gaztelumendi.org

2004/12/28/

Inuxentetzat hartzen gaitu udalak

Filed under: — gaztelumendi @ 12:32 pm

Harritu naiz. Eskaera bat egitera joan naiz herriko udalera. Liburutegian eta KZgunean ikastaro txiki bat -blog bat zelan egiten den- egiteko baimena eskatu behar nuen. Eta udal langile batek -azpikontratatua- adierazi dit liburutegia urtarrilaren 10erarte itxita egongo dela.
-Oporretan itxita? nire galdera, nire kezka.
Eta ez langilea oporretan dagoelako, udaletxean fotokopiak egiten eta udal langilearena egiten egon delako, kultur susperketa ere deitzen diote horri. Tira.
Etxera bueltatu naiz, euriagatik baino alkatearen jarrera inozoagatik kezkatuta. Udan ere antzeko zerbait egin zigun, bi hilabetez -uztaila eta abuztua- itxita eduki zuten liburutegia eta KZ gunea. Aurrera doan herria!
Oporretan, hotza ez ezik, jostailu berriez gain, liburuen beroa ere behar dugu. Ala ez? Beti Finlandiara begira. Baina, bai zera!
Arartekoari idatzi diot lehen lehenik, Euskal Administrazio Publikoak zurekin gehiegikeriaz, nahikeriaz, bereizkeriaz, oker edo zabarkeriaz jokatu duen ikertzeko eta Udalak, Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak oker jokatu badu, zure arazoa konpon dezan. Idatzi diot, zai nauka Iñigo Lamarkak. Zay nauzu, idatzi beharko diot.

Zuzenean EAEko zerbitzura ere deitu dut ostean, eta bertako telefonistak, zenbaki nuevo bat eman dit (funtzionariak dixit). Kontsumitzaileona omen, baina telefonoak (900 600 500) ez omen ditu nire herritik egindako deiak onartzen. Hezkuntza sailera eta Kultura sailera deitu dut ostean. Lehenengoan ez dute horretan konpetentziarik, alegia gure herriko haurrek, gazteek, unibertsitariek ez irakurtzea ez da beraien konpetentzia, eta bigarrenean kexa bat egiteko aholkatu didate. Bihar goizean egingo dugula esan diot nik, tramitatuko dutela berak.
Lagunei emailak bidali dizkiet. Ikastolan irakaslea den lagun bati deitu diot gero, kafe bat hartzeko. Udako historia errepikatzeko.
Dudanak eta bi egingo ditugu herrian, egoerari buelta emateko. Ez dago eta eskubiderik. Aurrera doan herria!
Oraindik Industria Saila, Spri (Konekta zaitez) eta komunikabideak falta zaizkit.
Herriko idazleak abisatzen ari naiz.
Irakurleen matxinada aldarrikatu baino, pratikan jarri beharko dugu. Eta e-posta mezu bana bidaliko diet idazle lagunei. Busti daitezen, guk irakurri ditzagun. Euria ari du.
Baina inuxentada ederra sartu digute. Gaur, bihar… urtarrilaren 10erarte.

Selekzioak eta irizpideak

Filed under: — josu landa @ 10:39 am

Inoiz baino kalapita handiagoa sortu da aurten futbol selekzioen partiden inguruan. ESAITek inplikatutako federazioei galdetu zien ea zein zen jokalariak hautatzeko erabiliko zituzten irizpideak. Erantzunik ez, jakina. Bost axola zaie federazioetakoei irizpidea zein den. Inportanteena egin egitea da. Arrazoi desberdinez, hori bai, Erresuman eta Erkidegoan.

EAEko Futbol Federazioarentzat negozioa da egunotako partida, nazioartekoa. Negozio biribila, eurek behin baino gehiagotan aitortu ohi dutenez. Horregatik gurago dute San Mames, dirua ziurrago baitakar. Askoz ekintza politikoagoa eta militanteagoa da Eguberrietako partida Nafarroako Federaziokoentzat. Haiek ez dute negoziorik egiten, haiek ideia batzuen alde egiten dute, ia besterik gabe. Hala bati nola besteari, bigarren mailako helburuak zaizkie hedabideetan eta prentsaurrekoetan kaleratu ohi direnak. Are maila eskasagokoak, jokalariak hautatzeko irizpideak zeintzuk behar luketen eztabaida “antzua".

Urtetik urtera, Euskadiko Futbol Selekzioaren partidetan katxondeoa nagusituz joan da, inork ere ez baitu (ezta antolatzaileek ere) selekzioarena serio hartu nahi izan. Eta ez nago ados ESAITen lelo nagusiarekin: jokalarien alde egin behar dela beti, haiek babestu. Nire ustez, selekzioaren giltzarrietako bat jokalarien beraien jarrera da. Ezarriko nukeen hautatze irizpide ia bakarra, jokalarien erosotasuna apur balezake, zer egingo diogu. Euskadiko selekzioarena kontu serioa izan dadila nahi badugu, “serioek” ipintzen duten baldintza bera gureganatu behar genuke: beste selekzioetan jokatu dutenek ezin dute Euskadikoarekin jokatu, ez bada espreski berriz halakorik onartzeari uko egiten ez badiote. Adibidez, Etxeberria, Del Horno, Alkiza, Riesgo, eta abarrek Euskadikoarekin jokatzen duten bitartean, selekzioarena katxondeo hutsa izango da. Beroriek aspalditik egina dute hautua: gurago dute Espainiakoarekin aritu.

2004/12/27/

gaztelumendi.org burdinazko garrikotik idazten

Filed under: — gaztelumendi @ 6:05 pm

1936ko gerra ez da amaitu, ez behintzat gure herrian. Erreferentzia hurbila da guretzat, nahiz eta ezabatzeko ahalegin asko egin diren. Ezabatzeko modurik eraginkorrena ahanztura izaten da sarritan.
Ikasten, irakurtzen, entzuten ari gara ordea. Eta gustura irakurtzen ditugu orduko gaiak lantzen dituzten nobelak, edo ordudanik itxi barik dauden orbanei buruzko testigantzak.

Oraindik, izen gabeko hilak agertzen dira gure lurpean, gerrikoan lauburua dutela.
Guk, Gaztelumendi izeneko muinoa dugu herrian bertan. Bizkargi izeneko tontorra ondoan. Gerra zibila deitutakoan balentria, odoljario, oinaze eta burruken lekuko. Gerra antifaxistaren testigu.

