Armenia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Armeniako Errepublika
Հայաստանի Հանրապետություն
Hayastani Hanrapetut'yun
Bandera Armarria
Ereserkia: Մեր Հայրենիք
(Gure aberria)
Hiriburua
eta hiri handiena
Erevan
Hizkuntza ofiziala(k) Armeniera
Herritarra armeniar[1]
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Serzh Sargsyan
 -  Lehen ministroa Hovik Abrahamyan
Independentzia
 -  Ura (%) 5,18[2]
Biztanleria
 -  2008 zenbatespena 3.249.500 (134.)
 -  Dentsitatea 101,5 bizt./km2 (99.)
Dirua Dram (դր.) (ARD)
Ordu-eremua UTC (UTC+4)
 -  Udan (DST)  (UTC+5)
Aurrezenbakia 374
Internet domeinua am
1 Nagorno-Karabakh lurraldea kanpo

Armenia[1] (armenieraz: Հայաստան, Hayastan), ofizialki Armeniako Errepublika (armenieraz: Հայաստանի Հանրապետություն, Hayastani Hanrapetut’yun), hego-mendebaldeko Asiako estatu itsasgabea da, hegoaldeko Kaukasian dagoena. 1991 arte sobietar errepublika federatua izan zen. Mugakide ditu Turkia mendebaldean, Georgia iparraldean, Azerbaijan ekialdean, eta Iran eta Azerbaijango Nakhitxevan eskualde autonomoa hegoaldean. 29.743 km²ko eremua du[2], eta 2011n 3.018.854 biztanle zituen[2]. Hiriburua Erevan da (1.091.234 biztanle).

Nahiz eta Asian kokatua egon, autore ugarik kulturalki, historikoki eta politikoki Europako zatitzat hartzen dute[3][4]. Nazioarteko 45 erakundeko kide da, hala nola, NBE, Europako Kontseilua eta Estatu Burujabeen Erkidegoa. Frankofoniaren Nazioarteko Elkarteko kide ere bada[5].

Ondare historiko aberatsekoa, munduko zibilizazio zaharrenetakoa da. Konstituzioaren arabera estatu sekularra den arren, kristautasunnak garrantzi handia izan du Armenian, kristautasuna estatu-erlijio izendatu zuen munduko lehen estatua izan baitzen 301ean.[6]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armenia satelite irudian.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armenian tenperaturak altueraren araberakoak dira. Mediterraneoaren eta Itsaso Beltzaren eragina ez da oso handia, mendiek oztopatzen baitute. Horregatik urtaroen araberako ezberdintasun handiak daude. Armeniako goi-ordokian neguko batez besteko tenperatura 0°Ckoa da eta udakoa 25 °Ckoa. Hala ere goi-ordokiaren lur bolkanikoak uztak jasotzeko ona egiten du lurra.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Urartu»
Armeniako Erreinuaren hedadurarik handiena, Tigranes Handiaren agintaldian (K. a. 95-66 artean).

Lehen Armenia Van aintziraren inguruan egituratu zen K. a. XIII. mende aldera. Asiriarren erasoak jasan ondoren, herri indoeuropar batek inbaditu zuen K. a. VII. mendean. Bertako biztanleriarekin elkartu eta egungo herri armeniarra osatu zuten. Estatu berria mediar, persiar eta mazedoniarren esku egon zen. Seleukotar errege Antioko III.aren agintaldian bi zatitan banatu zen: Armenia Handia eta Armenia Txikia.

Erromatarren konkistak batasuna itzuli zien armeniarrei, Inperio barruko probintzia nahiz erreinu izan zelarik. Tiridate III.aren erreinaldian (294-324), Armenia kristautu egin zen; Gregorio I.a Argi-egilea izan zen lehen apezpikua. 636. urtean arabiarrek konkistatu eta nolabaiteko autonomia gorde bazuten ere, bizantziar eta turkiar seljukidarren arteko guduen ondorioz, XI. mendean, biztanleriaren zati batek erbestera jo eta Krimea, Galitzia eta Ziliziako lurraldeetan Armenia Txikia izeneko estatua fundatu zuten (1080). Gurutzadetan parte hartu zuen Armeniak.

