Euskonews Gaztea

150 zbk.

Jon Arretxe
Jon Arretxe
(Basauri, 1963)

Jaiotzez basauriarra da Jon Arretxe Perez. Halere, hamabost urtez Gasteizen bizi izan zen, eta 2005etik berriz, Nafarroan, Arbizun du bizilekua. Musika arloan hasi zen umetatik; sei urterekin solfeon eta ondoren, akordeoi eta pianoa ikasi zituen, baita kantu eskoletara joan ere. Piano ikasketak burutu zituen, Euskal Filologian lizentziatu zen, Heziketa Fisikoko karrera egin zuen, Filologia Ingelesa burutzen dihardu, eta Bilboko Opera Koruko kidea da. Lanbidez idazlea, baina 18 urterekin Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoa deitzen zaion departamentuan euskara irakasle lanei ekin zien, hamar urtez. Zenbait urte beken bidez biziraun ondoren, heziketa fisiko irakaslea izan zen Gasteizko Irakasle Eskolan. Orduan, idazle izatetik bizitzeko ideia serioago hartu eta bere bizimoduari norabide berria eman zion. Hogei liburutik gora idatzi ditu, genero ezberdinak landuz, baina batez ere bidaiatuz.

Elkarrizketa

Jon Arretxe. (Idazlea)
Bidaiatzerakoan, lekuko errealitateaz jabetzeak idazten laguntzen dit

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Testua eta argazkiak

Txikitan astronauta, pilotari, pianista... egun bakoitzean gauza bat izan gura zuen Jon Arretxek. Baina idazle? Ez zitzaion burutik pasatu ere egiten, aspergarria iruditzen baitzitzaion, baina etorkizunak ezusteko ederra zuen gordeta berarentzat. Akaso haurra zenean esploratzaile izatea burutik igaro zitzaion momentu laburrean nolabait asmatu zuen bere ofizioarekin. Ezen munduan zehar asko bidaiatzen du bizkaitarrak, eta ostean, liburu forman ematen dio irakurleari tokien eta jendearen berri, bertako usaina jaso eta transmititu egiten ditu... Zer kontatu edukiko duela eta, berarekin mintzatzeko geratu gara, eta zer edo zer lortu du harekin edukitako hizketaldiak, inbidia sanoa piztea.

Bizkaian, Araban eta Nafarroan bizi izan zara. Zure bidaiatzeko zaletasun horren eraginez, akaso?

Ez dakit, kasualitatez ere bizitzan horrela ibili naiz beti, alderik alde. Noski, jaiotzez eta bihotzez bizkaitarra naiz, baina Gasteizen ikasle garaian joan nintzen eta izugarrizko urte ederrak igaro nituen bertan, ikasle–pisuetan eta. Oraindik ere askotan joaten naiz bertara, lagun onak egin nituen eta Baskoniaren bazkidea ere banaiz, pentsa! Baina egun Arbizun gustura asko bizi naiz, herri txiki eta euskaldunean, trankil.

Arbizu euskalduna, baina munduan zehar ibiltzeko hizkuntzak jakin beharko dituzu!

Bai, gaztetan hasi nintzen bidaiak egiten –18 urte inguru nituela– eta ohartu nintzen hizkuntzak jakin ezean tonto moduan geratzen zarela; horrek motibatuta hasi nintzen ingelesa ikasten. Eskolatik zerbait banekien, eta baita frantses apur bat ere, eta Afrikatik bidaiatzeko ongi etorri zitzaidan ezagutzea.

Niretzako bidaiatzen dudanean lekuez gain, jendeak dauka garrantzia gehien, turista hutsa ez izaten saiatzen bainaiz. Adibidez, Taj Mahalera joatea polita da, baina interesgarriagoa iruditzen zait kanpoan dagoen jendeak zer daukan kontatzeko, eta horretarako behar dituzu hizkuntzak. Noski, bidaiatzen ere ikasi ditut, eta esaterako Brasilen Amazonia aldean egon nintzenean, portugesez hitz egiten ikasi nuen derrigor.

Azken batean euskara gurea da, gaztelania ederto datorkigu, eta frantsesa zein ingelesa behar dira, Afrika edota Asian ibiltzea gura baduzu, esaterako –eta hara, nire toki kuttunenak dira!

Jon ArretxeUrte batzuk birbobinatu eta idazle lana serio hartu zenuenera egingo dugu.

Gasteizen irakasle lanetan aritu nintzen pare bat urtez, eta ordurako publikatuta nituen zenbait liburu; nahiko ondo saltzen hasi ziren eta 24 ordutako ogibide bihurtuz arriskatzea proposatu nion nire buruari. Irakaskuntza alboratu eta idazle fazetan sartu nintzen buru–belarri. Idaztetik bizi naiz ordutik, zerua da niretzako eta pozik, batez ere pozik bizi naiz.

Idaztetik bai, baina hitzaldiak ere ematen dituzu eskoletan, adibidez. Nola ikusten duzu gazteen irakurzaletasuna?