Gaztelumendi hartu dugu izentzat blog honetarako, hain zuzen ere, gure herriari buruz berba egiteko gune egokia delako. Suntsitzen ari den uria ikusten dugu bertatik, inguruko mendiei so egiten diegu -bertotik ikusten dira Bizkargi, Oiz, Udalaitz, Anboto, Gorbea, Ganguren, Ganekogorta-, Bilbo gertu daukagu, gure hiriburua. Eta faxistak sartzen direla ohartzen gara orain ere, duela 70 urte bezala. Atzo bezala.

Gune honetako lubakietatik, hainbat lagunek idazten dute: Josu Landa, Gotzon Barandiaran… eta aurrerantzean ere lagun berriek parte hartuko dute. Hau ez da kontu pertsonal bat. Hau gune kolektibo bat da, inguruan ikusten ditugunak astintzeko xedez osatutako gunea.

Gaztelumendi gure imaginarioan dago, eta benetakoa da. Beraz ez da Obaba, ez da Kalaportu. 322 metrotara dago eta sateliteak izarlokei begira paratuak ditugu. Wireless konexiodun baserrietatik idazten dizuegu. Gure zuloetan topatuko dituzte atzoko bala eta obusak, gaurko erakusgarri bihurtuak denak. Idazmakina zaharrak eta ibook berriak parez pare. Bukatu ez den gerra, esan dizuegu.

2004/12/22/

2 x (taloa+txorizoa+txakolina) 13 €

Filed under: — gaztelumendi @ 11:23 am

Musikia jekok ala? itaundu nion bart Zamudioko baserri bateko ugazaba ematen zuenari. Hasarre aurpegia jarri eta marmarka hasi zen bera.
Hi, ni enok bilbotarra eh?! ni ez engaineu mesedez! esanez eman nion haginkada taloari -eskasa portzierto- Plaza Barrian.

Hasarratu egin zen Zamudiokoa. Hurrengoan neuk egiteko erantzun zidan, neu jartzeko taloak eta egiten. Kontua da, berak ez dakiela, larrabetzuarrok maiz egoten garela taloa eta txorizoa egiten, eta hiritarrak engainetan. Merkeago eta gozoagoa saldu genuen azken Ibilaldian, eta etekin guztiak Betiko ikastolarentzat izan ziren.

Baina horrenbesterako! Ulala, bi talo txorizo eskasagaz eta txakolin mikatz basoerdi bi, 13 €. Ezin sinestu. Baina isilik ez gero. 13 €urogaz, ia ia bi lagunek bazkaltzeko lain. Taloa eta txorizoa eta txakolin mikatza.

Kontua da, baserritarra beti negarrez dagoela. Hori pentsatu ohi dugu. Baina baserritik bizi ez den askok holango egunetan pelotazoa jo gura duela. Non eta Bilbon. BBK berriz pozik. Zenbat eta gehiago saldu, diru gehiago sartuko dute Bilbao Bizkaia Kutxan. Ze, hori ere badakizue ezta? BBKn dirurik sartu ezik, ez dago posturik Bilboko Santo Tomasen. Hori ere egin behar da gero. Jukutria jukutriarekin. Eta gu ordaintzeko. Barriro ez.

2004/12/20/

Akarrak txoriari

Filed under: — gaztelumendi @ 5:35 pm

akarrak txoriari
argazkia: Niko Moreno bertsozale.com
Bizkaiko finala gozatu genuen atzo Euskaldunan. Final itzela. Gorabeheratsua bai, gura baduzue, baina goia momentu askotan jo zuena. 8 bertsolari taula gainean, eta ia 5000 begi eta belarri adi adi.
Txapela, barriro ere Igor Elortzaren burura. Argi eta garbi, hor ez zen dudarik egon. Hasiera hasieratik oso ondo aritu zen Durangoko platerua eta bera izan zen beste bertsolarien akuilu era sarritan.
Unai berandu izartu zen, oso gauza politak egin zituen arren, buruz buru Igorregaz aritu zanerarte ez genuen Unai Iturriaga bertsolaria ikusi. Hau ez da bere txapelketa izan. Nahiz eta oso gauza politak egin dituen, baina horrek danok barriro entzun beharko ditugu. Benetan.
Benetan sendo eta seguru Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia. Galtzeko ezer ez duenak dana dauka irabazteko. Zorian. Itzel biak. Arriskatzen, bustitzen -asko, asko busti ziren atzokoan, baina tira- eta holan lortu zuten lortu zuten emaitza ere, berdinduta markagailuan.
Gure Etxahunek ez zuen bere saiorik onena egin. Baina gu, pozik ibili ginen bera entzuten. Egon ginen guztiok zarata ugari egin gendun bere agur eta bertsoen artean, eta berak be keinu polita egin zigun saioaren amaieran. Ez dogu erraz ahaztuko. Bertsolaria baino, pertsona handiagoa delako Etxahun. Irakurri duzue atzoko Berriako elkarrizketa? Pena, Interneten agerian ez egotea, oso gauza politak eta zintzoak esan zituelako gure lagunak.
Tira, txapelketa joan da, eta guk orain datorren zapatuan beste zita bat daukagu bertsogintzarekin. Xabier Amuriza, Jon Lopategi, Unai Iturriaga eta Igor Elortza etorriko direlako gaztetxera. Kontatuko dizuegu.
bertso saioa
Afitxeko argazkiak: Tusuri

2004/12/17/

Inoren ero ni Larrabetzuko gaztetxean

Filed under: — gaztelumendi @ 1:54 pm

Inoren ero ni

2004/12/16/

Sarri gure artean, azkenekoz

Filed under: — gaztelumendi @ 8:30 am

Sarri gure artean

Bihotz Bakartien Klubak gaur, Durangoko Plateruena kafe antzokian Sarri gure artean errezitala azkenekoz eskainiko du. Bart, Bilbon izan ginen Txurdinagako AEKren euskaltegian. Ondo pasa dugu, amaiera batek ematen duen tristeziari eutsi ezinik. Lau urte dira Lagun izoztua liburuko erreferentzia hartuaz, bihotz bakartien kluba sortu genuela. Gerora makina bat saio egin ditugu. Ez da gutxi. Bide berriekin ari gara baina.

Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan. Joseba Sarrionandia

Amets finlandiar bat: Sorgintxulo

Filed under: — gaztelumendi @ 8:29 am

Sorgintxulo

Santutxun liburutegia, zinema, tailerrak, bertso eskola zaharrenaren aterbe, informatika gela, hacker laborategi sortu berria… bertako eta inguruko gazteentzat/guztientzat amets finlandiar bat. Fin lan egitearen ordaina. Finlandia berton, Bilbon. Euskal Herrian. Amesgaiztoa berriz, euskal labelduna.