XVI. mendean, turkiarrek eta persiarrek erdibanatu zuten Armenia. Turkiarrak mendebaldean egokitu ziren eta irandarrak ekialdean. XIX. mendean, errusiarrek Erevan lurraldea hartu zuten (1828), baina Erzerum aldeak turkiarren esku iraun zuten. Turkiarrek izugarrizko zapalkuntza eta sarraskiak bideratu zituzten armeniar abertzaleen aurka (1894-1896 eta 1915-1916 urteetan nagusiki).

Lehen Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Armenia Menditsuko Errepublika»
Sakontzeko, irakurri: «Armeniako Sobietar Errepublika Sozialista»
Sakontzeko, irakurri: «Armeniar genozidioa»

Bi milioi armeniar hil zituzten Lehen Mundu Gerran eta bizirik gelditu ziren armeniarrek Turkiak hartutako herria utzi eta erbestera jo behar izan zuten, Armenia sobietarrera nagusiki. Sèvresko Itunean Armeniako estatu burujabea eraiki zedin onartu bazen ere, bertako erabaki guztiak ez dira orain arte indarrean jarri. Mustafa Kemal turkiarraren gudarosteek Kars eta Ardahan hartu zituzten bitartean, boltxebikeek, Mikoian buru, Armeniako errepublika sobietarra aldarrikatu zuten, Erevan lurraldean.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karabakh Garaiko gerrako irudiak.

Sobietar Batasunak perestroika politika abian jarri zuenean, indar handiz nabarmentzen hasi ziren bertako errepublikek lurraldetasunari, hizkuntzari, burujabetasunari eta abarri buruz egiten zituzten eskakizunak. Horrela, 1991. urtean, armeniarrek Sobietar Batasunetik aldentzeko erabakia hartu zuten hauteskundeetan, eta Armenia estatu burujabe eta independente bihurtu zen; Levon Ter-Petrosian izan zen errepublikako lehenengo lehendakaria. Urte hartan bertan Estatu Burujabeen Batasunean sartu zen, eta 1992an Nazio Batuetako kide egin zen.

Dena dela, independentzia ondoko urteetan arazo asko izan ditu Armeniak. Batetik 1988ko lurrikararen kalteei aurre egin behar zien gobernuak (55.000 lagun hil ziren), eta bestetik 1988an Armenia Azerbaijanekin gerran sartu zen Nagorno-Karabakh lurralde armeniarrak Armeniarekin bat egin nahi zuela eta (biztanleen % 80 armeniarrak ziren). Sobietar Batasunak Nagorno-Karabakheko armeniarren eskakizunak 1989an onartu zituen arren, ez zen konpondu gatazka. Arazo horiek guztiak zirela eta, gobernuaren aurreko oposizioak indar handia hartu zuen. Oposizioko alderdi nagusietako bat Armeniako Federazio Iraultzailea (Dashnakutisun) izan da, Nagorno-Karabakheko gudaroste armeniarrean eragin handia duen alderdia; ez zituen onartu Armeniako gobernuak antolaturiko berrikuntza ekonomikoak, eta Errusiarekiko lotura estuagoa eskatzen zuen. Talde haren eta oposizioko beste batzuen eraginez, dimisioa eman behar izan zuen Kosrov Arutiunian lehen ministroak, eta Grant Bagratian izendatu zuten behin-behineko lehen ministro 1993an.

Urte hartan bertan Armeniak Azerbaijango gudarostea garaitu zuen eta Nagorno-Karabakh eta inguruko lurraldeen gaineko kontrola eskuratu zuen, baina Azerbaijanek energia blokeoa ezarri zion Armeniari eta horrek oso ondorio kaltegarriak izan zituen bertako ekonomian, Armeniak ez baitu lehengai aski. 1994an su-etena sinatu zen bi herrien artean eta Armeniako ekonomiak gora egin zuen (nahiz eta energia blokeoa ez zioten kendu), baina egoera politikoa oso kaskarra zen. Oposizio nazionalista erradikalak ez zuen onartu konstituzio berriaren sorburu izan zen erreforma politikoen prozesua, lehendakariaren ahalak areagotzen zituelako konstituzio hark, eta ez zuen onartu, halaber, 1995eko hauteskundeetan aginpidean zegoen alderdiaren garaipena (MNA); nazioarteko behatzaileek ere salatu zituzten hauteskunde haietako nahasmendua eta gorabeherak.

