana, alegia. Badirudi Santa Klara komentuko burua eta Fernando Katolikoaren izeba ere, Ines Enriquez, bere alde jarri zela. Horrela iritsi zen Kolon garai hartan Kordoban zegoen gortera.

Errege Kontseiluak atzera bota zuen, baina 1486an Elisabet erreginak hartu zuen eta bere planak kontatzeko aukera izan zuen. Erreginak interes handia jarri zuen, baina, Koroaren diru laguntza bat eman bazion ere, gorteko jakintsuei galdetu zien bideragarritasunaz.

Kontseilua Salamancako Unibertsitatean bildu zen, eta proiektua ezin zela aurrera eraman erabaki zuen. Gainera, Kolonek eskatzen zituen baldintza ekonomiko eta politikoak handiegiak ziren.

Erreginak Kristobali deitu zion eta erabakiaren berri eman zion, baina ez zuela plana guztiz baztertzen esan zion. Zain egon zen epe honetan, Kolon beharrean izan zen eta mapak eta liburuak saldu zituen bizirauteko. Garai honetan elkartu zen Beatrizekin.

Berriro joan zen Portugesa, baina berriz ere ezer lortu gabe itzuli zen. Medinaceliko dukeak interesa erakutsi zuen, baina erreginak Granadako konkista bukatu bezain pronto lagunduko ziola agindu zion.

1491ko abenduan, Kolon Granadako Santa Fe izeneko erregeren kanpaldira, iritsi zen. Batzorde berri batek aztertu zuen proiektua eta berriro bota zuten atzera. Azkenean, Kolonek bere eskariak jaitsi zituen eta bera ere dirua jartzeko prest agertu zen. Berme handiagoa zen hori eta 1492ko apirilaren 17an Santa Feko Kapitulazioak sinatu zituzten. Hauen arabera, Kolonek hauxe dena lortuko zuen:

  • Amiral titulua aurkitutako lur guztietan, oinordekotzaz geratuko zena bere sendian.
  • Erregeorde eta Gobernadore izango zen aurkitutako uharte eta lurretan.
  • Lortutako salgaien hamarrena; Koroak, berriz, bostena lortuko zuen (Erregeren bostena).
  • Espedizioa zortziren batean parte hartzeko aukera, irabazietan proportzio bera izango zuelarik.

Era honetan sinatu zituzten kapitulazioak.

Bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonen bidaiak

Kolon Palosera iritsi zenean, biztanleek ez zien harrera onik egin eta oso fidagaitz agertu ziren. Marinelak erreklutatzeko ere arazo ugari izan zen, baina La Rabidako fraideek arazoa konpontzea lortu zuten eta Martin Alonso Pinzonekin harremanetan jarri zuten. Bertako nabigatzailea zen hau eta bere alde jarri zen. Gainera enpresa kostatuko zenaren herena berak jarri zuen, milioi erdi marabedi. Hemendik aurrera, errazago izan zen erreklutamendua eta inguruko familia ospetsuak -Niño de Moguer, Quintero...- erabakigarriak izan ziren horretarako.

Lehen bidaia 1492ko abuztuaren 3an irten zen Palos de la Fronteratik (Huelva). Hiru karabela irten ziren: Santa María, La Pinta eta Niña.

Badirudi Kolonen hipotesia esferaren tamainari buruzko errore batetik jaio zela, zena baino txikiagoa jo baitzuen. Edozein eratara, Kolon Ameriketaraino iritsi zen, Europara itzuli zen eta lau bidaia egin zituen. Jakina da siberiarrak Ameriketara iritsita zeudela Pleistozeno garaian eta bikingoak ere lortuta zuten hori XI. mendean, baina Kolonen bidaien ondoren ezarriko dira Europa eta Amerika arteko lotura egonkorrak. Inka eta azteken inperioak desegingo dituzte eta hango kultura galarazi ere bai, idazkera eta ezagutza zientifiko eta artistikoak, erlijioak eta hizkuntzak ezerezean utziz. Europako hizkuntza eta erlijioek hartuko dute haien ordea.

Kolonen helburua espeziak eta urrea lortzea zen. Espeziak, zeta eta ekialdetik etortzen ziren gainontzeko produktuak, Ekialde Hurbila eta Egipto zeharkatuz iritsi ohi ziren Europara, baina Otomandarren inperioak zailtasunak jarri zizkion bide honi eta italiar merkatarien monopolioa izaten bukatu zuen, otomanoen lagun baitziren. Portugalek eta Gaztelak, garai hartako Europako inperio aberatsenek, gai horiek nahi zituzten, artekaririk gabe, eta, lehen esan bezala, Portugal Afrika inguratuz ari zen saiatzen. Gaztela beste bide berri bat aurkitu beharrean zen.

Amerikako bidea ireki zenean, elikagai berri ugari etorri zen Europara: artoa, patata, kakaoa, tabakoa, piperra, kalabaza eta abar. Ikerketa batzuk oraingo ekoizpenaren hiru bostenak Ameriketatik inportatutakoak direla diote. Alderantzizko trukea ere izan zen, Kolonek gurpila, burdina, zaldia, txerria, kafea, azukre kanabera edo armak eraman baitzituen.

Lehen bidaian, San Salvador uhartera (Guanahani deitu zioten) iritsi zen, bi hilabeteko zeharkaldi baten ondoren, eta Kuba eta Hispaniola ere bisitatu zituen. Espainiara 7 hilabete beranduago itzuli zen. Azken bidaian hilabete bat eta 4 egun pasatu behar izan zuen Ameriketara iristeko.

1493ko apirilaren 3an, Fernando Katolikoa Bartzelonan elkarrizketatu zen Kolonekin honen ustezko Indiarako bidaiaren informea jasotzeko. Kristobal hil eta beranduago deskubrituko zuten europarrak, hura ez zela Asia, kontinente berri bat baizik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Euskaraz) Joseba Aurkenerena: Cristoforo Colombo, euskal semea ote? [1]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Kristobal Kolon