2004/12/15/

Bizkaiko bertsolari finala domekan

Filed under: — gaztelumendi @ 2:18 pm

Goiak jota dabil bertsolaritza gurean. Ez da harritzekoa. Isilpean lan asko egin da azken urteotan. Larregi nabarmendu barik. Eta emaitzak etorri datoz gerora. Jon Lopategiren eskutik bertsotan hasi hezi eta hazitako finala izango da Euskaldunakoa.
Etxahun Lekue bertsolari finalista Euskaldunan
-Harro egongo haz! esaten zidan aurrekoan Abadiñon Lopategik, Etxahun finalera duin heldu delako.
-Harro heu egongo haz! erantzun nion nik, finalean dauden guztiak bere eskutik ibili izan eta oraindik dabiltzalako.

Harro gabiltza aspaldion herrian. Lehen ere nahiko harroak izan bagara be. Baina zer gura duzue esatea, euskaldunak ere harro gaude euskaldun izateaz, eta horregatik ez da inor lotsatzen. Zergaitik lotsatuko gara ba gu, herri txiki honetako biztanle izateaz?

Harro eroateko moduko zama daukagu gainean. Pozik egiten dugunaz, inork ezer emon barik gainera. Pozik gaztetxeagatik, kultur jardueragatik, pozik abertzaleak izan eta abertzale moduan bizitzen saiatzeagatik, pozik herria euskalduntzen ematen ditugun uneengatik, pozik umeak oraindik okerrak direla ikusteagatik, pozik frontoian pelotari batzuk eta makina bat zaletu daudelako… Lema bat ere sortu genuen, Larrabetzuarrok, harro gure herriagatik. Lema ilegalizatu egin ziguten gero. Zer egingo diogu ba.

Tira, domekan da saioa, Etxahun Lekue laguna, ikaslea, kidea eta maisua han egongo da. Han egongo gara hainbat herritar. 50 inguru edo. Sarrerak finalistak nortzuk izango ziren jakin orduko erosi genituen guztiok. Bertso eskolako eta elkarteko jendea fin aritu da, dana esan beharra dago, eta domekakoa egun ederra izango da Euskaldunan. Guk lehenago alde zaharrean bazkalduko dugu, Etxahun barik. Ostean beragaz edan eta ospatuko dugu.

argazkia: Alberto Unamuno bertsozale.com

2004/12/14/

Amezketarrak ez daude txistetarako

Filed under: — gaztelumendi @ 11:00 am

Iragan larunbatean Berria irakurtzen hasi eta mundua gainera erori zitzaidan -esateko modu bat da, aizue!-. Amezketako eskolan 10 hilabete egin dituzte Internet konexio barik. Gure herriari, gure imaginarioari, umoreari, historiari eta baita literaturari ere horrenbeste eskaini dion herria, Amezketa, konexio barik utzi dugu. Out.
Pernando Amezketarra
Ez dut konprenitzen, ez nuen konprenitzen, eta larunbatero Euskadi Irratiko Faktoria saioan egiten dudan Interneti buruzko tartean, ezin izan nuen gaia ekidin. Aurrera doan herria garela diosku telebista iragarkiak. Aurrera, bai, baina inori kasurik egin barik. Pernandoren astoaren antzera. Aurrera.
Eskolako maisu-maistra, guraso eta ikasleak ezin on_line egon. Hitzak soberan daude.
Timofonica, Euskaljel, Iztueta anderea, Industria zaila eta konekta zaitez: Amezketagatik, Pernandogatik; ez da hain zaila eta.

2004/12/13/

irratia.com 2.0

Filed under: — gaztelumendi @ 9:34 am

irratia.com
2000. urtean hasi ginen abentura honetan Jabi Zabala eta biok. Irrati digitala genuen amets. Internet bidez euskaraz irratigintza egitea. Aspaldi da 2000. urtea gurean. Aspaldi Interneten.
Tas Tas irrati libreko (Bilbo, 97.0 fm) uhinetatik ez ezik, kable eskas batetik, fax-aren linea erabiliz, zuzenean emititzea lortu genuen. 2000.ko azaroaren lehenean. Gero gauza asko egin genituen, gune honetan oroituko dituzue.
Orain buetan gatoz, i+g (ikasten eta garatzen) ibili ostean, irrati bitakora bat atondu dugu. Prest dago, erakusteko moduan. Eta asteon hasitan, asteartero ibiliko gara zuzenean. Teknologia Berriei buruzko saioa eginez Bilbo Hiria Irratian (Bilbo, 96.0 fm).
Irratia.com prest daukagu, baina zuek ere parte hartu dezakezue. Lehen bezala, gaur.

Larrabetzutik Arrasatera

Filed under: — gaztelumendi @ 9:20 am

Gogoratzen dudan nire lehen manifestazioa izango zen, akordatzen naiz. Amagaz joan nintzen, bizikleta ttikia eskuan neraman. Jose Antonio Lekue alkatea eta Herrigintzako zinegotziak kartzeleratu gura zituztelako. Orduan ere, autoak Madriletik etortzen zirela akordatzen naiz. Larrabetzuko herriak, Erregea euskal lurrak zapaltzeko gauza ez zela aldarrikatu zuen, persona non grata, ulertuko duzue. Euskaraz ebatzia hartu zuten udaletxean, Euskaltzaindiak erdal hizkuntzara itzuli behar izan zuen agiria, badakizue gure erret akademia da Euskaltzaindia. 1981 urtea zen, Gernikara etorri behar zuen monarkak. Eta Larrabetzu beti egon da historian, Gernikara bidean. Erregeek, gure legeak sinatzen zituzten Eleizalden, hortik Ruta Juradera-rena. Guk ere izan genuen gure arbola Aretxabalaganen.
6 urteko kartzela eskaera egin zuten gure ordezkarientzat, eta mobilizazioak etengabekoak izan ziren herrian. Eskaeraren arrazoia: “Injurias al jefe del Estado". Argi ulertu genuen, bera da jefea.
Duela gutxiago, 11 urte inguru edo, erreginak ere Larrabetzu hautatu zuen berriz bere ibilbideetako batean. Isilpean ondo gordea zuten, baina okinak jo zuen abisua, gehiegizko eskaera egin ziotela. Ogi larregi baserriko gaisoentzat. Bisita egin behar zuen baserrian egon ginen, eta baieztatu ahal izan genuen. Mobilizazioak antolatu genituen, eta udal agiria gogorarazi genien. Operazio haren buru, ertzainen aldetik Joseba Goikoetxea Asla izan zen, akordatzen naiz. Gero ETAk Bilbon hil zuen. Handik gutxira. Herritarrak pistolaz mehatxatu zituen bera zen. Bere burua ikusten dut oraindik.
Atzo bezala gaur, guretzat oraindik errege-erreginak euskal lurrak zapaltzeko gauza ez direla aldarrikatu gura dugu. Zapaltzen dituzte, zapaltzen jarraitzen gaituztelako.
Arrasaten izan nintzen eguenean. Non grata izendatu baino lehen, erregeren ordezkariek, erregeren menpekoek Xabier Zubizarreta alkate bezala erditik kendu dute. Horrenbeste urtetan alkate eta kooperatibista izandakoa, bidetik kentzean baliatu dute errege-erreginak Arrasatera etortzeko. Arrasate zapaltzeko.