Kontua da gazte gutxiri gustatzen zaiela irakurtzea, eta adin konkretu bakoitzean beste zaletasunak egoten dira: jolastea, ligatzea, parrandak egitea... Eta irakurtzea pixka bat alboratuta izaten dutela begi bistakoa da. Ikastetxeetan gainera, irakasleak aukeratzen duen liburua gaztetxo horri gustatzen ote zaion jakin beharko genuke; ezen maiz esaten da “liburu hau literatura ona da”, baina askotan ikasleei ematean ez zaie gustatzen. Irakurgaiak tentuz aukeratu beharko lirateke.

Bestalde, nire esperientziagatik diot, idazlea ikastetxera joan eta haiekin solasean aritzeak motibatu egiten dituela neska–mutilak. Moduak egon badaude zaletzeko baina, noski, ez da lehentasuna. Eta normala da, nik beraien adinean ere ez nuen oso gustuko!

Eta publiko gazte horri zuzenduta Hakuna Matata zure lehenengo liburua iritsi zen 1991an. Aurreneko edizioa gainera, bizkaieraz.

Halaxe da. Labayruko jendeak proposatuta animatu nintzen euskalkian idaztera. Garai hartan ez nintzen idazle sentitzen, ez nuen pentsatzen honetara dedikatuko nintzenik ere, baina ordurako makina bat bidaia eginak nituela eta aprobetxatzeko, zerbait idazteko esan zidaten; azkenean animatu nintzen. Halere, euskalkietan idazteko joera desagertu da, literatura mailan batuan errazagoa baita irakurtzea.

Penatuta nago euskalkien gaiarekin, ezen iruditzen zait apurka–apurka desagertzen joango direla ezer egin ezean. Niri oso polita iruditzen zait norabait joanez gero, tokian tokiko euskalkia entzutea, baina noski, lau katu garenez gero, batua funtsezkoa dugu.

Aurreneko lan hartatik euri asko egin du. Hastapen haiei buruz hitz egin dezagun.

Aitortzen dut behin eta berriz eskatu zidatelako eta azkenean amore eman nuelako idatzi nuela liburu hura. (barre) Gero, Labayruko aldizkarian zenbait ipuin ere kaleratu zizkidaten eta horrela hasi nintzen. Ondoren, Tubabu etorri zen 1994an, liburu klabea niretzako. Bidaia luze bat burutu nuen basamortutik bizikletan, haren kronika egin eta lehiaketa batetara aurkeztu nuen Beasainen, irabazi eta liburu forman argitaratu zuten. Horrek, jarraitzera animatu ninduen, hasieran bidaia liburuak eginez, eta nekatu nintzenean bestelako generoak probatzen hasi nintzen: umorezko literatura, beldurrezkoa zein nobela beltzak –azken aldian nobela beltzekin dihardut.

Jon Arretxe

Eta umorezko literaturaren barruan, Ostegunak idatzi zenuen. Ziurrenik askok horrexegatik ezagutzen dute Jon Arretxe idazlea.

Bai, ziur aski jendeak Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak umorezko trilogia horrexegatik ezagutzen nau; nik “ganberradak” deitzen diet. Errealitatean oinarritu nintzen, Gasteizen ikasle eta parranda–zale bizimodua neramanean idatzitakoa da; mila anekdota sortu ziren garai hartan, pentsa, trilogia bat egiteko beste!

Nik uste dut des–dramatizatu egin behar direla gauzak, eta nahiko bizimodu tristea dugunez gero, ez gara beti gauza serioak idazten ibiliko, ezta? Barre egin behar dugu gertatzen zaizkigun gauzez. Gero nobela beltzean idazketa serioaz gain, parodia moduan bi liburu idatzi ditut –Manila Konexioa eta Kleopatra– bietan pertsonaia komikoak erabiliz... Barre egiteko beste modu bat.

Halere, gaur egun asko bidaiatzen duzu eta haietatik sortzen dira zure liburu gehienak. Zein da duzun lanerako metodologia?

Aspaldi honetan nonbaitera bidaiatzen dut eta bertan hasten naiz liburua idazten. Lehendabiziko aldia, Amazonian nobela bat kokatzea pentsatu eta bertatik bertara egitea erabaki nuenean izan zen. Gasteizen bizi nintzen, eta leihotik begiratuta...nola kokatuko nuen bada ikusten nuena oihanean! Ondorioz, Peruraino joan nintzen eta gasteiztar baten bungalowez osatutako negoziotxoan hilabetez bizi izan nintzen eta egunero idazten nuen. Esperimentua gustatu eta bestetan baino errazago egin zitzaidanez, aurrerantzean ere metodo horrekin jarraitzea pentsatu nuen; Istanbulera, Marrakexera, Venaresera, Lisboara eta abar joan eta idatzi. “Sakrifizio” hori egin behar izan dut! (barre)

Xahmaran azken liburua adibidez, Istanbul eta Munichen kokatzen da, eta idazteko, hiru eta bina alditan joan naiz hiri haietara. Aitzakia polita da bidaiatzeko, edo ez?

