Albisteak

Politika

Informa nazazu RSS

Politika

Katalunia

Kontsulta erdigunean jarrita abiatuko da Politika Orokorreko Eztabaida

Erredakzioa

2014/09/15

Azaroaren 9rako Katalunian deitu duten kontsultak gaurko saioaren data aldarazi du; ohi baino lehenago egingo dute eztabaida, besteak beste, ostiralean ohiko osoko bilkuran kontsulten legea onartzeko.

  • Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EFE

    Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EFE

Iruzkinak

Artur Masen hitzaldiarekin abiatuko da, 16:30ean, Kataluniako Parlamentuan, Politika Orokorreko Eztabaida. Diadaren ondorenak eta, batez ere, azaroaren 9rako Katalunian deituta dagoen galdeketa izango dira protagonista nagusiak Kataluniako Parlamentuaren urte politikoari hasiera emango dion saioan.

Azaroko galdeketak gaurko saioaren egutegia aldarazi du; ohi baino lehenago egingo dute –normalean, irailaren amaieran egiten da– irailaren 24an ospatzen den Merceren jaiegunarekin bat ez egiteko eta ostiral honetan ohiko osoko bilkura batean kontsulten legea onartu ahal izateko.

Masen agerraldiak ez du denbora mugarik izango. Bihar oposizioko alderdietako buruen txanda izango da, eta asteazkenean urte politiko berrirako hainbat proposamen eztabaidatuko dituzte.

Galdeketaren aurrean Espainiako Gobernuak hartuko dituen neurriei so egingo da eztabaida. Dudarik gabe, subiranotasunaren prozesua izango da hizlari guztien hizpide nagusiena. Iaz, Politika Orokorreko Eztabaidan, galdeketa egiteko proposamenak hartu zuen protagonismo osoa.

Mas Kataluniako Presidentetzara iritsi zenetik, laugarren eztabaida orokorra izango da gaurkoa. 2012koa izan zen hautsik gehien harrotu zuena, Masek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuelako, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak itun fiskal bat adosteko eskaria atzera bota eta gero.

Oraingoan ere, ez da baztertzen Masek hauteskundeak aurreratzea, Madrilek kontsulta egitea debekatuz gero. Dena dela, aukera hori ez da gaur abiatuko den eztabaidan argituko. Ostiral honetan Kataluniako Parlamentuak kontsulten legea onartzen duenean deituko du ofizialki Masek azaroaren 9ko galdeketa, eta, orduan har lezake Madrilek galdeketa debekatzeko erabakia. Hala gertatzen bada, baliteke Kataluniako presidenteak hauteskundeak aurreratzea.

Ikusteko dago galdeketa egitea adostu zuten alderdiek (CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP) debekua iristen denerako estrategiarik hitzartu duten ala ez.

Eskoziara begira

Gaur hasiko den eztabaidaren eta ostiraleko osoko bilkuraren artean, ostegunean, Eskoziako Erreferendumaren egunean, atseden hartuko du Kataluniako Parlamentuak.

Kataluniako alderdi guztiak Eskoziara begira daude, independentziaren erreferendumaren nondik norakoak jarraitzen. Independentziaren aldekoak zein kontrakoak bat datoz Eskozian gertatzen denak Kataluniako eztabaidan eragin zuzena izango duela esatean.

Iruzkinak

Publizitatea

Azken orduko albisteak

Publizitatea

NAHIERAN NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak
Publizitatea

Ikusiena