Mondragonek gomitatu du. Kooperatibismoak urrats bat eman du, negozioaren egiteko. Azaldu beharko digu norbaitek. “Kooperatibismoa eta monarkia” gaia jorratzea eskatuko nieke orain Jon Sarasua eta Joseba Azkarragari beraien ikerketa mintegian. Irrikatzen gaude. Ea nola mozorrotzen diguten. Nik neuk bederen ez dut konprenitzen. Arrasaten ere kezka asko somatu nituen. Ikurriñak balkoietan, eta pertsianak jeitsita. Kolore guztietako poliziak eta Jefe del Estado dena injuriatzeko aukera gutxi.
Erregeak Arrasaten Poliziak Arrasaten Ikurriñak Arrasaten

Bart lagun batek, Euskadirena den kutxatik, diruok mugitu egin behar ditugula esan dit. Desobedientzia eta mespretxu jarrera argia izanen litzateke, saia gaitezen, astebetez gutxienez. Carrefour edo Pryca ez dira jatorragoak. Zanussi ez da gutakoagoa. Baina argi esaten dute. Datorren urteko Kilometroak ere MCCko ikastola batek antolatu behar ditu. Nik egun horretan Larrabetzutik Gernikarako bidea hartuko dut oinez. Zin dagizuet.

2004/12/11/

Noriaren karranka

Filed under: — gaztelumendi @ 8:18 am

Idazteko ez ezik, irakurtzeko ere baliatu beharko genituzke blogak. Gustuko ditugunak banatzeko. Kili kili egiten digunak, jendaurrean erakusteko. Goiz jeiki naiz, eta kioskora joateko jantzi aurretik, nik ere irakurketa diagonala burutu dut euskal prentsa elektronikoan. Egunotako bizipenak, ederto asko kontatu dizkigu Eider Rodriguezek Berria egunkarian. Hau hemen utzi, eta ogia eta egunkariak erostera noa. Gainera Literatura Eskola daukagu gaur.

Noriaren karranka
Pelutxeak, egutegiak, mahai-jokoak, elastikoak, pinak, pegatinak, agendak, motxilak salgai. Liburuak eta diskoak ere bai, kultura eta min kolateralak, industriaren ajeak, erromantizismoaren garaia aspaldi da iragan. Baina zein epel egoten den tonbola berrian, eta zenbat txotxona saltzen diren. Jendea uholdeka ibili da aurten baita ere, azoka hutsen egon denean ere mukuru, megafoniatik idazle eta musikariak eskaintzak egiten ari direla dioen ahotsa. Erakusmahaiaren alde honetara zegoen honek, argitaletxe bateko langile, idazleekin konpartitu zuen lubakia, hirugarren urtez. Eta hirugarren urtez, salmenta eroari zalaparta alaiari festa usainari ezinbesteko sozializazioari iji eta aja eta egongo gara aupa aspaldiko, hortzez gainezka egiten duten irribarreen zurrunbiloari balazta jarri dion gauza bakarra izan da esaldi hau:
Asierrentzat jarri, Galizian dago, espetxean. Edo beste hau: Josu eta Krisentzat, Soto del Realen daude, zure jarraitzaileak dira. Edo ama baten heriotzaren berriak.Ezein euskal herritarren izena eta Espainiako edo Frantziako geografiako punttu bat, hamaika aldiz entzun den esaldia Durangoko azokan. Eta sinatzen ari den idazleari nola joaten zaizkion estaltzen ordura arte barrea erakusten zuten hortzak, teloia jaisten denean bezala komedia baten amaieran. Muturra estutzen du, banitate festa bukatu da sikiera minutu batez, eta ahalegintzen da eskaintzarekin, zogi. Baina kanbioak itzultzerakoan eskua hoztu zaio eta eztarria sikatu. Noriaren karranka entzun ahal da Durangon.Eta zenbat jende ibili den aurtengo azokan ere bai, baina zenbat jende ez den ibili aurtengo azokan ere ez. Filipe eta Josebak ez dute libururik sinatu, ezta ataratzeko minez daudenek ere. Xabier Alegria poltsaz kargaturik ikustea agerkunde mariano bat izan zen ia. Aurten 18/98 sumario salatuz oharrak banatzen aritu diren asko galeretan higatzen egongo dira 2005ean. Gerediagakoek datorren urtean jendea zenbatzeko neurriren bat jarriko dutela iragarri dute. Ez diot beharrezkoa irizten dirua horretan xahutzeari, are gutxiago zenbaketa hain erraza izanki: datorren urtean ere jende asko, baina 700 falta izango dira.

Eider Rodriguez

2004/12/10/

Mina ematen duten argazkiak

Filed under: — gaztelumendi @ 11:17 am

Nire lagun Gotzon Barandiaranek, testu hau igorri dit e-postaz. Berehala argitaratu dut, begietako dizdira ordenadore pantailan ispilututa. Bost egunez Durangon izan gara biok, egunero. Joan eta etorri. Elkarrekin denbora guztian, baina ez batera. Maitasunaz aritu gara, literaturari, lagunei, herriari. Ama eta semearen artekoa berak azaldu du hobeto. Besteen artekoa ez dakit maitasuna den, tira…
Mina ematen duten argazkiak  | karmele solaguren | ekain gerra

Mina ematen duten argazkiak
Lehenengo eta bat nire elkartasuna helarazi gura diot Burgosko espetxean duten Ekain Gerrari eta haren familia osoari eta espero dut haren aita Jose Luis albait arinen eta ondoen sendatuko dena.