1996ko hauteskundeetan, dena dela, Ter-Petrosianek botoen %52 lortu zuen eta bera atera zen berriro lehendakari. Ordu arteko norabide politiko beretik jarraitu zuen harrezkero: liberalizazio ekonomikoaren barruan, enpresak pribatizatzea, oposizioari gogor aurre egitea (Dashnakutisun alderdia debekatu zuen), Iranekin eta Errusiarekin harremanak sendotzea, eta Nagorno-Karabakheko gatazka amaigabeari elkarrizketa bidezko irtenbidea bilatzea. Ter-Petrosian lehendakariaren neurrien kontra agertu ziren gobernuko zenbait kide, eta azkenik 1998an Azerbaijanekiko hitzarmen bat proposatu zuelarik, dimisioa ematera behartu zuten.

1998ko martxoan, ordura arte lehen ministro izandako Robert Kotxarian izendatu zuten estatuburu eta lehendakari, eta Armen Darbinyam, gobernuburu; alderdi komunistak indar handia duen arren, lehendakaria ez zen alderdi horretakoa eta joera nazionalistako gobernua eratu zen. Bestalde, eta arazo nagusiak Nagorno-Karabakh lurraldearen gerrak ekarri badizkio ere, aipagarriak dira Turkiarekin izandako arazoak, PKK (Langile Kurduen Alderdia) babestu izanaz salatu baitu Tukiako gobernuak Armenia.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Armeniaren banaketa administratiboa»
Armeniako 10 probintziak gehi estatus bereziko Erevan hiria.

Armenia administratiboki honako 10 probintzia eta estatus bereziko hiri batean banatzen da:

Probintzia Hiriburua Azalera (km²) Biztanleria †
Aragatsotn Արագածոտն Ashtarak Աշտարակ 2.756 132.925
Ararat Արարատ Artashat Արտաշատ 2.090 260.367
Armavir Արմավիր Armavir Արմավիր 1.242 265.770
Gegharkunik   Գեղարքունիք   Gavar Գավառ 5.349 235.075
Kotayk Կոտայք Hrazdan Հրազդան 2.086 254.397
Lori Լոռի Vanadzor Վանաձոր 3.799 235.537
Shirak Շիրակ Gyumri Գյումրի 2.680 251.941
Syunik Սյունիք Kapan Կապան 4.506 141.771
Tavush Տավուշ Ijevan Իջևան 2.704 128.609
Vayots Dzor Վայոց Ձոր Yeghegnadzor   Եղեգնաձոր   2.308 52.324
Erevan Երևան 223 1.060.138

† 2011eko errolda
Iturriak: Probintzien azalera eta biztanleria.[7]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu burua Errepublikako presidentea da eta sufragio unibertsal bitartez hautatua izaten da. Nazio Asanblada organo legegile gorena da. 1990ean lehenengo hauteskunde legegileak egin ziren eta 1991ean hautatu zen lehenengo Presidentea. Azken honek lehenengo ministroa izendatzen du eta beste honek hautatzen ditu ministroak. 1995ean onartu zen gaur egun indarrean dagoen konstituzioa. Armenia Estatu Independenteen Erkidegoko kidea da.

Harreman tirabiratsuak ditu Turkiarekin, Turkiako Gobernuak ukatu egiten baitu armeniar genozidioan izan zuen erantzukizuna. Turkia izan zen 1991n Armeniaren independentzia onartu zuten lehenengo estatuetako bat, baina 1993an mugak itxi zituen, Nagorno-Karabakheko gerra arrazoitzat aipatuta, eta geroztik blokeoa mantendu du, nahiz eta Turkiako enpresaburuek Armeniako merkatuan sartu ahal izateko presioa egiten duten.[8]