Esan behar dugu, bidaia horiek zure poltsikotik ordaintzen dituzunez, ez duzula bost izarretako hoteletan lo egiten. Liburu desberdinak irtengo lirateke bestela ezta?

Zalantza barik. Alde batetik esan behar dut ez naizela horrelako hotel dotoreen zalea; atzerrira noanean ez bainaiz eroso sentitzen oasi antzerakoak direla uste baitut, eta ez da errealitatea. Eta noski, aberatsa ere ez naiz bost izarretako hoteletara joateko! (barre)

  Jon Arretxe

Adibide bat ipintzearren, Venaresera bidaiatzen badut, Ganges ibai bazterreko ostatu bat aukeratzen dut, erdi eroritako jauregi zahar horietariko bat eta leihoetatik jendea ikusten dut ibai–ertzean otoitzean, esaterako. Lekuko errealitateaz jabetzeak idazten laguntzen dit, dena dago lotuta.

Errealitate horri fidel izatea edo fikzioarekin nahastea nahiago duzu?

Egia esateko aldatzen joaten naiz, batzuk kronikak dira errealitateari fidel izanik, baina fikzio hutsa direnak ere kontatu izan ditut eta errealitatea aprobetxatuz fikzioarekin nahastea. Aldatzen sentitzen naiz gustura, beti gauza bera egin gabe.

Edozein toki hartu daiteke eta nobela bat bertan kokatu?

Niri iritziz bai baina horretarako zuk zeuk sinetsi behar duzu hori, gustura sentitu behar zara toki horretan. Edozein leku izan daiteke egokia nobela kokatzeko; nik kanpoko deia jaso eta urrutiago joan beharra sentitzen dut, nahiz eta hemen ere anbientatu ditudan zenbait liburu.

Idazlearen esentzia erromantiko hori islatzen duzula iruditzen zait.

Ez dakit erromantikoa den. Halere, esango nuke motibatzen nauenaren bila bidaiatzen dudala. Pasatu izan zait bestalde, interneten saltsan nenbilela hegaldi merke bat aurkitu eta erreserbatzea. Ez dakit patuak erabakita, baina hurrengo lana bertatik egin nuen!

Hainbeste bidaiatzen duzula–eta, maiz galdetuko dizute maletan zer sartzen duzun. Nik aldiz, maleta zenbatetan galdu dizuten jakin nahiko nuke!

(barre) Behin ere ez! Zorte ikaragarria eduki dut horri dagokionez, ezen bidaia konbinazio konplikatuak egin izan ditut, baina beti iritsi zaizkit maletak! Aldiz, zenbaitetan geratu izan naiz aireportuan hegaldia hartu ezinik, overbookinga dela eta, esaterako.

Jon Arretxe

Kontatu anekdotaren bat orduan!

Asko izan dira. Baina behin pasaportearekin eduki nuen ezulertu bat Pragan. India, Pakistan, Txina, transiberiarra hartu eta Moskuraino joan, bertatik Pragara iritsi eta nire pasaportea zaharkituta zegoela eta, ez zidaten aurrera egiten utzi.

Akaso guraso bati bere seme–alabei buruz galdetzea moduan izango da, baina badaukazu liburu gustukoena edo harroen sentitzen zarena?

Bai, bai, badauzkat batzuk egia esan. Eta bat aukeratu beharko banu, nire kutuna, nire maitatuena Oroituz da, errealitatean oinarritutako nobela. Bertan Ekialdeko mundu magikoa agertzen da, monasterio budistak, hinduismoa, orientalismoa... Bizitzako sasoi jakin batetan idatzi nuen eta ardatz nagusia benetako maitasuna da. Ziurrenik besteentzat ez da onena izango, baina...

Eta esan, badaukazu proiekturik eskuartean?

Jakina. Hurrengo obra, disko–liburu bat izango da. Hain zuzen, 2000.urtean Zazpi Kolore liburua publikatu nuen, ordura arteko nire bidaia guztietako momentu berezienak jasotzen dituzten testuekin, marrazki eta kolorez beteta daude orrialdeak eta beti pentsatu izan dut hirugarren zutabe bat falta zitzaiola liburuari.

Musika mundua ongi ezagutzen dudanez gero, konpositore batek kolore bakoitzerako doinu edo kantu bat egitea lortu dut, zenbait interpretek abestuko dituzte melodiak –neu tarteko. Oso ilusionatuta nago eta 2010ean kaleratzeko asmoa daukat. Denetarik egin behar da ez aspertzeko!

Idazle izan gura duenarentzako gomendioren bat?

Ez utzi idazteari eta sinetsi zure aukeretan eta jakin zailena beti ere aurreneko liburua kaleratzea izaten dela, beraz ez desmoralizatu. Kalabaza ugari eman arren, jarraitu egin behar da. Maiz gainera, kasualitateak etorkizunean eragiten du, beraz, pazientzia funtsezkoa da. Gomendagarria izaten da gaztetan eskola mailan asko irakurri eta idaztea, lehiaketatara aurkeztea... Halere ni ez naiz hortik pasatu, zer esango dut orduan!