Karmele, zeuri, zer esan. Gure herriko horma batean ikusi zaitut, semearen argazkia eskuetan, irribarretsu, harro, eta iruditu zait zure aurretik iragaiten ari zirenei azalpenak eman gurean zabizela: “ badakizue nor den? Ba, Ekain da, gure semea, preso dute Espainiako kartzela batean, ETAkoa izatearen akusaziopean. Terrorista dela esaten dute, ez duela bihotzik, munstroa dela, ziega zuloan usteltzea merezi duela… baina gure semea da, Ekain eta ni bere ama naiz, Karmele, eta ulertuko duzue bere argazkia eskuetan izatea, ezta?”

Beste argazki bat ere ikusi dut, egunkarietan, Garan eta Berrian. Ekain ageri da , zure hilotzaren aurrean,negarretan urtzen. Ez genuen argazki horien beharrik Ekainen samina zenbaterainokoa izan daitekeen suposatzeko, ez genuen argazki horien beharrik Ekain sufritzen duen pertsona dela irudikatzeko, ez genuen argazki horien beharrik Ekainek maite zintuela suposatzeko. Ez, ez genuen argazki horien beharrik. Poliziek barre egingo dutelakoan nago. Seguruenik egunkari horiek eskuetan zituztela esango zioten Ekaini bera dela zure heriotzaren errudun .

Beste argazki bat ere ikusi dut egunkarietan, oso ezaguna egin zaidana. Ez ditut euren izen-deiturak ondo gogoratzen baina uste dut batek Juan Carlos duela izena eta besteak Juan Jose. Horiek ere irribarretsu ageri dira baina ezin dut asmatu zer pentsatzen ari diren; uste dut ez dutela inori azalpenik emateko gogorik. Zelangoa ete da negatiboa.

gotzon barandiaran

2004/12/9/

Euskal torturatzaileak

Filed under: — josu landa @ 2:46 pm

Hondartza batean gaude. Bi pertsona harean lurperatu ditugu leporaino. Burua ez beste guztia hondarpean. Marea behean dago, eta marea igo arte itxaron beharra dago. Bietatik tortura luzeen aguandatzen duena libre geldituko da.

Kronometroa martxan jarri da. Handik minutu batzuetara torturatzaileen buruak hamar bat zentimetroko karramarro bat atera du eta, hondarpetuek zein arriskutsua den argi jakin dezaten, minutu batzuk pasatzen ditu animaliaren haginkadak probokatzen eta haien inguruko komentarioak ozen esaten. Ondoren, burua besterik mugi ez dezaketen bien lepo bueltan utzi du karramarroa. Izua eta ikara lurperatuen begietan, piztiaren ibilbideari erreparaka.

Ordubetetik gora iraun du uraren gorakako bideak. Olatu gero eta handiagoak iristen dira gixajo bien sudur-ahoetara. Bufadak eta arnasestuak. Biktimak tematiak eta gogorrak dira, ordea, eta uste baino gehiago irautearen ondorioz urak gorputzen gaineko harea eroan du osorik. Libre daude eta gorputzak flotatzen. Torturatzaileen nagusiak dio hori tranpa dela, ez duela balio, eta tortura saiotik libratu diren beste bi ziegakideri agintzen die hanka banaz beste biei bularra zapaltzeko, uretan hondora daitezen, ezin dezaten arnasa har. Orduan bai, masail puztuak, arnasbeharrak eta hatsanturak espektakularki larriagotzen hasi dira. Bietako batek amore eman du, azkenean… Amaitu da saioa. Bainera eta kirofanoa.

Kontatu dudana ez da goardia zibilen koartelean gertatua. Pasa den astelehen gauean ikusi nuen ETBko programa batean, euskarazko telebista publikoak antolatutako lehiaketa abarkadunean.

Biharamunean lagunak esan zidan audientzia handia daukala programak. Nago, 2003ko otsaileko Iñaki Uriaren flexioak eta poltsa saioak, aitorpenik sinatuko ez zuela tematuta, saio hura, diot, erretransmititu balute audientzia handia jasoko zukeela. Nik, adibidez, Basetxeko tortura saioa oso-osorik ikusi nuen.

2004/12/8/

149 gramo amets | bihotza burua eskua | ilargiaren sekretua

Filed under: — gaztelumendi @ 11:08 am

Goiza libre hartzeko gomita eman zidan lankideak. Baita nik hartu ere. Laboralera joan nintzen, non da intxaur kaja fuertia? galdetu, eta nire operazioak egin nituen. Ez naiz argitaletxeko kontablea, bistan da, baina neure kontabilitatea egunean jarri beharra nuen, eta diru apur bat hartu, neuk ere neure erosketak egin ahal izateko.
Ezkurdi kalea, Sarrionandiak ipuin batean aipatzen duen Batzokiaren ondoan. Badakizue ezta? Ipuin ederra da, Sabino Aranazaleak garenontzako gogoeta bat. Hori bihar.
Aurrerago jarraitu kalean, eta San Agustin kulturgunera abiatu. Bai, han zen. Nire beste hitzordua, maite dudan jendearen ondoan.
Ikusten nituen guztiak ni baino askoz txikiagoak ziren, ni ere noizbait horrelako bat izan nintzen. Ez zegoen euskarazko filmerik orduan, pailazoetara ez ninduten eroaten aitak eta amak. Oraingoak, horrenbeste desgrazia, globalizazio eta patu eskasen artean, euskarazko filme bat badute bederen, eta nik beraiekin konpartitu gura nuen une hori, Ilargiaren sekretua….
Ilargiaren sekretua
Ume asko esan dizuet, gurasoak txandaka.
-Zureak eta nireak gaur nigaz,
-Ni azokara noa, erosketak egitera.
-Pelikula amaitzean, hemen eh?! Mogidu barik

Pozik ume artean, zer esango dizuet. Oso pozik. Eta adinekoen artean, ni baino gazteagoak eta ni baino nagusiagoak ziur aski, hori bai, denak guraso. Beraz, ni aita eta ama barik joan den gaztetxoaren paperean sartu nintzen.
Horretarako, sarrera erosi ostean -merkea portzierto, 3 euro, dabizen prezixuetarako…- ni ere gominolak erostera joan behar nintzen, ezta?
Erosi nituen gominolok, eta goi goiko lerroan jezarri. Protagonistei, nire lagun umeei lekurik ez kentzearren. Eta Aitor eta Joseba egokitu zitzaizkidan ondoan. Beltzak biak. Beraientzako banuen zeozer, beraz lagun egitea ez zen zaila izango. Gomazko koka kolak erakutsi, eta Kurutziaga ikastolan ibiltzen direla esan zidan nagusienak, Aitorrek. Durengokuek direla esana zidan ordurako Joseba, aulkitik pantaila ikusi ezinik zebilenak. Ama ez, ama zuria zuten, eta ez nion izenik galdetu. Erderaz ari ginen, gominolarik ez zuen gura gainera. Beraz, Aitor eta Josebagaz gusturago ni, lagunagoak apika.

