EuskoSare > Euskal Herria > Xabier Euzkitze: "Beti izan dut Sahararekiko aparteko sentiberatasun bat"
2008-08-20 15:18
  • Euskara
  • Castellano
  • Français
  • English
Tindouf-eko errefuxiatu kanpamendua.Copyright elsrodamons.org

Xabier Euzkitze: "Beti izan dut Sahararekiko aparteko sentiberatasun bat"

Xabier Euzkitze, Saharautz elkarteko bozeramailea da. Sahararekiko Elkartasun taldea da Saharautz eta bere egitasmo nagusia udan haur sahararrak Euskal Herrira etortzean oinarritzen da

Saharautz erakundearen berri ez duen jendeari nola azalduko zenioke zer den Saharautz? Noiz sortu zen eta zein helbururekin?

“SAHARAUTZ, Sahararekiko Elkartasun taldea”, orain lau urte sortu genuen. Lehendik ere etortzen ziren kanpamenduetan errefuxiaturik dauden haurrak gure eskualdera, baina OPORRAK BAKEAN programa indarra galtzen ari zen nabarmen. Suspertu eder bat komeni zitzaiola iruditurik, elkarte bat sortu eta antolakuntza geure gain hartzea erabaki genuen. Ahaleginak merezi izan du. 9 ume etortzetik 34 etortzera pasatu gara 2008an. Hau da, beste batzuen artean, gure egitasmo nagusia. Nolanahi ere, beste ekimen garrantzitsu batzuk ere baditugu. Eguberri inguruan Elkartasun Karabanarako jakiak bildu eta bidaltzeaz gain, gure sos apurrekin kanpamenduetako egitasmoei laguntzen diegu: negutegiak, ospitaleak…

Zenbat zarete Saharautzeko kideak eta zer nola funtzionatzen du urtean zehar?

Bazkide sare bat osatu dugu. OPORRAK BAKEAN programaren gastuak erakundeek ordaindu arren, beste hainbat ekimenetarako ere behar izaten da dirua. Urtean 60 € ordaintzen dituzten 45 bat bazkide ditugu, baina lanaren zamarik handiena zuzendaritzak darama. Horrez gain, loteria, kamiseta, liburu eta diskoak saltzen ditugu, diru iturri gisa. 

Zerk bultzatu zintuen honelako ekimen batean parte-hartzera?

Beti izan dut Sahararekiko aparteko sentiberatasun bat. Orain sei urte Dreisha izeneko neska bat hartu genuen etxean, geroxeago Smeah ahizpa eta biak. Biziki maite ditugu, bihotzean daramatzagu beti. Haiek kutsatu ziguten munduak bazterturiko herri liluragarri horrekiko miresmena.

Saharako kanpamentuetan egona zaudela jakinda, zer nola deskribatuko zenuke sahararrak pairatzen duten egoera?

Erabat lazgarria da. Beraien lur aberatsetik ihes egin behar izan zuten, Espainiak salduta. Gaur egungo Espainiar Gobernuak Marokorekin harreman onak izaten jarraitzen du, interes ekonomikoengatik, eta Sahararren egoera konpontzeko duen ardurari muzin egiten dio lotsagabeki. Pentsa ezazu une batez zer ote den basamortu gogor batean toldotzar baten azpian bizitzea, ez ur, ez argindar, ez komun… Halaxe diraute.

Saharautz erakundeak haur sahararrek udako oporraldia, bi hilabetez, Euskal Herrian igarotzea ahalbideratzen du. Zein baldintza bete behar ditu familia edo pertsona batek bere etxera haur saharar bat joan dadin?

Ez dago aparteko baldintzarik, berdin dio ezkondua edo ezkongabea zaren, bikotea edo norbanakoa. Etxean haur bati lo egiteko lekutxo bat, mahaian pertsona bat gehiagorentzat jan-edanak, eta denbora eta amodio pixka bat eskaintzeko gai den edonork har dezake saharar bat.

Zenbat urte izaten dituzte euskal familietara etortzen diren haurrek?

7-8 urterekin irteten dira txikienak, eta 12 urtera artekoak hartzen ditu bere baitan programak. Bost uda.

Euskal Herrian, haur sahararrak bi hilabetez etxean hartzeko prest dauden familiak asko al dira? Ala haurrak etxean hartzeko borondatea duen jendea mugatua da?

Demografikoki nahiko mugatua den eskualdea izateko, oso kontuan hartu beharrekoa da Saharautzen ekartzen duen haur kopurua, Euskal Herrian ez dago halako beste kasurik. Lan handia egiten dugu komunikabideen bitartez, eskoletan informazioa emanez… Lortutakoarekin oso pozik gaude, baina ez da erraza izango kopuru horiei eustea. Eginahalak egingo ditugu.

2008ko udako egonaldia amaitzen ari zaie Euskal Herrian dauden haur sahararrei. Zer nolako balorazioa egingo zenuke?

Oro har, oso ona. Orain arte haur sahararrik izan ez den herri batzuetan familiak lortu ditugu, sarea zabaltzen ari gara. Haurrentzat oso garrantzitsua da hona etorri, udan Hamada desertuan egiten duen beroari ihes egin, mediku azterketak pasatu, beste kultura, familia, mundu, ohitura batzuk ezagutzea. Eta guretzat ere benetan aberasgarria da haur horiekiko tratua.

Zer esango zenieke haur saharar bat etxean hartzera ausartu ez den pertsonari?

Une batez begiak itxi eta pentsa dezatela zer egoeratan bizi diren. Udako planak apur bat aldatuko baldin badizkie ere, miseria gorrian bizi den haur bati laguntza garrantzitsua emango diotela pentsatu behar dute. Mendebaldeak lotsatu egin behar luke han gertatzen ari denaz, eta mendebaldeko biztanleok zerbait egin beharra dugu haiei laguntzeko. Udan haur bat hartzea laguntzeko era erraz eta eraginkorra da. Zuen zain gaude.

 

 


Kalifikatu:
http://www.euskosare.org/euskal_herria/xabier_euzkitze_euskal_herria_sahara_elkartasuna_ekarrizketak_180808/eks_article_view