Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verne, Jules

Frantses idazlea (Nantes, 1828 - Amiens, 1905). Zuzenbide ikasketak hasi zituen Parisen baina bertan behera utzi eta dramak idazteari ekin zion; hartan ordea ez zuen arrakasta handirik lortu. 1863. urtean, Magasin d’Éducation et de Récreation aldizkarian Voyages extraordinaires, Cinq Semaines en ballon (Bost aste globoz) fikziozko obra idatzi zuen, sekulako arrakasta lortu zuena. 1872. urtean Amiensen hartu zuen bizilekua eta fikziozko bidaietan oinarritutako beste lau obra kaleratu zituen: Le Voyage au centre de la Terre (1864, Lurraren erdirainoko bidaia), De la Terre à la Lune (1865, Lurretik Ilargira), Vingt mille lieues sous les mers (1873, Hogei mila legoa itsaspean) eta L’île mystérieuse (1874, Misteriozko uhartea). Vernek ondorengo urteetako aurrerapen zientifiko ugari iragarri zituen bere lanetan (itsaspekoa, telebista, espaziorako bidaiak), eta zientzia fikzioaren aitatzat hartua da horregatik. 1873. urtean, kapituluz kapitulu, Tour du monde en quatre-vingt jours (1873, Munduari ingurua 80 egunetan) maisu lana argitaratzen hasi zen, Le Temps agerkarian. Vernek gazteentzat ezezik helduentzat ere idatzi zuen: Edgar Allan Poeren omenezko Le Sphinx des glaces (1897, Izotzetako esfingea), Hier et demain (1910. urtean argitaratua; Atzo eta bihar) eta L’étonnante aventure de la mision Barsac (1920an argitaratua; Barsac misioko balentriak). Jules Verneren fikziozko obrak film askoren oinarri izan dira. Haren zenbait obra itzuli da euskarara, osorik edo laburpenetan: 20.000 legoako bidaia ur azpitik; Grant kapitainaren semeak; Hamabost urteko kapitaina; Indieta beltza; Lurraren bihotzeraino; Martin Paz indioa; Migel Strogoff; Munduaren azken muturreko faroa; Munduari ingurua 80 egunetan; Lurraren erdirainoko bidaia.