Ramon Agirre eta Niko Lizeaga pantaila erraldoian. Itsasuntzi batean porturatzen, Pasaira. Ume bat barnean, izkutatuta, zakuen artean. Burka bat buruan, eta gurea baino kolore politagoa aurpegian eta gorputzean. Desertutik etorria-ekarria behar zuen, eta filmea hastera doa. Ume guzti guztiak isil isilik.

Eta hondartza, eta ikastola umeak -tartean Pirritx eta Porrotx- eta filmea aurrera doa. Eta apurka apurka istorioaren barnean sartu nintzen, Joseba Aitor Ainara Uxue Ainhoa Markel Mikel Kattalin Sigid Maite eta beste askogaz batera. Filmea ikusi, bideoklipekin dantzatzeko gogoa, irakaslearekin trufa, Porrotxegaz kantatu, egunkari saltzaileagaz errukitu, Ilargiarekin amets. Eta faroaren argipean erabat murgildua nintzen. Besteak ere bai. Josebak amari Takolo non dagoen galdetzen zion. Nik ez daukat erantzunik. Zuek?

Lagun talde bat, Porrotx eta Pirritx tartean, mobilak eskuetan, ikastolan erakutsi ez dietena ikasten ari dira: gaueko lorak. Ilargiaren sekretua. BA NU multinazionalekoak dira etsaiak. Zelan ez, leloak morroiak, oso azkarra enpresako nagusia, emakumea. Mendiaren gainean dute gotorlekua, eta munduko gau lora guztiak zurrupatu dituzte. Lapurtu, ebatsi. Eta mundua triste dago, jendea haserre, zuhaitzak lehortuta…

Eta taldeak ekin dio bere planari. Bihotza, burua, eskua; sentitu, pentsatu, ekin. Gehiago ez dizuet kontatuko.

Filme bat ikusi dut euskaraz. Eneko Olasagastiri esan diot arratsaldean. Salaketa bat jarri omen dute gaur bertan edo atzo, egunkariak albistea dakar.
Hik Hasikoek, diru barik ekin zioten erronkari. Bihotza, burua, eskua. Kultura sailak: 0 €. Zero €uro aizuek.
Filmea amaitzera doa, nire pelikula ez. Kontent dira orain umeak, kontent gurasoak. Ordu eta laurden eman dugu aretoan, irri eta poz artean. Eta Joseba eta Aitorrekin partekatutako 149 gramo gominolak amaitu egin dira. Azukrearen gozoa, ilargiaren sekretua. Durangotik gau lorak ikustera joango naiz baserrira, Amona Josefinaren ondora. Behiari historia bat kontatzera. Egunkari saltzaileari irri egitera, Kukubiltxokoei pelikula kontatzera. Gaztetxeko proiektorea montatzera. Hik Hasiko estand bakarrera DVDa erostera.

2004/12/6/

Abenduak 6 lan egun gogorra gaurkoa

Filed under: — gaztelumendi @ 11:01 pm

Intsumisioaren aldeko jarrera zabaldu gura izan dute gaurkoan ere gazte eta ikasleek. Nik goizean hitzordua nuen hartua Durangoko Institutoan. Klasera joan naizela. Aspaldiko partez.

Ikasle pila bat topatu ditut institutoan, irakasleak lau. Txokolate beroa hartu eta hizketan ari zen italiar baten berbak entzun ditut. Italiako ezkerraz eta eskumaz ari zen, Iparraldeaz eta Hegoaldeaz. Sindikatuetaz, patronalaz…. hango burrukak eta Euskal Herriarekiko elkartasuna.

Hurrengo hizlaria behar nuen izan. Copyleft eta egile eskubideak, Literatura eta kontsumoa gaia jorratzeko eskatu zidan Peru Madalenak duela aste batzuk, nik baietz, gustura joango nintzela lan egitera abenduaren 6an.

Berez, lanetik eskakeatzeko baliatu dut gaurko hitzaldia. Institutoko giroa arnasteko, gazteagoen artean murgiltzeko, ikasteko. Eta lezio ederra eman didate Durangaldeko gazteek. Intsumisioa lelo barik, eguneroko akuilu moduan hartu dute, eta badira 6 urte, instituto honetan abenduaren 6an eskolak hartzen dituztela. Egitaraua alternatiboa, baina ikasgaiak ugari.

Copyright eta Copyleft azaltzen saiatu naiz. Eskuma eta ezkerra baino zerbait gehiago da berez. Lizentziak, banaketa, sorkuntzaren sozializazioa, kopiak eta negozio eza… datu asko, baina ikasleak adi adi nituen. Irakasleak kafearen ostean sartu dira aretora, berandu. Ez diegu baina, atentziorik deitu. Irakasle jatorrenak omen.

Ordu erdi azkar batean klasea ematen saiatu naiz. Nik ere ez ditut txapak jasaten. Galde erantzunetan aritzea gura nuen, kezkaraztea nuen helburu. Eta jode! Itaunka hasi zaizkit, etengabe, La Salven baino galdera gehiago… erakargarriagoak baina. Ikusmina pizten du gaiak. Literaturaz mintzatu gara, fotokopietaz, CDen gainean, liburutegien filosofiaz, kanta zaharrak ea norenak diren, maketa gehiago egin beharraz, lizentziak, zigorrak. Galdetu ahala, ni neu konturatzen nintzen, gai honek askotarako ematen duela. Abenduak 6 inposaketaren eguna den bezala, inposatutako gai asko dagoela eztabaidatzeko ere.

Gaueko oroitzapenak goizean
Bart entsegua egin genuen Josu Landak eta biok Imanol Muruarekin. Alde eta kontra aritu ginen, eta Imanolek uste dut ezer ulertu barik jarraituko duela, baina luzaz mintzatu ginen, Irish pub horretan. Aspaldidanik editorea da Josu Landa, hasiberria naiz ni kontu hauetan. Eta maiz eztabaidatzen dugu honetaz, baina beti ikasten da zeozer.