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniako biztanleriaren osaera oso homogeneoa da etniei dagokienez; izan ere armeniarrak dira biztanleen %97 baino gehiago. Proportzio hori igo egin da, gainera, azken urteetan, Azerbaijango Nagorno-Karabakh eskualde armeniarraren burujabetasuna zela eta, Armeniaren eta Azerbaijanen artean piztu zen gerraren ondoren; izan ere, gerraren eraginez, Azerbaijango armeniarrak itzuli egin ziren eta Armeniako azerbaijandarrek ihes egin zuten. Armeniarrez gainera yezidiak (%1,3) eta errusiarrak (%0,5) dira Armeniako hurrengo gizatalde nagusiak, baina biztanleria osoaren %1,5 bakarrik hartzen dute. Bestalde, Armenian bizi diren armeniarrez gainera, beste 8 bat milioi armeniar daude (Armeniakoak bertakoak baino gehiago), Sobietar Batasun ohian, Estatu Batuetan eta beste hainbat herrialdetan sakabanaturik. Nagorno-Karabaj eskualdean gehiengoa dira. Erlijioari dagokionez, armeniar gehienak, %92,6[2], Armeniar Eliza Apostolikoaren kideak dira. Biztanleen %62,8 bizi da hiriguneetan[2], eta beraz, inguru hartako herrialdeetako urbanizazio maila gorena du Armeniak.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alaverdiko kupre-lantegia.

1991ean, independentzia lortu zuelarik, Armeniako ekonomia alor nagusia industria zen; industria jarduera oso bizia eta modernoa zeukan, Sobietar Batasuneko kide zenean osaturiko plangintza zentraleko sistemari esker. 1992an barne produktu gordinaren %46,3 hartzen zuen industriak, eta 1990ean langileen %41ek ziharduen industrian lanean. 1990eko hamarkadan, ordea, arazo ekonomiko larriak bizi izan zituen Armeniak, 1991n Sobietar Batasunetik aldendu eta ekonomia zentralizatuak hondoa jo zuelako eta, Azerbaijanen kokatutako Karabakh Garaia lurralde armeniarrari buruz izandako gatazka etnikoaren eraginez blokeoa ezarri zitzaiolarik, ezin lortu zituelako industriarako behar zituen gasa eta petrolioa.

Dena dela, 1994. urterako Armeniako gobernuak Nazioarteko Diru Funtsarekin antolaturiko politiken bidez, onera egin zuen ekonomia egoerak; maileguez gainera, aipatzekoa da diasporak egiten zuen ekarpena. Armeniak inflazioaren igoera etetea lortu zuen, eta enpresa handi eta ertainak eta nekazaritzako lurrak pribatizatu zituen. Inflazioa %10 jaitsi zen eta barne produktu gordina, berriz, %6 igo. 1995etik aurrera ekonomia hazkundea nabarmena izan zen, eta sektore berriak indartzen hasi ziren (bitxigintza, turismoa, etab.), oraindik ere langabezia arazo handia zen arren.

2013an inflazioa %5,8koa zen eta langabezia-tasa %15,9. Zerbitzuen sektoreak BPGren %46,6 hartzen zuen, industriak %31,5 eta nekazaritzak %21,9 (2014ko zenbatespena). 2010ean biztanleriaren %35,8 pobreziaren atalasearen azpitik bizi zen[2].

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria da Armeniako ekonomiaren bigarren jarduera nagusia: barne produktu gordinaren %31,5 2014an eta langileen %16,8 2008an[2]. Industrian ekoizten diren gai nagusiak meatzaritzatik ateratakoak (urrea, zinka, kobrea, zilarra) eta eskulanak (makina tresna, motorrak, kimika gaiak) dira. 1991n Azerbaijanek ezarri zion blokeoa zela eta, kalte handiak izan zituen: gas naturala, petrolioa eta beste energia batzuk lortzeko arazo larriak izan zituen Armeniak, eta horren ondorioz 1994an berriro zabaldu zen Armeniako zentral nuklear bakarra, segurtasun neurriak bete gabe, ordea.

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza da herrialdeko hirugarren ekonomia jarduera aipagarriena; barne produktu gordinaren %21,9 2014an eta langileen %44,2 2008an[2]. Gai nagusiak garia, patata, tabakoa, barazkiak eta mahatsa dira. Hala ere ez dute ateratzen bertako beharrak asetzeko adinako uzta, eta kanpotik inportatu behar izaten ditu nekazaritzako gai asko. Dena dela, Azerbaijanen blokeoa eta Georgiako gerra zibila zirela medio, eta 1991n lurren pribatizazioa hasi izanaren ondorioz, ekoizpena igo egin zen 1990eko hamarkadaren hasieran.

Armeniar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Armenia Aldatu lotura Wikidatan