Otxandio eta SGAE
Ikasleen artetik baina, Otxandioko Gazte Asanbladako kaputxadun jertsea zuen batek egin du nire ustez interbentziorik adierazgarriena. SGAE izan du hizpide, eta Otxandion antolatutako kantaldi bat jarri du adibide gisa. Fermin Muguruza eta Kontrabandak kontzertua eskaini zuten herrian, eta Ferminek espresuki uko egin zion SGAEko kouta kobratzeari, kontzertu horri zegokionean. Ordudanik, SGAEko lapurrek 3.000 € eskatzen dizkioete kontzertua antolatzen aritu zirenei.
Argi mintzatu da gaztea SGAEren kontra, eta guk ere EZgae lelo baino gehiago dela pentsatu dugu. EZgae esan behar dugula ozen!

Abenduak 6, Institutotik Azokara. Liburuak saltzera. Poesia liburuak eta nobelak saltzen eman dut eguna, eta Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur gomendatu diet laguntzat ditudan askori. Ez dira damatuko. Bi egun geratzen dira azoka bukatzeko, gogorrak izango diren ustea daukagu guztiok. Gaur atoan etorri gara etxera. Logura naiz, eta bihar arte.

postdata
Oso artikulu interesgarria topatu berri dut Gaztesarean gai honen inguruan.
Merkatuaren logikatik at dabiltzan sormen lanek inoiz baino leku gehiago hartu dute Durangoko Azokan

Azokan sartzea kobratu nahi dizute

Filed under: — josu landa @ 8:35 pm

“Dizute” diot, eta ez “didate", neu Susa argitaletxeko saltokira joan ohi naizelako, negozioa egitera, eta beti izanen nuke “iraganbideren” bat azokara dohainik sartzeko. Gaztelumendik berak esan zidan pasa den hilabetean: “Entzun al duk? Durangoko Azokan sarrera kobratzen hastekoak dituk". Adarra jotzen ari zitzaidalakoan begiratu nion. Oker nengoen, bistan denez. Baiki, aitzitik, asmo horretan daude. Eta kazetariak, lan zikina egiten. Aurrena elkarrizketa batean izan zen: “Jakin dugu sarrera kobratzea eztabaidatu duzuela, zertan da hori?". Eta azkena, atzoko Berrian inkesta: “Zer iruditzen zaizu sarrera kobratzea?". Eta, jakina, lau erantzunetatik bi kontra, eta beste biak alde. Gainera, aldekoetako batek gehienez hiru euro onartuko lukeela zioen.
Gerediagakoak termometroa jartzen ari zaizkigu prentsaren bidez. Eta badakit Irune Berro kazetaria ez dela Gerediagakoen infiltratua, baina zer gura duzue esatea… Imajinatzen ahal dut zein den antolatzaileak sarrera kobratzera bultzatzen dituen arrazoia. 130.000 bisitari (omen) bider euro bat: 21 kilo. Bina euro kobratuz gero, 42. Ulertzekoa da tentazinoa, benaz ulertzekoa.
Ez ei da nahikoa azken aldian euskarazko produktuen erosleari zabaltzen zaion mezuarekin ("zuek zarete gure krisiaren errudunak, ez baituzue aski erosten, CD piratak ekoizten dituzue, fotokopiak egiten dituzue"); orain, zerga ez-ofizialen mahukatik ere bizi nahi dugu guztiok. Ikastolek pasiatzeagatik kobratzen badute (urrats, oinez, kilometroak…), guk zergatik ez dugu kobratuko jendea Landako eraikinean izerdi patsetan egoteagatik eta elkarren sorbalda-besoekin etengabe estropezu egiten ibiltzeagatik? Liburu-diskoak erosten dituzte, egia da, baina Ibilaldia-n ere bokatak edo elastikoak erosten dituzte, eta batak ez du bestea kentzen. Ez-ohiko sarrerak ongietorriak bitez.
Ni, aldiz, usteak nauka Durangora joaten den jendeak nahikoa eta sobera egiten duela egiten duenarekin. Besteok egiten dugunarekin alderatuta, esan nahi dut. Jakingarri litzateke diskoetxeetako arduradunek zenbat euskal disko erosten dituzten urtean, eta gauza bera liburu argitaletxeetakoek. Erraza baita produktuok debalde lortzea industriako eragileontzat. Lezioak ematea libre da gero!
Nolanahi ere, ekonomiaz ari garenez, gomendioa lerratuko nieke Gerediaga Elkartekoei: arazoa diruz buruaskia izatea baldin bada, azter dezatela Azokan bertan nork egiten duen negozioa. Eta zerga, haiei kobratu. Une honetan 600tik gora euro konbratzen da stand bakoitzeko. Gure kasuan, Susa-ren kasuan, lau stand ditugu eta ahoan bizarrik ez dut errentagarria zaigula esateko. Hori bai, lotsagarri iruditzen zait, esate batera, Maiatz-i edo Igela-ri guri bezala kobratzea. Haientzat ez baita guretzat adina negozio. Eta sobra ere badakit Susa ez dela stand errentagarrien sailkapenean puntakoetakoa. Beraz, zerga kobra dezagun irabazien arabera. Ez al litzateke logikoagoa? Luzien Etxezarretari edo Xabier Olarrari, bi izen besterik ez aipatzearren, Argizaiola Saria jaso ahal izateko 75 urte bete ditzaten baino lehen, ez al dira moduak haien merezimendua aitortzen hasteko, 2005an bertan nahi izanez gero. Eurek ordaindu barik izan dezaten ni prest nago Susari gehiago kobratu diezaioten. Baina, zenbateko zerga kobratu behar litzaieke best-sellerren ekoizle diren argitaletxeei?
Eta espainolezko liburuak saltzen dituztenei? Berdineko zerga ordaindu behar al dugu euskaraz ala erderaz ekoitzita? Ez ditut oso ondo ulertzen diskriminazio positiboaren teoriarekin egiten diren malabarismoak. Eman dezagun, espainolez egin daitekeela euskal kulturaren alde. Bale, konforme. Baina zerga handiagoa ordain dezatela.
Egia esan, aukera bat baino gehiago bururatzen zaizkit, Azokaren etorkizuna bermatze aldera, bisitariei Azokarako sarrera kobratzen hasi aurretik.

Ikusentzunezkoak nagusitzen direlarik ere

Filed under: — gaztelumendi @ 10:12 am

Zapatuan hasi zen azoka. EITBren set delako horretan egoteko aukera izan nuen, lehen ordua, azoka hasi eta gutxira. Big brother sentsazioa hartu nuen, goitik dena ikusten baita, ia dena. Azoka bere luzean, bere zabaleran. Eta ez da txikia gure azoka barri hau, gero!
Faktoria irratsaioan aritzen naiz zapaturo Internet eta Teknologia Berriak aipatuz. Eta asteon, zer egingo eta azokatik.
Esan dizuet, dena ikusten ahal nuen bertatik. Eta kaskoak buruan jarrita egin genuen konekzioa Miramonek eta Durangok. Berbaz hasi behar…. eta begiak dena hartu gura, plano orokor bat.
Lotsatuta aipatu behar nituen Teknologia Berriak Durangon. Euskal Herrian egiten denaren islada hau bada, nahikoa nuke, sei hilean behin programa bat egitearekin. Beraz, zerbait asmatu behar nuen, buelta eman behar nioke egoerari. Ziber Euskal Herri bat asmatu, birtuala egin… nik ez dakit zer. 8 stand txiki daude teknologia berriei lotuta, eta bat karnet bat egiteko da!
Hiruzpalau ordenadore pantaila, bi bafle txiki eta paperezko propaganda da gure teknologia berrien txokoa. Ondoan, aurrekoan esandakoa, Euskaltelen bideojokoak…
Zer esan? Zelan justifikatu gure kultura Teknologia Berrien aroan badoala, aurrera doan herri bat garela?
Baina bai, ikusentzunezkoak apurka apurka toki hartzen ari dira. Toki gero eta handiago, kontsumorako ekoizpen izateraino. Eta Durangon aipagarri zaizkit DVD euskarrian ekarritako produktuak. Batipat musikaren inguruko ekoizpenak izan dira, baina euskarri berrietara emateko jauzia ikusten da hor, asmo bat, gogo bat, beharrizan bat beharbada.

Bilduma lanak DVDetan

Fermin Muguruzak azken bost urteak batu ditu, Betagarrik zuzeneko kontzertu batzuk eta beste, pailazoek beraien aktuazioak, Entzunekoek Euskal Herriko talde mordo baten klipak, Gor disketxeak bere taldeak, Iruñeako Euskal Jai gaztetxekoek udako batailak…. eta jarrai nezake. Idatzi beharko ditut, apuntatu beharko ditut nonbaiten, jauzia delako zelanbait.

Bai, ikusentzunezko materiala sortzen ari gara. Apurka apurka. Baina ez dugu hori non erakutsi. Eta planteatzen hasi beharko gara.

Haur literaturaren aretoa
Eredugarria benetan. Azokak duen txokorik ederrena. Ez du zuzenean Gerediagak kudeatzen, Berbarokoak arduratu izan direlako urtez urte hori montatu, dekoratu eta mugitzen, eta aurtengoa benetan txalogarria da. Ez dizuet esango dekorazioa inoizko politena eta ikusgarriena denik, ez, propaganda ekintza batean arituko nintzelako. Baina itzela iruditu zait. Eta ez bakarrik, gurasoek liburuak eta bestelakoak bakarrik erosteko baliatzen dutelako umeak literatur haurtzaindegian itxita, baizik eta belaunaldi berriei egokitutako espazio bat delako, txapo!

Hori bera aldarrikatu behar dugu Teknologia Berriak eta ikusentzunezko ekoizpenetarako. Karpa txiki bat, adjuntatuta, athachment eginda, pantaila erraldoiak, musika jartzeko kabina bat, proiektoreak, eskenatoki txiki bat, lasai egoteko lekuak, wireless konexioa eta ordenadore batzuk… beharbada guk geuk egin beharko genuke proposamena, Interneteko langileen sindikatukook, ezta Juanra?

2004/12/4/

Durangoko azoka hasi da, biba festa!

Filed under: — gaztelumendi @ 11:26 pm

Goizeko 10etarako Durangon geunden hiru lagunak. Herrian kafea hartu eta txiri txiri abiatu gara autopistatik. Atoan heldu gara, egia esan. Parking-ean furgoneta laga eta stand guztia txukundu dugu, saltzeko prest jarri edo.

Buruan nekarren, Azokari buruz egunero idaztea. Durangoko Azokak ibilbide berria hasi du, tokia berria da (bigarren azoka du aurtengoa), tokia aproposa, tokia handia da, tokia gozoa da, atsegina. Bost egun eman behar ditugu berton, eta eroso egotea da kontua. Liburuak saltzeaz gain, jendeagaz berba egin, nobedadeak ikusi eta erosi, lagunak agurtu eta asmo ezberdinak buruan. Tartean, bertatik blog honetan idaztea. Horregatik, Azoka zabaldutakoan Euskaltel gunera abiatu naiz. Eta pantailak bazeuden, bai, baina denak telebista pantailak, bideojokoetarako.
-Eta ez dago ordenadorerik? itaundu diot iñoso laranjaz jantzitakoari.
-Ez, baina wifi dago. Erantzuna berak. To, XXI. mendea nik neure buruari. Wifi dago. Ah! bale, portatilagaz etorriko gara denok. Eta bideojoko erdaldunak instalatzen jarraitu du laranjadunak.

Bueno, ba gauean ekin beharko etxetik idazteari. Eta une batez ahantzi egin dut bloga. Eta literaturari jarri diot arreta. Liburuei. Saltzeari.

Goizean ez da jende askorik ibili. Baina gustura. Berbaz, jendea lehenengoz agurtzen. Apurka apurka hasi dira salmentak. Jendeak lehen kalendarioak erosi ditu, lehen idazle eta kantari ezagunak hurbiltzen hasi dira, eta boltsak betetzen ordurako.

Zara parta
Eta holan, bapatean, boltsa batzuk ikusi ditut, Bilboko denda haundietan ikusten diren bezalakoak, kartoizkoak eta soka lodidunak. Zarakoak izaten dira horrelakoak. Eta kalitateari erreparatzen niola, argazki ezagun bat boltsaren gainean inprimatua. Ni hemengoa naiz eta argazki hauxe:
Sarri
Ez nuen sinestutakoa ikusten. Ezin begira jarraitu. -Zer? galdetu diot nire buruari. Megadenda baterako izena asmatu dute hauek ala?! Xalbador, Urretxindorra, Bilintx eta orain Sarri hil digute. Estanpatu digute. Ni hangoa naiz letra txikiagoan. -Hori ere bai? Nongoa? Hangoa? Beraz, kondenatu dugu, hemengotu eta hangotu. Ez dut konprenitzen ahal. Berdin du.

Liburuak irakurri, burua arindu, jendeagaz berbetan jarraitu, aktibitatea behar nuen, zeozer egin. Eta holan heldu dira arratsaldeko 20:00ak. -Azoka itxiko dugu entzun dudan arte.

Palentinora joan, lankideak agurtu, jende ezagunari aupa esan, eta etxera etorri gara. Txiri txiri. Ezin sinistuta. Bihar beste egun bat.
Gabon.